Orioko Udalbatzak Etxeluzea 159.975 eurotan erostea onartu du

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko ekainaren 11

Orioko Udalbatzak 159.975 eurotan Etxeluzea erostea onartu du azken udalbatzarrean, Bildu eta Orain udal taldeen aldeko botoekin; EAJ udal taldea abstenitu egin zen bozketan. Behin Etxeluzea eraikina erosita, Orioko Udalaren asmoa egokitzapen lanak egin eta eraikina txukuntzea da. «Eraikinak segurtasun aldetik zenbait gabezia du, eta horiek konponduko ditugu datozen hilabeteetan. Horretaz gain, gure asmoa gazteen eta Orioko Udalaren artean hitzarmen bat sinatzea da, Etxeluzearen kudeaketa eta erabilera arautuko duena», azaldu du Amaia Dorronsorok, Orioko Udaleko zinegotziak. Ondarea herriarentzat Etxeluzea erosteak Orioko gazteen beharrak asetzeaz gain, herriarentzat balio kulturala eta historikoa ere baduela nabarmendu du Orioko Udalak. «Oria ibaia ontziola garrantzitsuen kokagunea izan da historian zehar. Kontuan izan behar da hori. Testuinguru horretan Etxeluzea egur lehortegi moduan erabili izan da hamarkada askotan. Itsasontziak eraikitzeko erabiltzen zituzten egur oholak lokatz azpian sartzen zituzten, lehortu eta tratatzeko. Modu horretan, egur horiek itsasoan ez ziren uraren eraginez puzten», azaldu du Amaia Dorronsoro zinegotziak. «Etxeluzea Euskal Herrian geratzen den gisa horretako egur lehortegi bakarra da, eta garrantzitsua iruditzen zaigu Oriok ondare hori berreskuratzea», gehitu du Obra eta Zerbitzu batzordeburuak. Etxeluzea eraikina egokituko du Orioko Udalak segurtasun gabeziak konpontzeko. (Aiora Larrañaga/Hitza) Bestalde, Orioko udal kanpineko tabernaren eta dendaren ustiapena Amaia Gozategi Kortari esleitu zion Udalbatzak ahoz batez, «lehiaketako irizpideen arabera puntuaziorik altuena» lortu zuelako. Dena dela, lehiaketa publikoan parte hartu zuen herritar batek kexa agertu zuen erabakia hartzerako garaian jarraitutako prozeduragatik, eta «erabakia jakinarazteko orduan udalak izan dituen moduengatik». «Egoera zaila dugu, eta denboraz oso justu ibili zarete. Uste dut erabakia jakinarazteko beste bide bat jarraitu beharko lukeela Orioko Udalak. Ni neu pertsona bezala irainduta sentitu naiz. Mota honetako erabakiak udaletxean aurrez aurre esan behar direla uste dut, eta ez telefonoz», azaldu du zuen herritarrak. Miriam Uranga Turismo zinegotziak hartu zuen hitza herritarraren kexaren aurrean: «Udalbatzak erabakia hartu arte, ez zen ofiziala esleipena. Behin erabakia hartuta, datozen egunetan jakinaraziko zaizue puntuazioa, eta hori emateko kontuan izandako irizpideak». Orioko Karela Kiroldegiaren kudeaketa kontratuan hainbat aldaketa egitea ere onartu zuen Udalbatzak, Bildu eta Orain udal taldeen aldeko botoekin. Horren arabera, Karela kiroldegiaren kudeaketan oreka ekonomikoa ziurtatzeko, urtean 40.000 euro gehiago jarriko ditu udalak; 110.000 eurotik 150.000ra igoko du urtean kiroldegiari ematen dion diru kopurua. EAJ udal taldea abstenitu egin zen, usten dutelako Udalbatzak onartutako aldaketa «partxe» bat dela. EAJko zinegotzi Jon Redondok azaldu zuen, «kiroldegiaren kudeaketan konponbide osoa» behar duela. Udalbatzarrean zehar Orioko Bilduko zinegotziek batzordeetan parte hartzeko beharra nabarmendu zuten, eta EAJko zinegotziei batzordeetan parte hartzeko deia egin zieten. «Batzordeak baitira eztabaidatzeko eta udal taldeok elkar ulertzeko gunea».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide