Orioko Udalak eskerrak ematen ekin zion ekitaldiari. “Gizalegekoa da esker onekoa izatea, eta beraz, beste ezeren aurretik Orioko herriaren eta Orioko Udalaren izenean eskerrak eman nahi dizkiet Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Kutxa Gizarte Ekintzari, Espainiako, Euskadiko eta Gipuzkoako Arraun Federazioei, Gipuzkoako eta Euskadiko Piraguismo Federazioei eta egitasmo hau aurrera eramaten zuen hondar alea jarri duzuen guztioi”.
Orioko arraun historiari erreparatzeko, arraunlariak traineruan bezala, atzera begira jarri ziren eta Oriok Kontxako badian irabazitako lehenengo eta azkeneko banderekin –lehena 1901 urtekoa, eta bestea, 2007koa azaldu dira– agertu ziren Migel Angel Lizarralde Altxerri eta Irakoitz Etxeberria.
Ordubeteko ekitaldian bestelako pasarteak gogorarazi dituzte: Emen Gatoztik arraun klubaren sorrera, 1935ean oriotarren trainerua Kontxan hondoratu zenekoa, Orio Arraunketa Elkartearen sorrera, Olinpiar Jokoetan Orioko arraunlariek izandako parte-hartzea –Inazio Sarasua (1965), Jose Luis Korta (1980, Mosku), Jose Luis Agirre eta Ibon Urbieta (1988, Seul. Urbieta Bartzelonan ere izan zen, 1992an) edota Eva Mirones (2004, Atenas), Munduko Txapelketetan herriko arraunlariek lortutako dominak, ongi-etorriak eta Alironak, Albert Mainellaren eta Peter Carresen esku-hartzea, eta abar.
Iraganari erreparatzea beti izaten da ona etorkizuna eraikitzeko. Eta Teknifikazio Zentro berriak iraganetik edango badu ere, etorkizuneko arraunlariak eta piraguistak trebatzeko helburuarekin eraiki dute, besteak beste. Etorkizun oparoa, ordea, erabilerak emango diola azpimarratu dute inaugurazio ekitaldian.