Uberari jarraipena, petriletik

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko uztailaren 4a

Arraun munduan murgilduta dabilen jende askorentzat oriotarrek arrauna bizitzeko duten modua berezia da, barrutik ateratzen dena eta herri gutxietan ikus daitekeena; mendetako tradizioaren adierazpen garaikidea, hain zuzen ere. Izan ere, Orioko eta oriotarren bizimodua errioari eta itsasoari lotuta egon da beti: arrantzari, ontziolei,errioari eta arraunari. Kultura oso bat garatu da horien inguruan. Errioak garrantzi handia izan du arraunaren garapenean, eta oraindik ere tradizio horren isla antzeman daiteke oriotar askoren egunerokoan eta ohituretan. Astearte iluntzean ere oriotar koadrila bildu zen Orioko hondartzako petrilean traineruen entrenamendua jarraitzeko. (Aiora Larrañaga/Hitza) Negua igaro eta eguna luzatzen hasi orduko, Aste Santu ingurutik irail erdi aldera bitartean bada koadrila bat astelehenetik ostegunera iluntze partean Orioko ibaia adi-adi jarraitzen duena. Peña petril bezala ezagutzen ditu zenbaitek, eta ezagutzen ez dituztenentzat ere ez dira oharkabean pasatzen. «Aspalditik biltzen gara gu hemen. Petrila egin baino lehenagotik gaude hemen, hutsik egin gabe. Oriotarrok jaio direnetik izaten dugu arraunerako grina, txikitatik modu berezian bizi izan dugu arrauna, eta normala izaten da arraun denboraldia hurbiltzen ari denean traineruaren nondik norakoak jarraitzeko lagun artean biltzea». Arraunarekiko zaletasuna dute denek ezaugarri komuna. «Urtez urte koadrila handitzen joan da, eta Kontxako Estropada hurbiltzen ari den heinean gero eta jende gehiago biltzen gara. Giro polita izaten dugu, arraunaz hitz egin, traineruaren nondik norakoen inguruan jardun, eta entrenatzaile lanak ere egiten ditugu zenbaitetan. Ez gara gure artean beti ados jartzen, eztabaidak ere izaten ditugu. Horrelakoetan denok arrazoi izan nahi izaten dugu». Munduan gertatzen denaz ere aritzen dira, «mundua konpondu nahian». Traineruak adi-adi jarraituz Orioko trainerua ez ezik, Oria ibaian entrenatzen duten gainontzeko ontziak ere jarraitzen dituzte petriletik. «Neskak eta mutilak, denak». Traineruaren arraunketa aztertzeko argazkiak ateratzen dituenik ere bada koadrilan. «Petriletik traineruaren arraunketa ederki ikusten da. Urtero-urtero traineruak aurrera eta atzera ikusten ditugu, eta arraunketaren arabera nabari daiteke traineruak zein mailatan dauden; baita hilabeteak igaro ahala izaten duten bilakaera ere». 2013ko TKE Liga hasi baino lehen Peña petril-eko lagunek jakin bazekiten aurtengoa denboraldi «ona» izango zela oriotarrentzat. «Aurten pare honetan traineruak lehen serieak jo zituenean, denboraldian zehar ondo ibiliko zen tankera hartu genuen». Dena dela, aurreko denboraldia KAE1 mailan jokatu ondoren TKE Ligan punta-puntan ibiltzea albiste pozgarria izan da eurentzat. «Bagenekien ondo ibiliko zirela, baina bigarrenak izango zirenik ez genuen espero. Aitortu beharra dago Kaiku, Urdaibai eta Orio oso parekatuta daudela, eta laugarren postuan sailkatuta dagoen Tirani hamar puntu inguruko aldea atera dio dagoeneko». «Bandera irabazteko 10 segunduren bueltan lehian dabiltzan traineruek izaten dituzten bandera etxera ekartzeko aukera. Horregatik, aurten banderaren bat lortuko dutela uste dugu», diote Peña petril-eko kideek. Esperantzatsu daude oriotarrak. Arraunzaleek Zarauzko estropada traineruen maila ezagutzeko erreferente moduan hartzen badute ere, ligako lehen jardunaldiak ere oso garrantzitsuak direla uste du oriotar taldeak. «Ligan zehar erregularra izan behar da. Liga gaizki hasten duenarentzat zaila izaten da postuetan gora egitea. Horregatik, garrantzitsua da ohorezko txandan sartzea, goi mailakoekin lehiatu eta banderak irabazi ahal izateko. Gainera, denboraldia gaizki hasten denetan traineruaren maila hobetzeko proba eta aldaketa ugari egiten dituzte, eta askotan kalterako izaten da, denbora galtzen baita», adierazi dute oriotarrek. Oriotarren sentimendu horia Hasieran estropadek taldeen arteko apustuak eta erronkak oinarrian bazituzten ere, herrien arteko berezko lehiak gizon onenez osatutako taldeak sortzea ekarri zuen. Ordutik herriaren ohorea defendatzeko grina izan da estropaden oinarria. Oriok bere historian zehar lortu dituen garaipenen atzean herritar askoren sufrimendua eta sakrifizioa dago, eta bi faktore horiek herritarren zaletasuna gero eta handiagoa izatea lortu dute. Oriotarrek berea sentitzen dute traineru horia. Horregatik, duela bi urte Orioko traineru nagusiak denboraldi txarra egin eta mailaz jaitsi zenean, kolpe gogorra izan zen oriotarrentzat. «Uda oso luzea izan zen, estropada joan estropada etorri aurrera ez zutela egiten ikustea ez zen samurra izan», diote Peña petril-ekoek. Arraun munduan aldaketa Peña petril-eko lagunentzat asko aldatu da azken urteetan arrauna. «Arraunean egiteko modua ez da gehiegi aldatu, itsasoa ere beti bera da. Aldatu dena arraunaren mundua da, ingurua; baita arraunlariek arrauna bizitzeko modua ere. Lehen bakoitzak bere etxean jokatzen zuen, nork bere koloreak defendatzen zituen. Azken urteetan, berriz, arrauna profesionalizatu egin da. Mutilei ere lehen baino askoz gehiago eskatzen zaie». Orioko koadrilaren iritziz, gaur egun dirua duten taldeek batetik eta bestetik arraunlariak fitxatu eta banderak irabaz ditzakete. «Gipuzkoako taldeentzat krisi garaia banderak irabazteko garai aproposa da, harrobia lantzen duten taldeak baitira. Ez dute beste taldeetatik arraunlariak fitxatu beharrik, beren etxean egindako arraunlariak baitira onenak. Gainera, ez dira beste taldeetatik etorriko arraunlariei dirua eskainiz, eta etxeko arraunlariek ez dute beste taldeetara alde egingo. Orio, San Juan, San Pedro... horientzat denentzat mesedegarria da egoera ekonomikoa txarra izatea». Gaur egun, esaterako, joera hori antzematen dela uste dute oriotarrek. «Dirua barra-barra izango balitz, Kantabriako taldeak izango lirateke punta-puntan ibiliko liratekeenak». Bestalde, emakumezkoek arraun munduan gero eta oihartzun handiagoa izatea albiste ona dela uste dute oriotarrek. Izan ere, azken urteetan emakumezkoen traineru estropadak gero eta ezagunakoak egin dira, eta Orioko koadrilak neska arraunlarien ubera ere adi-adi jarraitzen du. «Gero eta maila hobea dute emakumezkoen traineruek. Denboraldia hasten denetik amaitzen denera arraunketan bilakaera ikusten dugu guk».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide