Ibilgailuentzat aparkaleku berria egingo du Orioko Udalak Munto eremuan

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko uztailaren 12a

Munto eremuan aparkalekua egokituko du Orioko Udalak. (Aiora Larrañaga/Hitza) Oriotarrek ibilgailuak aparkatzeko izaten duten arazoari aurre egitea da gune berriaren helburua. Autoa aparkatzeko arazoak egunerokoa bihurtu dira oriotar askorentzat. Lan eguna amaitu eta zazpietatik aurrera herrira itzultzen direnentzat askotan ezinezkoa izaten da aparkalekua aurkitzea. Arazoa larritu egiten da asteburuetan, hondartzara eguna pasatzera edo herria ezagutzera heltzen diren ehunka bisitariek hondartzan tokirik ez dagoela-eta herrian uzten baitute autoa. Herritarrek hainbat arrazoirengatik autoa mugitzen badute, berriz tokia aurkitzea oso zaila egiten zaie. Orion aparkalekuekin dagoen arazoaren jakitun da udala, eta hori dela eta Munto eremuaren lursail batean aparkaleku bat egokitzen ari da autoa aparkatzeko dagoen arazoari irtenbidea emateko. Herritarrei zuzendua Aurrikuspenen arabera, lursail horretan etxebizitza babestuak egitekoa zen Orioko Udala. Amaia Dorronsoro Obra eta Zerbitzu zinegotziak jakinarazi du: «Lur saila Orioko Udalarena da. Dena dela, gizartea murgilduta dagoen krisi ekonomikoa dela-eta ez dakigu etxebizitzak noiz egingo diren bertan. Horregatik, irtenbidea eman nahi izan diogu eremu horri eta doako aparkaleku bat jarriko dugu». Egun Mendibeltz futbol zelai ondoko aparkalekua da herriko garrantzitsuena, eta askotan hori ez da nahikoa izaten herrian biltzen den ibilgailu kopurua hartzeko. Beraz, irtenbidea aurkitu beharra izan du udalak. Dorronsorok azaldu duenez, aparkaleku berria oriotarrei zuzendu diote. «Herriaren erdigunean dago aparkalekua, eta uste dugu arnasgunea izango dela oriotarrentzat. Gainera, asteburuei begira uda partean ekitaldi asko antolatzen ditugunez, egun horietan aparkalekuekin izaten den arazoa arinduko dela uste dugu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide