Orioko Kros Txikian haurrek ondo pasatzea nahi dute antolatzaileek. (Argazkia: Zaragueta Herri Eskola)
Igandean eskualdeko haur ugari Orioko hondartza inguruan bilduko dira kirola eginez ondo pasatzeko asmoz. Laugarren urtez Orioko Kros Txikia izango da Zaragueta Herri Eskolak antolatuta eta aurreko urtetan bezala eskualdeko haurren artean harrera ona izatea espero dute antolatzaileek.
Eskolako ikasketa buru Lurdes Berastegiren esanetan, «krosari lehiakortasun zentzua kendu eta kirola eta euskara uztartuz lau urtetik 12 urtera bitarteko haur eta gaztetxoek primeran pasatzea da lasterketaren helburu nagusia».
Eguerdian abiatuko dute lasterketa eta parte hartzaileek 11:45erako Zaragueta Eskola atarian bildu beharko dute.
Irabaztea gutxienekoa
Laguntasuna, elkar ulertzea eta elkarrekin kirola eginez ondo pasatzea moduko balioak zabaldu nahi dituzte antolatzaileek haurren artean Orioko Kros Txikian. «Gaur egun zoritxarrez, haurrek lehen baino askoz denbora gutxiago pasatzen dute kalean edo parkean euren lagunekin jolasean, gurasoen egoera eta ohiturak aldatzen ari baitira. Horregatik, garrantzitsua da gurerzat kalean jarduera desberdinak eginez haurrei ondo pasatzeko baliabideak eskaintzea» azaldu du Berastegik.
Hasiera batean haurrek lasterketa irabazteko grina izaten badute ere, «denak irabazle sentitu daitezen, hiru azkarrenei ez diegu sari berezirik ematen. Kros Txikian parte hartzen duen ume orok jasotzen du domina, denak irabazle sentitu daitezen».
Izena emateko bidea
Orioko Kros Txikian parte hartu nahi dutenek, Zaragueta Eskolan, Orioko Kultur Etxean eta Karela Kiroldegian eman dezakete izena.
Horretaz gain, 943-894052 telefono zenbakira ere hots egin dezakete gurasoen euren haurrak lasterketan inskribatzeko.
Kategoriak
- A taldea. 2007an eta 2008an jaiotakoak, 150 metro.
- B taldea. 2005an eta 2006an jaiotakoak, 300 metro.
- C taldea. 2003an eta 2004an jaiotakoak, 600 metro.
- D taldea. 2001an eta 2002an jaiotakoak, kilometro bat.