Ainara Larraza: «‘Play off’-a irabazteko asmoz joango gara asteburuan Bartzelonara»

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko eka. 19a, 04:00

(Aiora Larrañaga/Hitza) OBB Orioko Bate Bizkorrak sofbol taldea une gozoa bizitzen ari da. Aurten 20. urteurrena ospatzeaz gain, Espainiako Ohorezko mailako txapelduna izateko play off-a ari da jokatzen. Gainera, taldeko zazpi jokalari deitu ditu Espainiako selekzioak udan Europako Txapelketa jokatzeko. Orioko sofbolak bizi duen garai garrantzitsuari buruz hitz egin du Urola Kostako Hitza-k Aianara Larraza (Orio, 1986) jokalariarekin. OBB sofbol taldeak Espainiako Ohorezko mailako play off-a jokatu zenuten asteburuan. Zer moduz joan zitzaizuen? Etxean jokatu genituen play off-eko lehenengo bi partidak, eta biak galdu genituen. Gure asmoa horietako bat irabaztea zen, baina ez zen posible izan. Bigarren partida oso parekatua izan zen, baina ez genuen garaipena lortu. Hurrengo partida larunbat arratsaldean jokatuko dugu, Bartzelonan, eta irabaziz gero igandeko bi partidak jokatzeko aukera izango dugu. Badakigu ez dela erraza izango, baina haiek Orion bi partida irabazi badituzte, guk ere hiru irabaz ditzakegu, pareko maila baitugu. Gu play off-a irabazteko asmoz joango gara Bartzelonara. Hilabete barru Erreginaren Kopa jokatuko dugu, eta txapelketa horri begira garrantzitsua da guretzat play off-ean maila ona ematea. Ligan zehar oso emaitza ona lortu duzue, eta erregularrak izan zarete. Zer gertatu da azken txanpan? Azken partidetan jaurtitzaile bat zauritu egin zen, eta ezusteko horrek eragina izan du emaitzetan. Horretaz gain, kontuan hartu behar da astero bi partida jokatzea erritmo gogorra dela. Igandero, 09:00etatik 15:00ak arte aktibo egon behar dugu, eta horrek, astea joan astea etorri, gainkarga handia sortzen du. Orio herri txikia izanda, harrigarria da bertako sofbol taldea estatuko goi mailan aritzea. Zein izan da hori lortzeko sekretua? Denbora eta esfortzua dira horretarako sekretua. Sofbolean ez dago dirurik, eta taldean lan egin edo jokatzen dugun guztiok musu truk egiten dugu. Oso garrantzitsua da Patxi Arnal entrenatzaileak egiten duen lana, ordu asko eskaintzen baitizko sofbolari. Elena Etxeberria elkarteko presidenteak ere buru-belarri lan egiten du taldeak aurrera egin dezan. Harrobia da gure giltza. Sofbola atsegin duten haur eta gaztetxoek kirola ondo ikas dezaten ordu asko sartzen ditugu. Epe luzera emaitzak emango dituena lana eta esfortzua da. Ezinbesteko lana iruditzen zaigu hori, gaztetxo horiek baitira gure etorkizuna. Beheko mailetan lan asko eginda bakarrik lortuko dugu OBB Sofbol Taldeak etorkizunean ere goi mailan jarraitzea. Aitortu behar da ez dela erraza gaztetxoak sofbolera hurbiltzea, Orio herri kirolaria izanik eskaintza oso zabala baita. 20 urtetan sofbolak garapenik izan al du Orion? Azken lau urteetan, Patxi Arnalek talde nagusiaren ardura hartu zuenetik hiru aldiz jokatu dugu play off-a. Nik 12 urte daramat sofbolean jokatzen, eta ordura arte ez nintzen iritsi play off-a jokatzera. Nik uste dut hobekuntza nabarmena izan duela sofbolak Orion. Bestalde, aitortu behar da kirol olinpikoa zenean federazioek diru gehiago zutela, eta gehiago inbertitzen zela. Gure kasua, ordea, desberdina da. Gu talde txikia izan gara beti, eta ez dugu diru askorik izan. Hala ere, genuena ondo kudeatu dugu, eta lan eta esfortzu handiarekin goi mailara iritsi gara. Lehen esan dudan bezala, lana da emaitza onak lortzeko sekretua. 20 urtean oriotar ugarik jokatu dute sofbolera. Taldearen urteurrena ospatzeko ekimen berezia antolatzen ari zarete, ezta? San Pedro jaietan sofbolean aritutako herritarrekin txapelketa bat antolatu nahi dugu. Elena Etxeberria ostiralero 18:00etatik aurrera biltzen da Mendibeltz zelaian sofbol jokalari ohiekin, eta helburua denon artean txapelketa bat antolatzea da. Ahal den jende gehiena bildu nahi dugu, eta herritarrak hitzordura gonbidatuta daude. Partida jokatu ondoren, parrillada eta festatxo bat egingo ditugu, 20 urte pasa ondoren sofbola Orion bizi-bizirik dagoela ospatzeko. Bileretara etorri ezin dutenak, egunean bertan ere azal daitezke hitzordura. Espainiako selekzioak OBB taldeko zazpi jokalari aukeratu ditu Europako Txapelketa jokatzeko, Praga. Albiste pozgarria izango da hori taldearentzat, ezta? Orioko taldea erreferente garrantzitsua izan da beti selekzioarentzat, baina aurten inoiz baino jokalari gehiago deitu gaitu jokatzera. Oso pozik gaude, Ohorezko maila jokatzen dugun taldeetatik Oriokoa izango baita selekzioan ordezkari gehien izango dituena. Zer moduzko giroa izaten da selekzioan? Oso giro ona izaten dugu. Kontuan hartu behar da estatu mailan sofbola kirol minoritarioa dela. Hori dela eta, jokalariok elkar ezagutzen dugu, eta denboraldian zelaian aurkariak bagara ere, zelaitik kanpo oso ondo moldatzen gara. Selekzioak bidaiatzeko eta nazioarteko sofbolaz gozatzeko aukera eskaintzen digu. Jokalari bezala aberastu egiten gaituela uste dut nik. Europako Txapelketa irabazteko aukerarik ba al duzue? Oso oso zaila da hori, Alemaniako, Herbeheretako edo Errusiako selekzioak oso indartsuak baitira. Espainiako selekzioko lantaldean hainbat aldaketa egin dute aurten, eta helburua sailkapen orokorrean 5. edo 6. postua eskuratzea da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide