Aste hasieratik Orioko udal kanpinak bungalow zerbitzua eskaintzen du

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko uzt. 4a, 16:45

Azken hilabeteetan buru-belarri lanean jardun dute langileek dena prest egon zedin, eta astelehenean abiatu zuen Orioko kanpinak bungalow zerbitzua. Arduradunek adierazi dutenez, oriotarrek bungalowak bisitatzeko aukera izan dezaten ate irekien eguna izango da bihar, 10:00etatik 18:00etara bitartean. Orioko Kanpineko bungalowetako egongela. (Aiora Larrañaga/Hitza) Azken urteetan bisitarien artean hazten ari zen nahiari erantzuna eman diote, eta kanpineko «eskaitza borobildu» dute bungalowekin. «Gero eta gehiago ziren bungalowak bagenituen galdezka hots egiten zuten bisitariak. Inbertsio handia izan da, baina emaitzarekin oso gustura gaude», azaldu du Idoia San Sebastian Turismo teknikariak. Orioko Udal Gobernuak kanpina herriarentzat «estrategikoa» dela argi izan du agintaldia abiatu zuenetik, eta ildo horretatik garrantzitsua iruditu zitzaien bikaintasuna lortzeko bidean «eskaintza borobiltzea». Eskaintza zabala Denera 34 bungalow izango ditu Orioko kanpinak. Gela bakarrekoak edota bi eta hiru logela dituztenak eskaintzen dituzte, baita elbarrituentzat prestatutakoak ere. Guztiek izango dute auto batentzat aparkalekua, aterpea mahai batekin eta eserlekuekin, telebista, parrilla eta sukaldea, sukaldeko tresneria, hozkailua, kafegailua eta mikrouhin labea. Orioko kanpineko bungalowen kanpoko itxura. (Aiora Larrañaga/Hitza) Orioko Udaleko Turismo arduradunek Euskal Herriko, Frantziako eta Espainiako kanpin ugari bisitatu dituzte, haietako bungalowak aztertu eta Oriorako egokienak izango zirenak aukeratzeko. «Hasieran gutxi batzuk jarri, eta horiek izaten zuten erantzunaren arabera eskaintza zabaltzen joatea izan zen gure asmoa». Dena dela, bideragarritasun plana eta hainbat azterketa egin zuten, eta eskaintza berriak erantzun ona izango duela ondorioztatu zuten. «Beraz, egokitzapen lanak egin, eta bungalow guztiak denak batera jartzea erabaki genuen» azaldu du turismo arduradunak. Inbertsio garrantzitsua izan da, baina kanpinarentzat eta Oriorentzat «ona» izango dela ziur daude. Denboraldia luzatuz Orioko Turismo teknikariaren esanetan, oro har familiak dira kanpineko bezero nagusia. «Goi denboraldian kanpina bete-beteta izaten dugu, eta familiak izaten dira nagusiki oporraldia pasatzera kanpinera etortzen direnak. Bungalowak ere soslai hori duten bezeroei zuzenduko dizkiete. «Bungalow eskaintzarekin gure asmoa denboraldia luzatzea da. Uztailean eta abuztuan eguraldiarekin asmatzea errazagoa izaten da, eta kanpina beteta izaten dugu. Maiatzean, ekainean eta irailean, berriz, zer eguraldi egingo duen ez jakiteak etxean geratzera bultzatzen ditu askotan herritarrak. Aurtengoa da adibide garbia, oso udaberri kaskarra egin du eta asteburu batean soilik bete zaigu kanpina. Uste dugu erdipurdiko eguraldiarekin bungalowetan egun batzuk pasatzea errazagoa dela bisitarientzat». Dagoeneko badituzte erreserbak hurrengo asteetarako. «Lehen denboraldia erritmoa hartzeko denboraldia izango da, eta ikasten joatea da gure asmoa».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide