Oriok badu itsas ondarea ezkutuan

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko uztailaren 17a

San Nikolas parrokiako atalaia Oriaren itsasadarra zaintzeko gure estrategikoa zen. (Aiora Larrañaga/Hitza) Bisiguaren Festan murgilduko da bihar Orio, eta herritarrei itsas giroa eta oriotarren tradizioa gogorarazteko, Ezkutuan dagoen Orioko itsas ondarea izeneko hitzaldia eman zuen astelehen arratsaldean Xabier Alberdi historialari zarauztarrak, Salatxo aretoan. Garai batean Orioko portua zegoen eremuan, hain zuzen ere. Izenburuan bertan ezkutukoari erreferentzia egiteak atentzioa eman zien hitzaldian bildu zirenei, eta ikusminaren aurrean izenburuaren esanahia argitu zuen Alberdik. «Itsas ondareaz hitz egiten dugunean, ikuspuntu murritza izaten dugu. Itsas jarduerarekin lotuta dagoena soilik hartzen dugu itsas ondaretzat», argitu zuen. «Itsas jarduerek ekonomian eta gizartean izan duten garrantzia gutxitzen joan da mendetan, baina Gipuzkoan, eta, batez ere, Orio bezalako tradizio arrantzaldun herrietan, itsas jardueraren garrantzia argi antzeman daiteke». Historialari zarauztarraren iritziz, «Orioko paisaia guztiz itsastarra da», mendeetan itsasoari eta Oria ibaiari lotuta bizi izan den herria izan baita. «Itsas ondarea benetako sistema zen garai batean. Herri osoaren egunerokoa, gizartea eta ekonomia horren inguruan sortu ziren». Itsas ondareaz hitz egitean itsasontziak, portua, kofradia, ontziolak edota arrantzarako tresnak itsas ondarea direla argi ikusi daiteke. «Dena dela, bada beste hainbat elementu itsas jarduera horrekin lotzen ez ditugunak, baina erlazio zuzena dutenak», adierazi zuen. «Horiek osatzen dute ezkutuko itsas ondarea». Dibertsifikazioa, bizirauteko Orioko ekonomia eta gizartea itsasoari lotuta egon da mendeetan. Herriaren kokapena bera ere itsasoarekin lotuta dagoela azaldu zuen Alberdik: «Zergatik eraiki zuten bestela herri oso bat arroka erraldoi baten gainean? Ez al litzateke errazagoa izango zelai lau batean erakitzea?», galdetu zuen, bere buruari erantzuteko. «Orioko alde zaharraren egitura ikusiz gero, argi dago Oriaren itsasadarreko eremu estrategiko batean, Bariko San Nikolas parrokia eta Donejakue Bidea ardatz hartuta, eraiki zutela hiribildua». Ildo horretan, itsasoarekin loturarik ez duten elementuak ikuskatzen direnean, ikuspuntua aldatu beharko litzatekeela uste du Alberdik. Baserriak, larre-soroak, errotak... horiek denak ere itsas ondarearen parte izan daitezke. «Orioko alde zaharrean barrena paseotxo bat ematen badugu, antzemango dugu itsasoak mendetan eman duen irabazietan barrena ibiltzen ari garela». Alberdiren iritziz, ezkutuko itsas ondarearen jatorria ulertzeko garrantzitsua da egungo gizarte egitura alde batera uztea, eta aitzinako herritarren lekuan jartzea. «Gaur egun pertsona bakoitzak ofizio bat izaten du, eta askotan hori oso garrantzitsua izaten da nork bere burua definitzerakoan. Dena dela, gizarte egituraketa hori XIX. mendetik aurrerakoa da. Lehen egoera oso bestelakoa zen; garai ezegonkorra zen, eta segurtasun falta horrek bizirauteko jarduerak dibertsifikatzeko joera sortzen zuen herritarren artean». Begiratu batean, baserriek ez dutela itsas giroarekin zerikusirik uste bada ere, «errealitatea oso bestelakoa» da. «Alde batetik, garai zaharretan baserritar asko udaberrian antxoatara joaten ziren edota uda partean hegaluzetara». Bestetik, baserri garrantzitsu asko itsas munduarekin lotuta sortu ziren kostaldean. «Baserri askoren ardatza txakolin eta sagardo ekoizpena izaten zen. Edari horiek itsas giroan kontsumitzen ziren nagusiki, itsasontziak bezero garrantzitsuak izaten baitziren. Beraz, baserriek hasiera batean ez dutela itsasoarekin zerikusirik badirudi ere, horien jarduera ekonomikoa estuki erlazionatuta dago». Bestalde, egungo gizarteari ulertezinak zaizkion ohiturak ere ohikoak ziren garaian. «Dokumentu zahar batean irakurri nuen baleatara joateko ontzi ederra zuen armadore oriotar batek ontzia beste norbaiti alokatzen ziola. Ontzi horrek lortutako irabazien zatia ontziaren jabearentzat izaten zen. Dena dela, armadorea ez zen etxean geratzen, beste ontzi batean joaten baitzen arpoilari bezala. Gaur egun armadore garrantzitsua bat beste ontzi batean langile bezala joatea pentsaezina da», azaldu zuen Alberdik. Izaera berezia Eraikin erlijiosoak ere itsas ondarearen parte izan daitezke, eta Oriokoak dira horren adibide garbia. «Nondik eraiki zuten bestela Bariko San Nikolas parrokia bezalako eliza ikusgarria garaiko Orio osatzen zuten lau etxerentzat? Hori eraikitzeko dirua arrantza jardueratik lortuko zuten herritarrek. Orioko Kale Nagusian ikus daitezkeen etxe dotoreak ere Orion arrantzatik lortu den aberastasunaren adieragarria dira». Bestalde, argirik ez zegon garaian, esaterako, ermitak itsasontzientzat erreferentzia garrantzitsua izaten zirela adierazi zuen historialari zarauztarrak. «Gauean, beste argirik ez zegoenean, ermitetako argiak gidatzen zituzten arrantzaleak». Horretaz gain, askotan itsasoan gertatzen zena ikuskatzeko erabiltzen ziren eraikin erlijiosoak. «Askotan pentsatzen dugu talaiak itsas bazterrean egon behar dutela. Dena dela, garai zaharretan talaia sistema izaten zuen herri bakoitzak, gune estrategikoak zaintzeko», argitu zuen. Orioko San Nikolas parrokiako zimitorioa da horren adibide garbia. «Itsasotik urrun badago ere, Orion erribera Zakilaneko Aldapara iristen zen garaian, zimitorioa itsasadarra zaintzeko gune ezinhobea zen». Gainera, askotan erlijiosoak izaten ziren talaieroak. Hasiera batean itsas jarduerarekin zerikusirik ez duten industriak ere, itsasoari lotuta hedatu izan dira Euskal Herri osoan zehar. Burdinolak, esaterako, horren erakusle dira, mea itsasoz garraiatzen baitzuten. Sarikolako burdinola da horietako bat: «Gaur egun bete lana eginda badago ere, lehen ontziak Oria ibaian gora igo, eta burdinolaren ateraino iritsi zitezkeen». Aurreko adibideek erakusten duten moduan, Euskal Herrian zehar itsas ondarearen milaka adibide aurki baidaitezke ere, oro har Euskal Herria herri baserritarra bezala definitu izan da, eta itsastar ikuspegia alde batera utzi da. Xabier Alberdik hala uste du: «Euskal Herria herri itsastarra ere bada, eta arlo horretan euskaldunek lorpen garrantzitsuak izan dituzte, gainera. Herri batean kontakizuna sortzen denean, kontuan hartu behar da nork sortzen duen. Gure kasuan, euskal identitatea aztertu eta horren inguruan teorizatu duten adituak landa eremukoak izan dira, eta hori izan liteke alderdi itsastarra alde batera uzteko arrazoia». Alberdiren iritziz, herri baten etorkizuna definitzerako orduan ezinbestekoa da iragana, historia eta tradizioa aintzat hartzea. «Hortik abiatuta jakingo dugu zer garen eta zer izan nahi dugun. Horregatik, euskaldunok gure itsas ondarearen garrantzia aitortzeko lanketa sakona egin behar dugu. Gure ondareari guk geuk dagokion balioa ematen diogunean, lortuko dugu gainontzekoek Euskal Herria herri bezala prestigiatzea. Horretarako garrantzitsua da gure ondarea ezagutzea», azaldu zuen Alberdik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide