Orioko moila, atzo goizean (Aiora Larrañaga/Hitza)
Krisi ekonomikoak iraganeko bizipenak eta joerak ekarri dizkie gogora herritar askori; gauzak erosi, erabili eta bota beharrean, berrerabiltzeko eta konpartitzeko ohitura zabaltzen ari da berriz ere. Konpontzea oinarrian dute lanbideak ere indarra hartzen ari dira pixkanaka. Kostaldean bada ofizio bat, tradizio handikoa: arrantza. Herritar askok heldu diote lanbideari, alternatiba gisa. Garai batean gainbeheran izan zen arrantzale lana, eta gero eta preziatuagoa bihurtzen ari da herritarren artean. Hala ugari dira garai batean arrantzale izan, urte askotan lehorrean lanean aritu, eta langabezian geratu direlako itsasora itzultzea erabaki dutenak. Hilaren erdialdean aterako dira Orioko eta Getariako itsasontziak berdeletara, eta iaz baino bertako arrantzale gehiago izango dituzte aurten tripulazioaren artean.
Aldaketak arrantzan
Orioko eta Getariako itsasontzietako hainbat patroik adierazi duenez, asko izan dira azken urtean itsasora lanera itzultzeko asmoz lan eske hurbildu zaizkien herritarrak. «Pena handia ematen dit ezetz esatea, baina itsasontzia osatuta dugu, ez dago tokirik. Bertakoek itsasoa uztea erabaki zutenean, etorkinak hartu genituen. Nik neuk errumaniarrak eta senegaldarrak ditut. Urte asko daramate gurekin lanean, eta tripulazioaren parte dira. Ezin ditugu bota hemengoak hartzeko», azaldu du Santi Peirok, Orioko Kofradiako presidenteak.
Juan Antonio Larrañaga oriotarra «gustura» dago urte askotan lehorrean lanean aritu ondoren langabezian geratu, eta berdelaren kosteran itsasora itzuliko delako. «Nik neuk zorte handia izan dut. Lehorrean lana galduz gero, itsasora itzultzea zen nire lehen aukera. Nik ez dut ikasketarik, 16 urterekin hasi bainitzen itsasoan lanean. Jakin banekien ikasketak dituztenek lanik aurkitu ezin badute, ikasketarik gabe oso zaila izango zela lehorrean beste lanen bat aurkitzea. Zorionez, itsasoa utzi aurretik lanean aritu nintzen azken itsasontzian hartu naute berriz ere, eta oso gustura nago. Dena ondo badora, itsasoan erretiratzea gustatuko litzaidake», adierazi du Larrañagak.
Lehorrean lanean aritu eta itsasora itzuli diren arrantzaleek, itsasontziko segurtasunari lotutako hainbat ikastaro egin behar izan dute, araudi berrietara moldatzeko; gainontzean aurretik zituzten titulu eta baimenak balekoak dituzte oraindik ere.
«Aldaketak» arrantzan
Sektorean lan egiten dutenen iritziz, azken hamabost urteetan «asko aldatu» da arrantzaren egoera. «Hamasei lagun joaten gara itsasontzi bakoitzean, eta lehen baino askoz ontzi gutxiago dago egun. Belaunaldi berriek ez dute jarraitzeko gogorik izan, eta itsasontziak desagertzen joan dira pixkanaka», dio Orioko portuan itsasontziak nola prestatzen dituzten arretaz jarraitzen ari den arrantzale koadrila batek. «Orain bada jendea itsasora itzuli nahi duena, baina ez dago erraza itsasoan lana aurkitzea, ontziak osatuta baititugu».
Soldatari dagokionean ere, arrantzale izatea ez da garai batean zena. «Bizitzeko adina ematen du, baina argi izan behar da itsasoan lanean ez dela inor aberasten. Alde batetik, erregaia gero eta garestiagoa da, eta harrapatzen dugun arraina merke erosten digute. Gastu asko ditugu, eta irabazia gutxi», azaldu du Santi Peirok.
Soldataren banaketa ere ez da lehorrekoa bezalakoa izaten. «Hilabete batzuetan, kostera ona tokatzen bada, asko irabaz daiteke, eta beste batzuetan, berriz, eguraldiak eta arrantzak laguntzen ez badu, gutxi. Urtean zehar irabaziak administratzen jakin behar da».
Etxekoentzat «zaila»
Lehorreko bizimoduarekin alderatuz, etxe eta familia bizitzan sumatzen dute aldaketa nagusia itsasora bueltatu diren arrantzaleek. Itsasora lanera itzuli da Rafa Samdade getariarra, eta hala azaldu du: «Nik oso gustuko dut itsasoko lana, eta lehorrean lanean itota sentitzen nintzelako itzuli naiz itsasora. Zorte handia izan dut aukera hori eman didatelako. Dena dela, asko aldatzen da bizimodua, etxean denbora gutxiago egiten baitugu», aitortu du.
Pello Azkonobieta oriotarraren iritziz, «emazteak eta familia» izaten dira bizimodu berrira ohitzea gehien kostatzen zaienak. «Gu itsasoan lanean aritzen gara, baina haiek izaten dira lehorrean bakarrik zain geratzen direnak. Denok ohitu beharko dugu egoera berrira. Dena dela, gaur egun zortea da lana izatea».