Motondo eremua berreskuratzeko proiektua atzeratu egingo da (Ane Olaizola/Hitza)
Iazko abenduan Orioko alkateak, Eusko Jaurlaitzako Bioaniztasun Zuzendaritzak eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ordezkariek Motondo paduraren berreskuratze proiektua aurkeztu zuten jendaurrean. Hasiera batean lehen fasea datozen hilabeteetan abiatzea aurrikusita bazegoen ere, Orioko Udalak jakinarazi du oraindik ez direla ados jarri, eta horretarako elkarrizketak egiten ari direla. «Motondoko berreskuratze proiketua abiatzeko udal talde guztiekin eta bertan parte hartuko duten erakunde guztiekin ados jarri nahi dugu. Horregatik, alde batetik, Udalbatzako kideak
gaia eztabaidatzen ari gara; eta bestetik, Orioko Udala Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Ur Agentziarekin hitz egiten ari da», azaldu du Beñat Solaberrieta Orioko alkateak.
Motondo eremua Europako Batasunak Natura 2000 Sarean sartzea onartu zuen, eta garrantzi komunitarioko leku izendatu zuen. Bestalde, iaz Eusko Jaurlaritzak Babes Bereziko Eremua kategoria eman zion. Ildo horretatik, Motondo berreskuratzeko proiektua abiatzeko bi diru-laguntza esleitu zioten Orioko Udalari. Hala ere, proiektua aurrikusitako epeetan burutzen ez bada «diru-laguntza hori galtzeko arriskua» izango luke Udalak. «Horregatik da garrantzitsua guretzat proiektua lehenbailehen abiatzea», zehaztu du Solaberrietak.
Hainbat iritzi Udalbatzak
Orioko Bilduk Motondo «hezegune izatea» nahi du. «Motondo berreskuratzeak herriari onura ekarriko diola konbentzituta gaude, ingurumen aldetik ez ezik, turismoa izango baita indartuta aterako den sektorea», azaldu du dute ordezkariek.
Bilduk Motondo berreskuratzeko proiektua «udalaz gaindiko administrazio batek kudeatu beharko duela» ulertzen du: «Ez dugu beste inolako oztoporik ikusten hau garatzeko. Administrazio horietako tekniko eta politikoak hau garatzea nahi baitute. Egungo egoera ekonomikoan diru-laguntzak lortu dira. Eta ez nolanahikoak. Natur baliabideak bizitzeko garaia dute herritarrek, eta, horregatik, proiektu honen inguruko erabateko aldeko apustua egiteko prest gaude Bildun», zehaztu dute.
Orain plataformatik ere Motondo berreskuratzearekin «guztiz ados» daudela azaldu dute. «Baina uste dugu proiektua ez dagoela presaka abiatu beharrik. Orioko Udalak Motondoko lurrak erosi zituen 2 milioi euro baino gehiagotan, eta orain proiektua presaka gauzatzen bada diru hori galdu egingo dugu», adierazi du Miriam Uranga Bilduko zinegotziak.
Orioko Udalaren aurrekontua kontuan hartuta, Orainen iritziz «2 milioi euro galtzea kalte handia» da. «Gainera, uste dugu Motondoren berreskuratze proiektua kudeatzea udala ez den beste adiministrazioei dagokiela, onura ere bailara osoarentzat izango baita. Beste proiektuekin egiten den moduan, proiektua gauzatzeko lur horiek desjabetu egin behar direla iruditzen zaigu, eta Orioko Udalari lur horien jabe izateagatik dagokiona ordaindu behar zaiola uste dugu. Horregatik, Orioko Udaletik diru hori berreskuratzen saiatu behar dugu».
EAJ udal taldea bestalde, proiektua «aztertzen» ari dela adierazi du Noemi Ostolaza zinegotziak. «Aranzadi Zientzia Elkarteak proiektua 2012ko maiatzerako egina zuen eta momentuan aurkezteko eskatu bagenuen ere, urte beteko atzerapenarekin aurkeztu digute; apirilaren 24ko batzordean, hain zuzen ere. Proiektu potoloa da, diru askoz hitz egiten ari gara, eta guk sakon aztertu nahi dugu erantzuna eman aurretik».