Martin Perona: «Matrakak elizak adina urte dituela entzun izan dut beti Orion»

Urola Kostako Hitza 2013ko martxoaren 22a

Martin Perona, matrakarekin (Aiora Larrañaga/Hitza)   Ostiral Santu goizaldean Orioko kaleetan barrena matraka jotzen dute, herritarrak esna daitezen. Horren arduradunetako bat da Martin Perona (Orio, 1950). Oriotarren artean ezaguna bada ere, Herritik kanpo jende gutxik ezagutzen du matraka. Oriokoa denak ezagutzen du matrakaren hotsa, baina askok ez dute inoiz bertatik bertara ikusi. Gaur bertan hartu dut matraka Ostiral Santu goizalderako prest izateko, eta garajeko atea irekita konpontzen ari nintzela, oriotar batek zer den galdetu dit. Zertarako erabiltzen da? Matraka erlojurik ez zen garaikoa da. Matrakak elizak adina urte dituela entzun izan dut beti herrian. Ostiral Santu egunean oriotarrei Kalbariotara deitzeko erabiltzen dugu. Goizeko hiruretan hasten gara matraka jotzen, eta bostak ingurura arte aritzen gara. Bi orduko buelta egiten dugu herrian. Dena dela, nik uste dut garai zaharretan beste funtzio batzuk ere izango zituela tresnak; pentsatzen dut ezbeharren bat gertatzear zegoela ohartarazteko ere erabiliko zutela. Komunikatzeko tresna izango zen, txalaparta eta kanpaiak bezala. Ostiral Santuan atera aurretik konponketak egiten al dizkiozu? Bai, pixkanaka hobetzen joan naiz. Pipiaren aurkako tratamenduak eman, gurpilak jarri, biraderari muga jarri edota mailuak konpondu dut. Urte asko ditu matrakak, eta mantendu gabe honezkero deseginda egongo litzateke. Jendea ateratzen al da Ostiral Santu goizaldean leiho eta balkoietara matraka entzuten dutenean? Lehen orain baino jende gehiago ateratzen zen matraka entzuteann, gaur egungo leihoekin ez baita etxetik lehen adina entzuten. Oriotar askori gustatu egiten zaio matraka entzutea, gure betiko ohitura baita. Bada jendea leihora irten ez, baina Ostiral Santu goizaldea leihoa guztiz itxi gabe uzten duena, ohetik matraka entzuteko. Kanpoko jendea asko harritzen da matrakarekin; zenbait haserretu ere egin izan zaigu gauean zarata ateratzen ari ginelako. Horrelakoetan pentsatzen dugu: Datorren urterako ikasiko dik! Nola funtzionatzen du matrakak? Mahai baten forma du, eta egurrezko mailu batzuk ditu. Matrakak albo batean duen biradera eragiten denean, mahaiaren izkinan kokatuta dagoen erreboi malkartsuak birak ematen ditu, eta mailuekin talka egiten duenean zarata gogorra ateratzen du. Egunez matraka entzuten denean ez du haibesteko zirrararik eragiten, baina gauez dena isil-isilik egoten denez, hotsa sekulakoa izaten da. Zuk noiztik jotzen duzu matraka Ostiral Santu egunean? Izango dira 53 urte matraka jotzen hasi nintzela. Mutil koskorra nintzenean, berriz, jo ez baina gau horretan matraka jotzen zutenak ikustera jaisten nintzen kalera, Kalbariotara joan aurretik. Gaur egun, urtero hiru-lau lagun biltzen gara goizaldean, eta herritik bira ematen dugun heinean jende gehiago ere animatzen da. Herriko ohitura zaharra bizirik mantentzea garrantzitsua iruditzen zaigu. Pena handia ematen dit ohitura galtzen ari dela ikusteak. Guk uzten dugunean, ez dakit matrakak jarraituko duen. Gazteek ez dute jarraitzeko intentziorik. Goizaldean tabernen gunetik pasatzen garenean zenbait gazte animatzen da une horretan bertan matraka jotzera, baina gainontzean ez dute interesik erakusten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide