(Argazkia: Aiora Larrañaga)
Lore Berasaluze (Orio, 1982)
Karkara aldizkariko zuzendariak Orio eta Aiako hedabideak eta
Berria-k abiatu duten Zaindu maite duzun hori kontzientziazio kanpaina izan du hizpide UROLA KOSTAKO HITZA-rekin.
Zer helbururekin antolatu duzue ekimen bateratua?
Krisi garaian herritarrak euskal komunikabideen errealitateaz kontzientziatu beharra zegoela eta,
Berria-k proposatu zigun ekimen bateratua antolatzea. Gaur egun herritarrek komunikabide eskaintza zabala dute, eta Interneten
klik batekin eskura dituzte horiek denak. Ikusten genuen ez zegoela zerbait zaintzeko eta babesteko kontzientziarik herritarren artean, eta arlo hori lantzeko beharra ikusi genuen.
Karkara-k antzeman al du babes falta hori Orion eta Aian?
Karkara errotuta dago Orion eta Aian, baina kontzientziazio falta orokorra dela uste dugu. Ez da garai ona euskal hedabideentzat, eta aurrikuspenak ez dira hobeak.
Karkara-ren diru iturri nagusia ez dira diru-laguntza publikoak, publizitatea eta laguntzaileen ekarpena baizik; hala ere, hanka batek huts egiten badigu, Karkara-k ezingo du aurrera egin. Horregatik da garrantzitsua herritarren babesa.
Kontzientziazio kanpaina osatzerrakoan, ba al zenekiten zein bide jorratu?
Hasieran, zer egin erabakitzen hasi ginenean, ez genekin zein motako ekimenak antolatu, baina argi genuen kalera atera behar genuela, herritarren aurrean laguntza behar genuela aldarrikatzeko. Ohartu ginen Ruper Ordorikaren
Zaindu maite duzun hori mezua oso egokia zela guretzat, eta horri heldu genion. Herritarrei adierazi nahi diegu
Karkara eta
Berria ez badituzte zaintzen ez dituztela eskura izango, askotan zerbait galtzen dugunean ohartzen baikara zein garrantzitsua den guretzat.
Askotariko ekimenak antolatu dituzue, ezta?
Bai. Larunbat goizerako haurrentzat antolatu ditugun jolas eta tailerrak, esaterako, kazetaritzaren ingurukoak dira. Ikusi genuen ez zuela zentzurik guk puzgarrri batzuk jartzea; gure asmoa kontzientziatzea bada, ezinbestekoa iruditzen zitzaigun gure lana kalera atera, eta adin guztietako herritarrei erakustea. Haurren jolasak eta tailerrak egiten Txurrumuskik lagunduko digu, eta eskerrak eman nahi diegu kideei eskaini diguten laguntzagatik. Arratsaldean binakako lasterketa mistoa egingo dugu, eta bertan parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak. Lasterketa herrikoia izango da, eta parte hartzea da garrantzitsuena.
Egitaraua
Maiatzaren 16a, osteguna
- 19:00etan. Kultur etxean Euskal komunikabideen egoera eta etorkizuna izenburudun mahai-ingurua izango da. Berria-ko zuzendariorde Iñaki Petxarromanek, Orioko Euskara teknikari eta Karkara aldizkariko sortzaile Jabier Zabaletak, eta UROLA KOSTAKO HITZA egunkariko zuzendariorde Onintza Lete Orioko bizilagunak hartuko dute parte. Rikardo Uzkudunek gidatuko du.
Maiatzaren 18a, larunbata
- Egun osoan. Jolasen eta tailerren bidez haurrei kazetaritza hurbilduko zaie plazan. Horrela, kazetariaren lana gertutik ezagutzeko aukera izango dute.
- 17:00etan. Karkara-ren eta Berria-ren aldeko binakako lasterketa mistoa hasiko da. Kultur etxe atzeko plaztik abiatuko dira parte-hartzaileak. Ordu erdi lehenago, 16:30ean haurren binakako lasterketa hasiko da. Bi lasterketak herriko plazan amaituko dira.
- Ondoren. Barrikotea antolatu dute plazan bertan. Sagardoa txotxean edateko eta txorizo pintxoak jateko aukera izango da. Julen Alonso eta Maria Lasa trikitilariek alaituko dute giroa.