Eskualdeko arrantzaleek diote Bruselaren debekuak ez diela eragingo

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko otsailaren 12a

Orioko portuan sarea jasotzen, eta sardina moilan. (Onintza Lete Arrieta/Hitza) Europako Legebiltzarrak pasa den astean erabakitakoa Orio eta Getariako itsasontziek ere bete beharko dute, baina baxurako arrantzaren ezaugarriak kontuan hartuta, orain arteko martxan «aldaketa gutxi» izango direla uste du Santi Peirok, Orioko Kofradiako lehendakariak. «Baztertutako arrainik ez egoteko neurria da hori. Baxurako arrantza artisaua denez, guk normalean ez dugu hildako arraina itsasora botatzen. Antxoarekin batera sardina sar daiteke sarera, baina jasotzen dugunean askotan oraindik bizirik egoten da, eta horregatik botatzekotan arraina bizirik botatzen dugu». Europako Parlamentuak estatuek proposatutakoak baino neurri gogorragoak onartu ditu kalak babesteko. Batetik, sareetan nahi gabe harrapatutako arrainak berriz itsasora botatzea debekatzeko eskatu du —arrain gehienak hilda botatzen dituzte uretara— eta arrain horiek porturatzea derrigortzeko arrantzaleei; bestetik, nazioarteko uretan Europako arrantzaleek gehiegizko arrantza egitea debekatzeko, ontzien arrantza kopurua murrizteko, eta arrantza artisaua eta selektiboagoa sustatzeko. Ulrike Rodust Alemaniako eurodiputatu sozialistaren proposamenaren alde bozkatu du Europako Parlamentuak Estrasburgon: 502 boto alde, 137 kontra eta 27 abstentzioa. Negoziazio fasean dagoen arrantza erreforman eragingo du legebiltzarraren onarpenak, lehenengo aldiz, Europako Batzordearen eta legebiltzarraren artean erabakiko baitute 2014an indarrean sartuko den arrantza erreforma, 2002an onartutakoa ordezkatuko duena. Datorren ekainerako erreformaren gaineko akordioa lortzea espero dute bi erakundeek. Peiroren iritziz, arrastre arrantzari eragingo dio zuzenean neurriak: «Sareak botatzen dituztenean, ahal duten guztia harrapatzen dute arrastre ontziek, eta interesatzen ez zaien arraina hilda itsasora botatzen dute». Espezieen etorkizuna jokoan Orioko armadorearen iritziz, neurriak espezieen etorkizuna ziurtatzen lagunduko du. «Jakin badakigu arrastre-itsasontzi frantziarrak pasa den udan hegaluzea harrapatzen aritu zirenean, 3-4 kiloko hegaluze txikia, behar ez zutenez, hilik itsasora botatzen zutela, eta 8-10 kilokoak soilik jasotzen zituztela. Europako Legebiltzarraren bazterketa zero neurriarekin hori ez da gertatuko». Neurriarekin datozen urteetan itsasoko arrain kopurua handitu nahi du. Izan ere, haren arabera egun Europako uretan dauden arrain erreserben %9ak bakarrik izango du garapen iraunkorrari dagokion neurria 2020an. Horregatik, 2015erako arrainen heriotza indizea jasangarria izatea eskatu du, 2020rako arrain erreserbak errekuperatu ahal izateko. Bruselaren esanetan, Mediterranioko arrain erreserben %80 eta Atlantikoko %47 gehiegi ustiatuta daude.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide