Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gero eta gehiago dira triatloiak harrapatu eta pixkanaka-pixkanaka hiru kiroleko frogan murgiltzen ari diren herritarrak. Horren jakitun da Orioko Herri Ikastola eta horregatik azken urtetan triatloi herrikoia antolatu izan du San Pedro Jaien baitan.
Aurten marea ordutegia dela-eta ezinezkoa izango da ostiral arratsaldean triatloia antolatzea; dena dela, horren ordez duatloia antolatu dute eta korrika eta bizikletan arituko dira parte-harzatileak.
Hiru kategoria bereiztu dituzte antolatzaileek. Lehen Hezkuntzako 4. 5. eta 6. mailako ikasleek 800 metro korrika, bi kilometro bizikletan eta 600 metro korrika egingo dituzte. DBHko ikasleek mila metro korrika, hiru kilomtero bizikletaz eta 800 metro korrika izango dituzte aurretik eta 16 urtetik gorakoek 1.800 metro korrika, 6 kilometro bizikletaz eta mila metro korrika osatu beharko dituzte.
Kaskoa beharrezkoa
Orioko duatloi herrikoian parte hartu nahi dutenek asteazkena izango dute proban izena emateko azken eguna Karela Kiroldegian eta Ikastolan bertan. Antolatzaileek ekimenean parte hartzera animatu nahi dituzte oriotarrak, distantziak motzak izango direnez duatloia zer den ezagutzeko aukera aproposa izango dela uste baitute. Duatloian parte hartzen dutenek bizikletarako proba egin ahal izateko kaskoa eraman beharko dute.