Imanol Makazaga: "Programazio ikasleontzat boluntarioa izan da proiektuan parte hartzea"

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko apirilaren 9a

(Argazkia: Imanol Makazagak utzitakoa) Imanol Makazaga (Orio, 1988) lanbide heziketako ikaslea Pragan (Txekiar Errepublika) lanbide praktikak egiten ari da apirilaren hasieratik. Dena dela, atzerrira abiatu aurretik Europa mailako robotika txapelketan lehen saria irabazi zuen oriotarrak, eta hilaren amaieran mundu mailako txapelketan izango da. Europa mailan robotika saria irabazi berri duzu. Europako First Tech Challenge-n, robotika txapelketarik garrantzitsuenean, bi sari irabazi ditut Mondragon Unibertsitateko Heziketa Zikloko Robotek taldeko kide bezala. Robot batekin Aliantza saria eta diseinuaren saria jaso ditugu. Europako txapelketa irabazita, apirilaren 24tik 27ra Ameriketako Estatu Batuetan Saint Louis (Missouri) hirian mundu mailako txapelketan parte hartuko dugu. Zer egiten du zuen robotak? Gure robotak lauki itxurako hesitura baten ertzean dauden uztaiak laukiaren erdian dagoen egitura batean—besoz osatuta dago— sartu behar ditu, epamahaiak ezartzen dituen arauak jarraituz. Horretaz gain, gure robotak aurkariaren robota altxatzeko gaitasuna ere izan behar du. Zein izango dituzue aurkari mundu mailako txapelketan? Mundu guztitik joandako lanbide heziketako eskolek eta unibertsitateek parte hartuko dute txapelketan. Apirilaren 24tik 27ra jokatuko da. Eskolako proiektua izan al da robota egitea? Robotek taldea goi mailako lanbide heziketa ikasten ari garen bederatzi ikaslek eta hiru irakaslek osatzen dugu. Sei ikasle diseinu arlokoak dira, eta haientzat eskolako proiektua izan da robota diseinatzea. Programazioko ikasleontzat, berriz, boluntarioa izan zen proiektuan parte hartzea. Hiru ikasle animatu ginen, eta buru-belarri lanean aritu gara. Azken asteetan robota hobetzen jardun duzue, ezta? Robotaren eginkizunetako bat beste robota altxatzeko gai izatea zen. Horretarako gure robotari arranpla bat ateratzen zaio, eta lagunaren robotak hori igotzen duenean, plataforma baten bidez altxa egiten du. Egitura sendoa izatea nahi genuen. Baina azkenean motorra erre egin zitzaigun, eta ez genuen lortu plataforma gora eta behera ibiltzerik. Horregatik, robotaren arlo hori hobetu dugu, eta beste hainbat xehetasun ere aldatu dugu, robota Saint Louiseko txapelketarako prest egon dadin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide