Orioko arraunlari eta arraunzaleen ametsa errealitate bihurtu zen otsaila amaieran. Arraun elkarte zaharra desegin, eta hiru urtez lanean aritu ondoren, Arraunetxea Arraunketa eta Piraguismo Teknifikazio Zentroa aurkeztu zuten jendaurrean. Dena dela, kirol azpiegitura berria ikusi ondoren, haserrea eta deskontentua adierazi du hainbat oriotarrek. Arraunetxea egiteko Orioko Udalak 1.692.835 euro jarri du, eta hura mantentzea urteko 100.000 euro kostako da, eta hori gunea herritar guztiek erabili ahal izateko nahikoa arrazoi badela uste du hainbatek. «Oraingoz ez dugu erabileraren inguruko inolako eskaera formalik jaso, baina jakin badakigu herritarrek Arraunetxea erabiltzeko gogoa badutela, eta nahi dutela».
Otsailaren amaieran inauguratu zuten Arraunetxea (Aiora Larrañaga/Hitza)
Gaur egun, Orioko Arraun Elkarteak, Arraun eta Piraguismo Federazioek, eta arraunean eta piraguismoa federatuta dauden eta teknifikazioa egin nahi duten kirolariek erabil dezakete Arraunetxea. «Horretaz gain, aisialdirako zerbitzu bat abiatu dugu, nahi izanez gero, herritarrek beren ontziak biltegian gorde ditzaten. Izan ere, badakigu herriko sotoetan txalupa ugari daudela gordeta. Hori batetik. Bestetik, arrauna eta piraguismoa egin nahi duten herritarrek horretarako aukera izan dezaten, udalak berak flota bat ere izango du. Tasa bat ordainduta baliatu ahalko dute hori herritarrek».
Herritarrentzat ekimenak
Orioko Udal Gobernuarentzat «oso garrantzitsua» da Arraunetxearen erabilera zabaltzea. «Guk ez dugu nahi Orioko Arraun Elkartearen etxea bakarrik izatea. Azpiegiturak teknifikazioa egiteko prestatuta daude, eta, horregatik, eliteko kirolariek horretarako erabiltzea nahi dugu».
Bestalde, herritarrek Arraunetxea erabiltzeko aukera izan dezaten, askotariko ekimenak antolatzeko asmoa ere badu udalak. «Orio herri arraunzalea da. Hori hala, oriotarrek ekimen ekimenetan parte hartzea eta Arraunetxeaz gozatzea nahiko genuke».