Ikastetxeen arteko gatazka da oriotarren bizikidetza urratzen duen gaia

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko uztailaren 11

Bakeola Gatazketarako Bitartekaritza Zentroak Orioko bizikidetza eta giza eskubideen egoeraren diagnostikoa eta udal planaren diseinua izeneko azterketa egin du, Orioko Udalak eskatuta. Hori osatzeko Bakeolak hainbat bilera egin du herriko kultur eta kirol alorreko eragileekin, eta udaleko politikari eta teknikariekin. Orioko bizikidetza aztertu du Bakeola Zentroak. (Aiora Larrañaga/Hitza) Udalak beharrezko jo zuen azterketa egitea, azken urteotan hiritarren arteko bizikidetza «nabarmen aldatu» delakoan. «Indibidualismoa, kontsumismoa, lehiakortasuna, aldaketa sozialak eta beste hainbat faktorek pertsona taldeen eta elkarteen bizikidetzan zuzenean eragiten ari dira», azaldu dute txostenean. Azterketaren arabera, Orioko bizikidetza «positibotzat» jotzen dute herritarrek. Dena dela, bada zenbait gai oraindik ere herritarren artean gatazka sortzen duena; egoera politikoa eta ikastetxeen arteko gatazka, hain zuzen ere. Behin diagnosia eginda, Orioko Udalak emaitzak esku artean ditu, eta hurrengo urratsa Orioko bizikidetza hobetzeko ekintza plana egitea izango da. Horretarako, udalak diru laguntza eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari. Gainera, herritarrek Bakeola zentroak egindako txosten osoa eskuragarri dute www.oriora.com atarian. Politika eta hezkuntza Egoera politikoaz hitz egiterakoan bi alderdi nabarmendu dituzte herritarrek. Alde batetik, alderdien artean dagoen zatiketa nabarmendu dute, eta zatiketa hori harreman pertsonaletan islatzen dela ondorioztatzen; alderdien arteko harremanak herrian eragina duela, alegia. Bestetik, Euskal Herriko gatazka politikoaren harira, Juan Priede zinegotzia hil zuteneko 10. urteurrenean sortutako gatazka gogoratu dute. Orioko alkate Beñat Solaberrietak zera azaldu du: «Egoera politikoa normalizatzen ari den heinean konpontzen ari den gaia da gatazka politikoarena, eta datozen urteetan alderdi guztion artean urratsak egin beharko ditugu hori guztiz konpon dadin». Hezkuntza arloan ikastetxeen artean dagoen gatazkak arduratzen ditu Orioko arduradun politikoak. Elkarrizketatuek azaldu dutenez, «hori aspaldiko urtetatik dator, eta herri guztiari eragiten dio». «Ikasleak, irakasleak eta gurasoak tartean daudenez, herriak bizi eta sentitu egiten du gatazka». Herrian mobilizazio handien aitzakia izan da, eta kanpaina erraldoi bat egin zen Orion ikastola eta herri eskolaren arteko gatazka dela eta. Gatazka «oso pertsonalizatuta» dagoela eta zenbait kasutan Orioko Udala erdigunean jarri dela uste da. Orioko Udalak jakin badaki ikastetxeen arteko gatazkak herritarren artean giro txarra sortzen duena. «Dena dela, uste dugu gai horretan Orioko Udalak ez duela bitartekari lanik egin behar», argitu du Solaberrietak. «Ikastetxeei dagokie eseri eta gatazkaren inguruan hitz egitea. Haiek ados jartzen direnean, pixkanaka-pixkanaka herritarren artean sortzen duen benaketa ere desagertzen joango da», gehitu du alkateak. Urteak iraun duten gatazkez gain, une jakin batean oihartzun handia izan duten gatazkak ere izan direla nabarmendu dute txostenean. Duela sei urte Orion mezkita egingo zela jakinarazi zutenean, esaterako, iskanbila sortu zen bizilagunen artean. Orion mezkita egitearen kontra zenbait protesta egin ziren, baina gaur egun gatazka hura baretu da, eta bizilagunak eta mezkitako kideak arazorik gabe bizi dira, gertatutakoaz gogoratu gabe. Orioko alkatearen iritziz «garai horretan gaiak oihartzun nabarmena izan bazuen ere, egun komunitateen arteko bizikidetza ona da».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide