Herriko kirolari gazteen lana aitortu du Orioko Udalak

Onintza Lete Arrieta 2013ko uztailaren 1a

Diploma jaso zuten taldeetako kirolari bat, eskerrak emateko unean (Onintza Lete Arrieta/Hitza) Diplomak sofboleko, arrauneko, futboleko eta saskibaloiko hainbat talderi eman zizkioten atzo iluntzean, denboraldian lortutako emaitza onengatik. Sofboleko seniorrek bigarren postua lortu dute ligan, eta haientzat izan zen aurrenekoa; hurrengoak arrauneko kadete neskentzat eta kadete mutilentzat izan ziren, Espainiako txapeldun izan direlako. Futboleko kadete neskek ere jaso zuten, kategoriaz igo direlako, eta saskibaloian beste hiru diploma jaso zituzten. URSA taldearentzat izan zen bat, ligako txapelduna izan delako, eta ZAST taldeko kadete eta junior oriotarrentzat beste biak. Talde horietan hainbat oriotar ari dira jokatzen, eta kadeteek, esaterako, Euskadiko Txapelketa irabazi dute. Atzo iluntzean izan zen ekitaldia udaletxeko udalbatzar aretoan. San Pedro jaien barruan etenalditxoa egin, eta kirol ekitaldiari tartea egin zioten. Beñat Solaberrieta alkateak eta Jon Agirresarobe zinegotziak hartu zuten hitza, kirolari gazteek aurtengo denboraldian egin duten lana goraipatzeko. Neskek egin duten lana nabarmendu zuten bereziki, eta kirolariak animatu zituzten lanean jarraitzera eta kirolaz gozatzera. Klubetan lan isila eta boluntarioa egiten duten guztientzako esker oneko hitzak ere izan zituzten. Herriko kirola bide onetik doala esan, eta horrela jarraitzeko esan zieten kirolari gazteei. Udalbatzar aretoa jendez bete zen (O.L.A./Hitza)  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide