Maiatzaren 15a eta 19a bitartean Orioko Udalak euskararen erabileraren kale neurketa egin zuen. Azterketaren arabera herritarren %66,37ak hitz egiten du euskaraz beren egunerokoan; duela bi urte baino 7 puntu gutxiago, hain zuzen ere. «Neurketa gora-beheratsua izaten da», dio Orioko Udaleko Euskara batzordeburu Jon Agirresarobek. «Urtez urte hainbat joera nabarmen antzematen da; haur eta gazteen artean euskararen erabilera hazten doala, esaterako. Gainontzean, berriz, urtetik urtera gora-beherak izaten dira».
Hala ere, datuak «kezkagarriak» direla aitortu du Agirresarobek. Alde batetik, haur eta gazteei dagokionean, emaitza «ona» dela uste du. Hala ere, «orokorrean behera egin dugu erabilerak, eta beherakada hori asko nabarmendu da 24 eta 65 urte arteko adin tartean. Azterketaren arabera, Orioko helduen erdiek hitz egiten dute euskaraz, eta horrek kezkatzen gaitu».
Orion, gaztelaniaz ere bai
Emaitzak kontuan hartuta, bi ondorio nagusi atera ditu Orioko Udaleko Euskara batzordeburuak. «Alde batetik, Orio euskararen arnas gunea dela esaten dugu, eta natural jardun dezakegu euskaraz herrian, baina gaztelaniaz ere bai. Hori hizkuntza gutxituarentzat kezkagarria da beti». Bestetik, hiztunei erreparatu behar zaiela uste du Agirresarobek. «Euskaraz hitz egiten ez duten helduak, denak ez dira euskaraz ez dakitenak, herrira etorri berriak. Gure artean badaude euskaraz ez dakitenak, baina askoz gehiago dira euskaraz jakin eta erabiltzen ez dutenak».
Kontzientzian eragin beharra
Orioko Udalak uste dute haur eta gazteen artean emaitza «ona» lortu eta helduen artean erabilera erdira jaisteak agerian uzten duela «hizkuntza ideologia» beharrezkoa dela. «Ez da hizkuntza jakitea soilik, ohituretan eragin behar da, eta horretarako herritarrok kontzientzia behar dugu. Hori lortzeko baliabideak eta tresnak eskaini behar ditu udalak».
Agirresarobereren iritziz, «herritarrek argi izan behar dute euskararen etorkizuna hiztunek euskara erabiltzeko ohituraren eraberakoa» izango dela. Ildo horretan, Euskaraz bizi-bizi egitasmoaren baitan euskaraz bizi nahi dutenentzat tailerra antolatu du Orioko Udalak. «Pasa den astean herrian euskaraz egiteko zailtasunak dauden eremuak identifikatu genituen, eta atzo hausnartu genuen zailtasun horiek nola gainditu. Euskararen kale neurketaren datuek oso argi adierazten dute jakitearekin bakarrik ez dugula ezer lortuko, eta kontzientzia landu behar dugula», berretsi du Jon Agirresarobek.
20 urtean bilakaera baikorra
Azken bi hamarkadetan euskararen erabilerak herrian izan duen bilakaera «baikorra» izan dela uste du Euskara batzordeburuak. «Duela bi hamarkadetatik euskararen normalizazioa lortzeko bidean Orion oso ondo egin dute lan eragileek eta udalek. Aurrerantzean gu ere horretan saiatuko gara». Udalak jakin badaki kale neurketak erronka berriak markatu dituela. Hala dio Agirresarobek: «Hurrengo erronka garbia herritarren kontzientzian eragitea izango da, eta hori lortzeko lanketa abiatu dugu jada».
AZTERKETA DATUTAN
Noiz egin da neurketa? Maiatzaren 15etik 19ra bitartean egin zen, Orioko kaleetan zehar.
Zer hartzen du kontuan neurketak? Zein ari den euskaraz, gaztelaniaz edo beste hizkuntzaren batean. Pertsonaren adin tartea eta gizonezkoa ala emakumezkoa den.
Zenbat jenderen jarduna hartu da kontuan azterketa egiteko? 3.997 herritarrena.
Emaitzak:
- Haurretatik %88,5ek egiten dute euskaraz.
- Gazteetatik %88,55ek egiten dute euskaraz.
- Helduetatik %55,87ek egiten du euskaraz.
- Hirugarren adinekoen %69,59k egiten dute euskaraz.
- Bataz beste, herritarren %66,37ek egiten dute euskaraz. Duela bi urte baino 7 puntu gutxiago.