«300 lorpenen atzean dagoen lana datorkit gogora»

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko otsailaren 21a

(Aiora Larrañaga/Hitza) Joxemari Olasagasti (Orio, 1955) arraun zale amorratua da. Urteak daramatza Orioko Arraun Elkarteko hainbat lan musu-truk egiten. Estropadetako argazkiak eta emaitzak astebururo-astebururo biltzen eta zabaltzen ditu hedabideen artean, Orioko Arraun Elkartearen berri emateko. 300 garaipen lortu ditu Orioko traineruak. Zer datorkizu burura datu hori entzutean? 300 garaipen entzuten dudanean horren atzean dagoen sekulako lana datorkit burura. Orion modu berezian bizi da arrauna, eta arraunlarien, elkarteko arduradunen, boluntarioen eta familia askoren lana dago zifra horren atzean. Noiz hasi zinen kontaketa egiten? 1986an sartu nintzen Orioko Arraun Elkartean, eta garai hartan datuak bazeuden arren, ez zegoen horiek bildu eta antolatzeko  gaur egun duen tresneriarik. Arraun Elkarteko ardurak banatu, eta erabaki genuen elkartea arduratuko zela datu horiek guztiak behar bezala biltzeaz. Eta niri tokatu zitzaidan lan horren ardura. 1986tik aurrera, beraz, nik jasotakoak dira denak. Hala ere, esan behar dago aurreko datu asko Luis Azkuek Orioko arraunaren inguruan argitaratu zuen liburuan jasota bazeudela. Lan korapilotsua izan al da? Hasiera batean momentuko datuak bildu eta antolatu nituen, eta hori osatutakoan aurreko datuen inguruan galdezka hasi nintzen. Gabonen bueltan hil den Xabier Lauzurika Estrobo-k datu asko zituen traineru estropaden inguruan, eta nik interesa nuela ikusita, egun batean berak zituen datuen kopiekin etorri zitzaidan. Horiekin eta Luis Azkueren liburutik atera nuen informazioarekin osatu nuen datutegia. Teknologia berriak ere lagungarriak izango dira mota honetako datuak bildu eta antolatzerako orduan, ezta? Ordenagailuko kalkulu orri batekin, eskuz baino askoz errazago egiten da zenbaketa. Lehen koadernoetan eskuz egiten zuten lan hori, eta askoz ere konplexuagoa zen. Aurrerantzean ere datuak biltzen jarraituko al duzu? Orioko Arraun Elkarteko zuzendaritza 2005ean utzi nuen, baina ordutik elkartean laguntzen aritzen naiz beste herritar asko bezala. Arraun Elkarteko etxe zaharra desegin eta berria egiteko trantsizioan artxibo guztiak hankaz gora izan dira, eta nik pentsatu nuen orain arte bezala jarraitzea. Beti izan dut harreman ona elkarteak izan dituen zuzendaritza taldeekin, eta elkartean egunerokoan nahiko lan badagoenez, nire gain utzi dute zeregin hori. Gustura jarduten dut.

Orioko traineru nagusiak  300. garaipena lortu du, 1879an sortu zenetik Ezaguna da eskualdean eta Euskal Herri osoan oriotarrek arraunean izan duten ibilbide oparoa. Urte gora-beheratsuak ere izan dituzte tartean, baina herriak traineru estropadetarako grina beti mantendu du bizirik. Horien erakusle dira historian zehar Orioko traineru nagusiak lortu dituen 300 garaipenak. Pasa den larunbatean, otsailaren 16an, Hondarribiako Traineru Jaitsieran lortu zuen Orioko traineruak bere historiako 300. garaipena. Joxe Mari Olasagati aritu da datuak biltzen 1986 urtea geroztik. «1879tik Orioko traineruak 300 garaipen lortu ditu; horietatik 298 gizonezkoenak dira, eta bi emakumezkoenak», azaldu du. Olasagastiren iritziz datuaren aurrean izango dute herritarrek zeresanik. «Badirela, ez direla... Bakoitzak izango du bere iritzia, ikuspegia eta zeresana». Dena dela, «oriotarrak iritsi gara 300 garaipenetara». Denak ez dira banderak 300 garaipenetatik denak ez dira banderak. Horietatik 31 Kontxako Banderak dira; 161 bestelako banderak, 159 gizonezkoenak eta 2 emakumezkoenak. 18 trofeo daude, horien baitan sartzen dira Orioko traineru nagusiak irabazi dituen erronkak eta jaitsierak besteak beste; gainera 43 titulu desberdin ere hartu ditu Olasagastik kontutan zenbaketa egiterakoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide