34 artisauren lanak egongo dira ikusgai eta salgai igandean Orion

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko maiatzaren 3a

Artisau askok postuetan bertan lana nola egiten dute erakusten dute (Nerea Uranga/Hitza) Kontsumo eta ekoizpen azkarra gero eta zabalduagoa dagoen gizartean, herritarrek gustura hartzen dituzte eskuz eta mimo handiz eginiko produktuak. Hori jakinda, eskualdean asko dira artisau azokak antolatzen dituzten udalerriak, eta datorren igandean, etzi, bitxiak eta gutiziak eskuratzeko aukera izango da Orioko plazan eta eliza inguruan. Xaboiak, bitxiak, beira, zeramika, larrua, aparteko jakiak eta opil eta gozokiak. Askotariko produktuak egongo dira ikusgai eta salgai; urtero bezala, gustu guztiak asetuko ditu Orioko Artisau Azokak. Artisau kopuru mugatua Orioko Kultura teknikari Uhaina Atxotegik azaldu duenez, 34 artisauk jarriko dute postua. Aurreko urtean adina parte-hartzaile izango ditu, beraz. «Urte sasoi honetan eguraldiarekin asmatzea zaila izaten da», aitortu du. «Horregatik, elizako zimitorioan eta plazako kiosko azpian zenbat postu sartzen diren hartzen dugu kontuan, kupoa zehazteko». Atxotegik azaldu duenez, urtero-urtero artisau askok ematen dute izena Artisau Azokan parte hartu ahal izateko. «Baina asko kanpoan utzi behar izaten ditugu, denentzat tokirik ez baitugu izaten». Azokan produktu aukera zabala izan dadin ahalegintzen da udaleko Kultura Saila.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide