(Aiora Larrañaga/Hitza)
Aiala Oronoz (Hondarribia, 1977) Filosofian lizentziatua datozen hilabeetetan Orioko memorian historikoa berreskurartzeko proiektuko ikertzailea izango da, Isabel Gonzalezekin batera. Oriotarrengana hurbildu eta horien bizipenak jasotzea dute helburu.
Zenbat denbora daramazue Orioko oroimen historikoaren inguruko ikerketa egiten?
Proiektuak fase desberdinak ditu. Lau Haizetara Gogoan gurekin elkartu baino lehen, Orioko kasuak dokumentatzen aritu da. Dokumentazio lana egin ondoren, kideak gurekin harremanetan jarri ziren. Metodologia ezagutu, eta urte hasieran hasi ginen haiek jasotako dokumentazioaren gainean lanean eta hori osatzen. Aurrerantzean herritarren ahozko testigantzak jasotzen hasiko gara.
Zer moduzko harrera izan duzue Orion?
Oraindik ez garenez hasi ahozko testigantzak jasotzen, jende gutxirekin izan dugu harremana. Dena dela, normalean oso harrera ona egin izan digute. Herritarrek beren kasua ezagutarazteko gogoa izaten dute, eta harrera ona izaten da. Norbaitek bere kasua kontatu ez nahi badu, ez dugu presionatzen, hitz egin dezan. Argi utzi nahi dut hori.
Herritarren laguntza garrantzitsua al da ikerketarako?
Herritarren laguntza ezinbestekoa da. Artxiboetan garaiko dokumentazioa aurkitu daiteke, baina beharrezkoa da herritarrek beren historia kontatzea, dakitena edota familian edo bizilagunari entzun diotena azaltzea. Bizipenak ezagutzeko modu bakarra herritarrekin hitz egitea da. Guk herriaren historia kontatu nahi dugu, herritarren kontakizunetatik abiatuta. Izan ere, ez da ahaztu behar herriaren historia herritarrek egiten dutela.
Mota guztietako testigantzak balio al dute?
Testigantza guztiak izango zaizkigu baliagarriak, baina entzun ondoren ikusi beharko dugu zertarako erabil ditzakegun. Badago adineko jendea garai horretan bizi zena, eta guretzat premiazkoa da elkarrizketa horiek lehen bailehen egitea, eta pertsona horien testigantza jasotzea. Bestalde, jazartutako pertsonak hil badira, familiakoak ere eman dezakete pertsona horiei buruzko testigantza. Errepresioa jasan zuten pertsonen inguruko informazio oro izango da ongi etorria. Herritarren batek gurekin harremanetan jarri nahi izango balu, udaletxeko harreran adieraziko diote zein bide jarraitu.
Zein prozesu jarraituko duzue testigantzat jasotzerako orduan?
Bi aukera egon daitezke. Alde batetik, guk kasua ezagutzen badugu, eta pertsona prest badago, elkarrizketa egin eta grabatu egingo dugu. Bestetik, kasua ezagutzen ez badugu, pertsona ezagutuko dugu lehenik eta behin eta pertsona horrek bere testigantza eman nahiko balu, bere testigantza kamerarekin grabatuko genuke. Elkarrizketa grabatzea nahi ez dutenen kasuan, Nazioarteko Giza Eskubideek legedia jarraituz, Protokoloa deitzen diogun 70 galderako galdetegi bat egingo diegu, beti ere pertsona horiek nahi badute.