Ibilbide berriaren hasiera

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko otsailaren 8a

Astearte arratsaldean Orioko Herri Ikastolan egindako entseguko irudia. Ezkerretik hasita, Julen Alonso, Intza Unanue, Iñaki Lizarralde eta Iker Urdangarin. (Aiora Larrañaga/Hitza) Pasa da hainbat urte euskal kantu tradizionalak abesten zituen gaztetxo koadrila batek bere doinuekin herritarrak harrituta utzi zituztenetik. Olaxka izenarekin egin ziren ezagunak Orion eta inguruetan, eta hasiera horretatik hainbat urte igaro bada ere, taldeko zenbaitek musikarako zuen grinarekin jarraitu ,eta Uhats taldea sortu dute. «Olaxkak lau neskatoren ahotsak eta Julen Alonsoren esku-soinu doinua zituen oinarrian. Uhats taldeak, berriz, musikari dagokionean aurrerapauso bat eman du, eta hainbat musika tresna eta ahotsa uztartzen ditu, euskal kantutegia ardatz hartuta», azaldu du Olatz Zugaski musikariak. Hark zuzentzen du musika taldea. Atzo eman zuten Eneritz Aulestia, Iker Urdangarin, Iñaki Lizarralde, Intza Unanue, Julen Alonso eta Paul Beitiak Uhats taldearen lehen aurkezpen kontzertutxoa oriotarren aurrean. Ikastea helburu Uhats taldeak erreleboa hartu dio Olaxka taldeari, baina taldeko kideen iritziz, hasierako helburuek bizi-bizirik jarraitzen dute, asmoa musikagintzan urratsak eman eta «ikastea» baita. «Musikari bezala formatzen ari gara, abestiak sortzen eta moldatzen ikasten ari gara», azaldu dute. Adinez gaztetxoak badira ere, atzo arratsaldeko kontzertuan Julen Alonso oriotarrak sortutako bi abesti aurkeztu zituzten jendaurrean. Iñaki Lizarralde aiarraren iritziz, taldekideentzat «oso aberasgarria» izaten ari da, euskal kantugintzan oinarrituta, musikari alderdia garatzeko aukera izatea. Musika talde gaztea Olatz Zugastik zuzentzen du, eta haren iritziz, berriz, oso interesgarria da taldeak lortu duena. «Gaztetxoak diren arren talentua dute, eta oso ondo ulertzen dute elkar, musika bizitzeko eta sentitzeko modu bera baitute. Gainera, kide bakoitzak dituen baliabideetatik abiatuta proiektu polita osatzea lortu dute. Garrantzitsua izaten da horrelakoetan esku artean zer dugun jakitea, eta behin hori ezagututa, gauza berriak egiten saiatzea. Artea horrela etortzen da, ez dagoenarekin ez da amestu behar, dagoenarekin sortu baizik», azaldu du Zugastik. Gipuzkoako Kantu Txapelketan igo ziren bost gazteak oholtza gainera lehen aldiz talde bezala. «Denbora gutxi daramagu elkarrekin, baina entzuleek aipatu ziguten oso batera ikusten zitzaigula. Oso gustura gaude». Izen berria, ibilbide berria Olaxkak bezala euskal kantuak ardatz badituzte ere, musikari dagokionean Uhats taldeak beste soinu bat dakar. «Lehen neska ahotsak kolore berezia ematen zion Olaxkari. Orain, aldiz, desberdina da, ahots grabeak sartu baitira taldera. Musikari dagokionean ere, musika tresnak uztartzen ditugu, eta horrek musika aberastu egiten du». Lan ildoa Olaxka taldearekin abiatutakoa den arren, iraganarekin hautsi nahi izan du taldeak. «Kide berriak gehitu zaizkigu taldera, musika aldatu egin dugu neurri batean, eta hori kontuan hartuta ibilbide berria abiatu nahi izan dugu, Uhats izenarekin», adierazi du Julen Alonso talde kideak. Ume izatetik heldu izatera igarotzen deneko adina da nerabezaroa, eta  Zugastiren ustez, Uhats taldeko kideak adin horretan egonda, «haurtzaroarekin erlazionatutako proiektuarekin hautsi, eta proiektu berria abiatzeko modu bat izan da izena aldatzea». Taldearen izaerarekin eta inguruarekin zerikusi zuen hainbat izen proposatu zuten. «Azkenean Uhats aukeratu genuen. Uraren hatsa esan nahi du». Parte hartzea garrantzitsua Musika talde batean parte hartzeak entseatzeko konpromisoa izatea eskatzen die gazteei. «Ikasketak direla-eta denborak justu samar ibiltzen dira, baina ahal den heinean entseatzeko tartea hartzen dute», azaldu du Zugastik.  «Gustura etortzen gara, entseguak parte-hartzaileak izaten baitira; abesti baten entseatzen ari garenean, proposamenak egiten ditugu, era batera edo bestera moldatuta nola geratu litzatekeen probatzen dugu», azaldu dute. Zugastiren iritziz hori da musikari moduan garatzeko bidea, «ibilian-ibilian ikasten da. Aldez aurretik, inork ezin du jakin zer nola aterako den eta. Bat-bateko ukituek abestia aldatu dazkete». Zaletasuna garatuz Musikari gazteak izan arren, egunen batean diskoren bat grabatzea eta kontzertuak ematea da Uhats taldeko kideen ametsa. «Nik neuk, nire esperientziatik abiatuta, esan behar diet egun diskogintza ez dagoela unerik egokienean», aitortu du Zugastik. «Baina, egia da, polita izango litzake poliki-poliki kontzertutxoak ematen hastea. Gaitasuna badute, gainera, euskal kulturan errotutako musika eta, era berean, estilo desberdinak eskaintzen dituztelako», azaldu du Zugastik. Uhats taldeko kideek jakin badakite musikatik bizitzea «oso zaila dena». Baina musika talde berriak musika munduan ikasteko eta aurrera egiteko aukera ematen diela uste dute. «Horretarako Olatz Zugastiren esperientzia eta laguntza ezinbestekoa da. Asko ari gara ikasten harengandik», azaldu du Lertxundik. Zugastiren iritziz, bi aldeentzat da aberasgarria proiektua. «Elkarlana beti aberasgarria izaten da, ni ere eurengandik asko ikasten ari bainaiz».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide