‘Karkara’-k eta ‘Berria’-k binakako lasterketa mistoa antolatu dute Orion

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko apirilaren 26a

Euskal komunikabideek bizi duten krisi ekonomiko, sozial eta emozionalari erantzun nahian, Karkara herri aldizkariak eta Berria egunkariak binakako lasterketa mistoa antolatu dute maiatzaren 18rako. «Gure helburua herritarrak euskarazko komunikabideek bizi duten egoeraz jabetzea eta euskararen normalizazioa lortzeko bidean egiten dugun lan garrantzitsuaz kontzientziatzea da», diote antolatzaileek. Euskarazko komunikabideen proiektuen atzean «lan handia dagoela» jakinarazi nahi diete herritarrei. «Eta askotan hedabide handiekin konpetitzea zaila bada ere, goi mailako produktuak argitaratzeko egiten den lanaz jabetzea ezinbestekoa da. Horretarako, Karkara-k eta Berria-k kanpaina bateratua antolatu dugu», azaldu du Lore Berasaluzek, Karkara-ko zuzendariak. Bi ibilbide Eskualdeko hainbat herritan mota honetako lasterketak antolatzen badituzte ere, Orion binakako lasterketa mistoa antolatzen den lehen aldia izango da maiatzaren 18koa. Parte-hartzaileek neska eta mutilaz osatutako bikoteka egin beharko dute korrika hasieratik bukaerara arte. «Lasterketa herrikoia» izango da, eta oriotar guztientzat egokia izan dadin, bi ibilbide zehaztu dituzte. Alde batetik, ibilbide motzak 2,5 kilometro izango ditu. Karkara atzeko plazatik irtengo dira bikote parte-hartzaileak, Eusko Gudari kalean barrena joan, Bikamiotatik pasa, autopista azpian buelta hartu, eta ibai ondoko paseotik plazara iritsiko dira. Bertan amaituko da. Bestetik, ibilbide luzeak 4,5 kilometro izango ditu. Karkara atzeko plazatik abiatuko dira bikoteak eta hondartzara joan beharko dute korrikalariek Abaromenditik pasata. Ondoren kirol portu gaineko paseotik ibai ondoko paseoa hartuko dute. Abeslari kaletik pasata, Eusko Gudari kalea zeharkatu, eta frontoiko aldapa igoko dute. Pilliku plaza igaro, eta Kale Nagusitik behera herriko plazan amaituko dute lasterketa. Proba osoa egin nahi ez duten haurrek, ibilbideko edozein unetan sar daitezke lasterketara, jakinarazi dutenez. Norberaren dortsal diseinua Karkara eta Berria-ren aldeko binakako lasterketa mistoan parte hartu nahi dutenek Karela kirolegian, Orioko kultur etxean, Orioko Herri Ikastolan eta Zaragueta Herri Eskolan eman dezakete izena. Aian kultur etxean ere izango dute horretarako aukera. Bikote bakoitzak 10 euro ordaindu beharko du. Haurrentzat eta gazteentzat doakoa izango da, baina borondatea onartuko da. Dortsalei dagokionean ere izango du lasterketak berezitasunik; izan ere, dortsalak paperezkoak izango dira, eta beheko aldean izango dute zenbakia. «Dortsalaren espazio hutsa norberak bere gustura margotzea nahi dugu». Maiatzaren 18ko lasterketan dena primeran irten dadin, Karkara eta Berria bidegurutzeak zaintzeko eta trafikoa kudeatzeko boluntario bila dabiltza. Lan horretan lagundu nahi duten herritarrek Karkara-ra 943-83 05 27 telefono zenbakira hots egin edo karkara@karkara.com helbidera idatzi dezakete.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide