Ohorea jokoan, 10x10 erronkan

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko maiatzaren 22a

Orioko taldeko hainbat korrikalari 10x10 erronkarako prestatzen. Lehen planoan, Kamel Ziani. (Aiora Larrañaga/Hitza) Herritarrengan kirolarekiko zaletasuna sustatzea izan da aspalditik Hossain Kaanacheren asmoa. «Duela lau urte 3x12 erronka antolatu genuen, eta harrera oso ona izan zuen, bai parte-hartzaileei dagokienean, bai kirol proba ikustera bildu zirenei dagokienean». Kirolarekin erlazionatutako jai giro hori berreskuratu, eta datorren larunbatean herriko plaza jendez bete nahi dute berriz ere. Horretarako, Orioko Arraun Elkarteak antolatu duen Garagardo Azokaren harira 10x10 erronka jokatu da. Oriotarren eta zarauztarren arteko erronka izango da, lasterketa, eta larunbat goizean jokatuko da, 11:30etik aurrera. «Hamar parte-hartzailek osatuko dute talde bakoitza. Horietako bakoitzak kilometro bat egin beharko du korrika, beste taldeko lasterkari baten kontra. Herriko plazaren inguruan zirkuitu bat osatuko dugu, eta horretan egin beharko dute korrika. Txanda bat bukatu eta bestea hasi bitartean, minutu bateko atsedenaldia izango dute parte-hartzaileek», azaldu du Kaanachek. Entrenamendu bateko unea (Aiora Larrañaga/Hitza) Hamar txandak betetzen dituztenean, parte-hartzaileen denborak batuko dituzte, eta hala jakingo da talde txapelduna zein den. Oriotarrei erronka Hasiera batean Hossain Kaanacheren asmoa berak oriotarrei erronka botatzea zen. «Nik hamar oriotarren aurka jokatu nahi nuen proba, kilometro bateko hamar txanda osatuta». Azkenean ezinezkoa izan da hasierako asmoa betetzea, Kaanachek lesio bat izan duelako. Hala ere, hasierako ideiari buelta eman, eta oriotarren eta zarauztarren arteko 10x10 erronka antolatzea «polita izango litzatekeela» iruditu zitzaion. «Taldeak osatzerako garaian nahiko argi izan nuen norengana jo behar nuen, eta asteburu horretan kirol proba dezente daudenez, zenbaitek ezezkoa eman badit  ere, talde politak osatu ditugu». 10x10 erronkan parte hartzekoak diren kirolariek «oso maila» ona dutela nabarmendu du Kaanachek. «Oriotarren artean onenak bildu ditugu. Zarauzko taldean ere onenetarikoek parte hartuko dute. Ikuskizuna ziurtatuta egongo da, beraz», adierazi du Kaanachek. Kirolzaletasuna sustatuz Oriotarren eta zarauztarren arteko lasterketak bi herrien arteko lehia pil-pilean jarriko du. «Ez dago saririk, norberaren ohorea dago jokoan». Kaanacheren iritziz, mota horretako norgehiagokak «oso aproposak dira herritarrak kirol munduan murgildu eta kirola egitera animatzeko, kirola festa bihurtzen baita». (Aiora Larrañaga/Hitza) Oriotarraren esanetan, lasterketa bat antolatu eta bertan nazioarteko goi mailako korrikalariak parte hartzen dutenean, oso zaila izaten da ikusleak haiekin identifikatuta sentitzea. «Herriko jendeak parte hartzen duenean, berriz, ikusleek adi-adi jarraitzen dute proba, familiakoak, lagunak edo ezagunak parte hartzen baitute. Ikuskizun aldetik asko eman dezake kirolak». 10x10 probarekin kirola egitearen garrantzia ere nabarmendu nahi du Hossain Kaanachek. «Kirola ona da adin guztietako pertsonentzat. Gizarteko beste hainbat esparrutan gertatzen den moduan, askotan kirola egitea ez da merezi duen moduan aitortzen. Norbaitek idazten badu, baina ez badu libururik argitaratu, jende gutxik aitortuko dio idazle izaera. Gauza bera gertatzen da kirolarekin ere;  ez da goi maila aritu beharrik kirolaria izateko», azaldu du oriotarrak. «Kirola egiten dugun guztiok gara kirolariak», dio Kaanachek horren harira, «eta kirolari, arteari, kulturari edota beste zaletasunei bezala garrantzia eman behar diogu, pertsona moduan aberasten baitigute».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide