Hossain Kaanache: «Igeri entrenamenduak izan dira triatloirako prestatzeko zati gogorrena»

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko otsailaren 22a

Hossain Kaanache (Orio, 1984) korrikalari oriotarrak garaipen ugari lortu ditu atletismoan 9 urtean. Aurten beste aldi bat hasi du, eta aurrerantzean triatloietan arituko da. Buru-belarri entrenatzen topatu du UROLA KOSTAKO HITZA-k Orioko kiroldegian. Lehen duatloia jokatu zenuen larunbatean. Zer moduzko sentipenak izan zenituen? Espero baino askoz hobeto joan zitzaidan, 20. postua lortu nuen. Orokorrean sentipen ona dut, baina aitortu behat dut une gogorrak pasa nituela proban. Korrika egitera ohituta nago, baina bizikletako zatia oso gogorra egin zitzaidan. Bizikletan nindoala bikiak bi aldiz igo zitzaizkidan, eta giharrak luzatzeko bi aldiz geratu egin behar izan nuen. Korrikako bigarren txandan ere geratu egin behar izan nuen, berriz ere bikiak igota. Korrika ez zait inoiz horrelakorik gertatu, ez krosean, ezta aldapetan ere. Larunbatekoa lehen lasterketa izanda, hobetu beharrekorik antzeman al duzu? Ni mundu honetan berria naiz, eta asko dut ikasteke. Trantsizioak azkar egiten ikasi beharra dut; korrika egitea bukatu, eta box eremuan bizikletako probarako prestatzeko une hori mekanizatu egin behar dut. Triatloientan dabiltzan kirolariek trantsizio hori 15-20 segundotan egin dezakete, eta nik, berriz, minutu eta erdi behar dut, ez nagoelako ohituta. Horretaz gain, kontuan hartu behar dut ez nagoela nire forma fisiko onenean. Jakin badakit nik nahi dudan forma fisikoa berreskuratzen dudanean ondo ibiliko naizena duatloietan. Triatloietan, berriz, igeriko proba egiteko adaptazio prozesua luzeagoa da, eta gehiago kostako zait. Zer dela eta erabaki duzu triatloien munduan murgiltzea? Korrika hasi baino lehen, duela bederatzi urte Leikeitioko Triatloia egin nuen. Beti gustatu izan zait mundu hori. Exijentzia handiko kirola da eta oso gorputz konpletoa izaten dute triatletek. Gainera, azken urtean konturatu naiz nire belaunak korrikako erritmoa ez duela jasaten. Atletismoa maite dut, baina jakin badakit maila antzekoa eman dezakedala triatloiean. Atletismoa ez dut guztiz baztertuko. Irailetik urtarrilera bitartean atletismo denboraldia egingo dut, eta urtarriletik uztailera arte triatloietan arituko naiz. Nola joan zaizu azken hilabetetako prestaketa? Igeri entrenamenduak izan dira prestaketaren zatirik gogorrena, baina laguntza asko izan dut. Triatloiean hastea erabaki nuenean, Rafa Gonzalez de Txabarriri aipatu nion triatloietan abiatzeko apustua egin nahi nuela. Rafa Gonzalez de Txabarrik beti bezala asko lagundu zidan, eta Hector Llanos triatletarekin harremanetan jarri ninduen. Azken honekin erlkarlanea entrenamenduak prestatzen aritu naiz. Horregatik, benetan eskertu nieke Gonzalez de Txabarriri, eta bereziki Llanosi uneoro eman didaten laguntzagatik. Baita Saltoki Trikideak taldeari eurekin aritzeko aukera eman didatelako. Denboraldiari begira, zein dira zure helburuak? Aurtengo denboraldirako markatu dudan helburua lortzen ari naiz dagoeneko, ikastea baita nire helburu nagusia. Jakin badakit helburu zehatzagoak ezartzeko goiz dela, kirola bertatik bertara ezagutu behar baitut hori egin baino lehen. Pasa den larunbatean Sopelanan jokatu nuen duatloian, esaterako, konturatu nintzen duatloia atletismoa ez bezala oso taktikoa dela. Korrika bihotzarekin egiten eta triatloia, berriz, asko pentsatu behar den kirola da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide