Egitaraua
Maiatzaren 21a, asteartea.
- 18:00etatik 21:00etara Autobabesa mendian ikastaroaren lehen saioa emango dute kultur etxean. Ikastaroa doakoa da.
Maiatzaren 22a, asteazkena.
- 19:00etatik aurrera Egoitz Zubizarreta eskalatzaileak hitzaldia emango du kultur etxean. Patagoniako Cerro Torre: Ferrari bidea eta Poincenot orratza: Williams arrapala izango ditu hizpide.
Maiatzaren 23a, osteguna.
- 18:00etatik 21:00etara Autobabesa mendian ikastaroaren lehen saioa emango dute Kultur Etxean. Ikastaroa doakoa izango da.
Maiatzaren 25a, larunbata.
- 16:00etatik 20:00etara Kiroldegiko rokodromoa irekiko da adin guztietako haurrek erabili dezaten.
Maiatzaren 26a, igandea, Kukuarri Eguna.
- 09:30etik aurrera Kukuarrira irteera herriko plazatik abiatuta.
- 11:00etan Kukuarri mendiko tontorreko gurutzean meza izango da. Ondoren salda eta txorizo beroa banatuko dira.
Rokodromoa irekiko dute larunbatean kiroldegian. (Argazkia: Mikal Etxeberria)
Maiatzeko azken igandea Kukuarri Eguna izaten da Orion. Hitzordu garrantzitsua, mendia atsegin duten herritarrentzat. Ohitura da egun horretan Kukuarrin goiz pasa egitea.
Kukuarri Eguna aitzakiatzat hartuz, eta herrian mendi giroa sortzeko, Kukuarri Astea antolatu du Talai Mendi Mendi Elkarteko taldetxo batek. «Ikusten genuen inguruko herri askotan antolatzen zirela mota horretako ekimenak, eta aurtengoan taldetxo bat bildu eta Orion antolatzea erabaki dugu», azaldu du Mikal Etxeberriak, taldeko koordinatzaileak.
Egitarau zabala
Antolatzaileen helburua herritarrek ekimenetan parte hartu eta datozen urtetan ere Kukuarri Asteari jarraipena ematea da. «Oriotar askok atsegin dugu mendia, eta Talai Mendi elkarteak bazkide mordoa baditu ere, gutxitan elkartzen gara denok ekimen bateratu bat egiteko. Izan ere, bakoitzak bere kasara edo talde txikitan egiten ditugu irteerak. Kukuarri Astea mendizaleon bilgunea izatea gustatuko litzaidake».Kukuarri Asterako adin guztietako herrritarrei zuzendutako ekimenak antolatu dituzte. «Larunbatean haurrentzat rokodromoa jarriko dugu kiroldegian, eta haur eta gaztetxoak bertara hurbiltzea nahiko genuke. Herrian rokodromoa badugu ere, oraindik kirol ezezaguna da. Hori dela-eta polita iruditu zitzaigun mendi astearen baitan gaztetxoenei kirol hori probatzeko aukera eskaintzea», dio Etxeberriak.
Bestetik, gaurko eta ostegunerako antolatu duten
Autobabesa mendian ikastaroa ere nabarmendu dute antolatzaileek. «Ikastaroa doakoa izango da, mendi federazioaren bitartez antolatu baitugu. Uste dut garrantzitsua dela herritarrak ikastaroa aprobetxatzea, gutxitan izaten baita mota honetako ikastaroak doan egiteko aukera».
Kukuarri Eguna, igandean
Igandea Kukuarri Eguna izango da Orion, asteko egunik garrantzitsuena, eta aurtengoan Orioko plazatik Kukuarriko gurutzera igotzeko martxa antolatu dute. «Denok batera giro onean Kukuarrira igotzea nahi dugu. Garai batean ohikoa zen Kukuarri Egunean mendi horretara egun pasa egitea. Orain goiz pasa egiten da, eta giro ona sortuz, berriz ere Kukuarri Egunak lehen zuen indarra berreskuratzea nahi dugu», azaldu du Mikal Etxeberriak.