Sukaldaritzaren bidez umeen eta adinekoen arteko harremana sendotu nahi dute Orion

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko apirilaren 17a

Zaragueta Herri Eskolako hainbat ume errezeta libururarekin. (Argazkia: Zaragueta Herri Eskola) Orioko Udalak, Matia Institutuak, Farfara elkarteak, Orioko Herri Ikastolak eta Zaragueta Herri Eskolak elkarlanean, haurren eta adineko pertsonen arteko harremana sustatzeko egitasmoa abiatu dute. Horren arabera, otorduak prestatuz belaunaldien arteko harremana landuko dute Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailako ikasleek etxean. Otordua ardatz Zaragueta Herri Eskolako irakasle Marije Arzelusek «oso proiektu interesgarria» dela azaldu du, eta ikasleak eta gurasoak etxean aurrera eramatera animatu ditu, eskolaren izenean. Ikastetxeetan Berminghameko errezeta liburu bat banatu diete ikasleei. Matia Fundazioaren Berminghan egoitzako adinekoek emandako errezetekin osatu dute liburua. Ikasleek etxera eraman dute, eta helburua haiek adinekoren batekin errezeta prestatzea eta elkarren konpainiarekin une atsegina igarotzea da. Otordua prestatu ondoren, fitxa bat bete beharko du ikasleak, eta sukaldariak zein izan diren, zein osagai erabili dituzten eta nola prestatu duten zehaztuz. Arzelusen iritziz, ekimenaren bidez «haurrek eskolan lantzen dituzten ikasteko bideez gain, beste iturri batzuk ere badirela ikasiko dute. Ezagutzaren zuzeneko transmisioa, alde batetik, eta izandako esperientzia azaltzea bestetik». Ekimen «aberasgarria» Orioko Ikastolako zuzendari Zigor Saizarren iritziz, oso aberasgarria izango da ekimena ikasleentzat. Izan ere, «alde batetik, errezeta liburuak gure kulturaren parte den gastronomia jasotzen du. Janari azkarra gero eta ohikoagoa den garaian, haurrentzat aberasgarria da betiko janaria zein den eta nola prestatzen den ezagutzea. Bestetik, gaztetxoen eta adinekoen arteko harremana landuko da. Haurrek ikasiko dute adineko pertsonak esperientzia eta ezagutza handia duten pertsonak direla, eta errespetua zor zaiela. Horretaz gain, adinekoek umeengandik ere ikasiko dute egitasmoarekin». Saizarren aburuz, ekimenean parte hartuko duten lagun guztientzat izango da «aberasgarria» bertan ikasitakoa. Martxan den ekimena ez da ildo horretan Orion antolatzen den lehena. Orioko Ikastolako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak, esaterako, urteak daramate ikasturte amaieran Orioko Esperientzia Eskolako adineko ikasleekin tailerren bidez ezagutzak eta esperientziak partekatzen. «Gure iritziz oso positiboa da mota honetako jarduerak izatea, eta gaztetxoek nahiz adinekoek asko ikasten dute».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide