- Apirilaren 24ean, 19:00etan. Palabras magicas para romper un encantamiento Nikaraguako Iraultzari buruzko dokumentala botako dute.
- Apirilaren 25ean, 20:00etan. Afari-tailerra izango da gaztetxean. Eider Goiburu sexologo oriotarrak gidatuko du eta doan izango da.
- Apirilaren 26an, 21:00etan. Bertso-afaria izango da gaztetxean.
- Apirilaren 27an, 22:30ean. Arramazka etaKasik musika taldeek lan berriak aurkeztuko dituzte gaztetxean.
Orioko gaztetxearen sarrera (Aiora Larrañaga/Hitza)
Etxeluzea gaztetxeko kideek Kultura Astea antolatu dute apirilaren 27ra bitartean. Herritar orori irekitako ekimenak izango dira denak, eta oriotarrak gaztetxean biltzera animatu dituzte antolatzaileek.
Etxeluzea gaztetxean Kultura Astea antolatzen duten bigarren aldia izango da aurtengoa, eta aurreko urtean izan zuen harrera ona ikusita, ekimena errepikatzea erabaki dute kideek.
Hala, gaztetxean biltzen direnek astean zehar ekimen eskaintza zabalaz gozatzeko aukera izango dute.
Bertso afaria ostiralean
Ostiral gauerako berto afaria antolatu dute, eta Josu Sanjurjo,
Julen Zelaieta eta Ioar Tainta bertsolari nafarrek parte hartuko dute bertan. Hau izango da menua: kalabaza purea, haragigisatua, postrea, ogia, edaria, kafea eta kopa. Prezioa 10 eurokoa izango da. Antolatzaileek azaldu dutenez, afarian parte hartzeko txartelak Kalakari eta Kolon Txiki tabernetan edo Izarra arropa dendan daude salgai.
----------------------------------
(Ane Olaizola/Hitza)
«Gustuko ditugun gaiak lantzen ditugu Kultur Astean»
Egoitz Dorronsoro
Kultur Astean murgilduta dago Etxeluzea gaztetxea, eta bertako kide Egoitz Dorronsorok (Orio, 1992) ekimena izan du hizpide Urola Kostako Hitza-rekin.
Zer dela eta antolatu duzue Kultur Astea?
Aurtengoa ez da gaztetxean Kultur Astea antolatzen dugun lehen aldia. Iaz ere antolatu genuen, eta denera mota honetako astea antolatzen dugun laugarren aldia da. Aurreko urteetan izan duen harrera ona ikusita, garrantzitsua iruditu zaigu aurten ere errepikatzea. Izan ere, Kultur Astean gustuko ditugun gaiak jorratzen ditugu, horrela kulturaz janzteaz gain, antolatzen ditugun ekimenek praktikotasuna ardatz izan dezaten saiatzen gara. Gaztetxearekin lotura duten gaiak lantzea edota gizarte gaiak jorratzea ere garrantzitsua iruditzen zaigu.
Mota honetako ekimenek herritarrak gaztetxera hurbiltzea izaten al dute helburu?
Guk antolatzen ditugun ekimen guztiak herritar ororentzat irekiak izaten dira. Dena dela, herritar guztien gustuak asetzea ez dugu beti irizpide modura ezartzen egitasmoa bat antolatzerakoan. Badira ekimenak, bertso afaria edota kontzertuak bezalakoak, herritarren artean arrakasta izaten dutenak, eta horietan jende ugari biltzen da. Hala ere, beste hainbat gai lantzea ere garrantzitsua iruditzen zaigu eta hitzaldietan herritar asko biltzen ez bada ere antolatu egiten ditugu.
Ekimenen bat nabarmenduko al zenuke?
Biharko sexologia tailer-afaria antolatu dugu eta oso interesgarria izango da. Duela hiru urte ere antolatu zen, eta parte hartu genuenok oso gustura geratu ginen bertan ikasitakoarekin. Asko aberastu gintuen norbanako moduan eta talde mailan eta.