Aiako eta Orioko mendi lasterketetan izena emateko epea zabalik da

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko otsailaren 6a

2011ko Orioko lasterketa (Argazkilaria: Bittor Mutiozabal) Oraindik neguko euria eta hotza eskualdean nagusi badira ere, martxoa laster iritsiko da, eta horrekin batera mendi lasterketa denboraldia abiatuko dute. Aian eta Orion, esaterako, martxoaren 10erako eta martxoaren 24rako antolatuko dituzte mendiko probak,  hurrenez hurren, eta horietan parte hartzeko epea zabalik da jada, www.herrikrossa.com webgunean. Esperientzia errepikatuz Iaz antolatu zuten lehen aldiz, Aiako Kirol Elkarteak eta Aiako Udalak elkarlanean Aiako Mendi Lasterketa. Mendi eskaintza arloan zegoen hutsunea betetzea izan zen helburua, mendi mailan ez baitzen horrelako ekimenik egiten herrian. 138 korrikalarik parte hartu zuten lehen edizioan, eta kirolarien artean izan zuen harrera ona ikusita aurten bigarren aldiz antolatu dute proba. Pagoeta inguruan egingo dute lasterketa. 11:30ean hasiko da proba eta guztira, 10 kilometroko ibilbidea egingo dute korrikalariek. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, lasterketa hasi baino ordu erdi lehenago arte izango dute korrikalariek bertan izena emateko aukera: 8 euro kostako inskripzioa www.herrikrossa.com webgunean eta 12 euro lasterketa egunean. Horretaz gain, iaz egin bezala aurten ere Aiako jatetxeek babarrun jana eskainiko dute 15 euroren truke. Modu horretan korrikalariek mendi lasterketan parte hartu ondoren Aian bazkaltzen geratzeko aukera izango dute. Orion 20 kilometrotakoa Orioko III. Mendi Lasterketa martxoaren 24rako antolatu dute Orioko Herri Ikastolak eta Orioko Udalak elkarlanean. 20 kilometroko ibilbidea izango du mendiko probak; 1000 metroko gora-behera positiboa du, eta punturik garaiena Kukuarri mendia izango da, 364 metrokoa. Martxoaren 24ean 10:00etan abiatu da lasterketa Orioko Herri Ikastolaren aurretik eta Zakilaneko aldapatik barrena kale nagusia hartuko dute parte-hartzaileek. Korrikalariek lasterka ari diren bitartean Orioko mendiez eta bistez gozatzeko aukera izango dute proban zehar. Izena emateko bi bide zehaztu dituzte. Alde batetik, martxoaren 22ra arte internetez egin daiteke inskripzioa www.oriokoikastola.net (Orioko mendiko lasterketa lotunea) webgunean edota zuzenean www.herrikrossa.com webgunean. Kasu horretan 12 euro kostako da izena ematea. Horretaz gain, mendi lasterketa egunean ere izena eman daiteke, beti ere 350 lasterketarien mugara iritsi ez bada; goizeko 8:00etatik 9:00ak arte izango dute korrikalariek horretarako aukera. Iskripzioak 20€ balioko ditu egun horretan. Dortsalak eta lasterkariaren poltsak Ikastola aurrean banatuko dituzte, lasterketa egunean 08:00etatik 09:30era.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide