Orioko Zero Zabor Taldeak eta Bildu, EAJ eta Orain udal taldeek osatzen duten Orioko Udaleko Hondakinen Mahaiak herritarrek modu egokian birziklatzen ikas dezaten ikastaro laburrak antolatu ditu hurrengo bi astetarako.
Ez da marroia birziklatzea beharrezkoa da kanpainaren baitan antolatu dituzte ikastaroak eta hondakinak gaika bereizten hasi nahi dutenei edo arlo horretan euren ezagutza sakondu nahi dutenei daude zuzenduak ikastaroak.
Ikastaroekin Hondakinen Mahaiak Orioko birziklatze maila handitu nahi du, herritarren artean birziklatzearen garrantzia sustatu nahi du eta oriotarrei birziklatzea errazteko baliabideak eman nahi dizkie. Azken hilabetetan, gaikako bilketa sustatzeko eta kontsumo ohitura jasangarriak bultzatzeko abiatu dituzten ekimenen jarraipena izango dira ikastaroak.
Astelehenetik aurrera
Ordu erdiko ikastaroak izango dira eta materia organikoa birziklatzearen garrantziaz hitz egingo dute horietan; edukiontzi marroiaren erabilera azalduko da eta herritarrei gainontzeko hondakinak nola bereizi behar diren ere erakutsiko zaie. Horretaz gain, oriotarrei birziklatzeak dakartzan onurak azpimarratuko dizkiete. Ikastaroak Orioko Kultur Etxean izango dira otsailaren 11n, 13an, 19an eta 21ean. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, azken eguneko ikastaroa gaztelaniaz izango da.