Oriotarren bizipenak gogoan

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko martxoaren 14a

Historia irabazleen ikuspegitik soilik ezagutu izan da urte askotan. Testu liburuek ez dituzte jaso 1936ko gerraren ondorioz eta Frankismoan zehar herritar ugarik bizi zuten errepresioa. Gertakari horiek ofizialki ahaztuta geratu badira ere, herritar askoren oroimenean eta herriko memorian bizi-bizirik jarraitzen dute. Orioko zubia lehertu zuten 1936ko gerran. (Argazkia: Orioko Udala) Horiek jaso eta ikertzea da Lau Haizetara Gogoan Elkarteak eta Orioko Udalak elkarlanean abiatu duten Oroimena berreskuratzen Orion proiektuaren helburua. Orioren memoria historikoa berreskuratu, eta hamarkadetan isilpean igaro den herriko historiaren zati garrantzitsua argitara aterako dute horrela. «Errespetuz» jorratzeko gaia Orioko oroimen historikoa berreskuratzea garrantzitsu jo du Orioko alkate Beñat Solaberrietak. «Mimo handiz jorratu beharreko gaia da. Denbora asko pasa da ordutik. Denborak egoera samurtu egin du, eta gertatutakoaren pertzepzioa aldatu egin da, baina oraindik ere jendeari kosta egiten zaio 1936ko gudaz hitz egitea. Eta horregatik gaia mimo handiz eta errespetuz lantzea eskatzen diot Lau Haizetara Gogoan Elkateko kideei». Ildo horretan, Oroimena berreskuratzen Orion proiektua burutzeko nazioarteko legedia oinarri duen lan metodologia aplikatuko dutela azaldu dute Lau Haizetara Gogoan Elkartetik. «Justizia transizionala kontzeptuan oinarrituko dugu gure lan metodologia. Horrek zehazten du zein izan behar duten gutxieneko baldintza sozio-politikoak erregimen autoritario diktatorial batetik erregimen demokratiko batera igarotzeko». Trantsizioa benetakoa izan dela ebazteko, hainbat baldintza bete behar du. «Alde batetik, lehenik eta behin erregimen autoritarioa sustatu duten pertsonek egin dutenagatik kontu eman behar dute. Bestetik, erregimen diktatorialak ukatu eta bortxatu dituen eskubide indibidual eta sozio-politikoak berriz galdu ez daitezen bermatu egin behar ditu trantsizio prozesuak. Bi ardatz horiek bete ahal izateko egia ezagutu beharra dago, eta horretarako beharrezkoa da errepresaliatuak izan diren pertsonei zer gertatu zaien ezagutzea», azaldu du Lau Haizetara Gogoan Elkarteko kide Gotzon Garmendiak. Taldea sortzea helburu Egia ezagutzeko bidean Oroimena berreskuratzen Orion proiektuarekin errepresaliatu bakoitzaren espediente pertsonala sortu nahi dute. «Bertan dokumentu publikoen bilduma, dokumentu pribatuak, testigantza eta egongo balitz adituen txostena jasoko genituzke. Espediente hori errepresaliatuari edo bere familiari entregatuko zaio, eta baimena izanez gero, beste kopia bat udaletxeko artxiboan jasoko litzateke». Horretaz gain, bildutako dokumentazioarekin herri mailako kontaketa ere egingo dute ikertzaileek. Ikerketa prozesuaz gain, elkartearen asmoa datozen hilabeteetan ikertzaileen eta herritarren arteko zubilana egingo duen Orioko oroimen historikoa berreskuratzeko herri mialako taldetxoa sortzea da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide