Gaur arratsaldean Joshua Santos (Bilbo, 1968) astrologian adituak
Astrologia, eboluzio tresna gisa hitzaldia emango du Orion, Mandalara zentroan, 20:00etan. Horretaz gain, ekaina bitartean hileko laugarren larunbatean astrologiaren bidez nork bere burua ezagutzeko ikastaroa emango du. Gaian interesa dutenek, Mandalara Taldearekin jarri behar dute harremanetan, 648-487489 telefono zenbakira hots eginda.
Zer da astrologia?
Astrologia gizakiak bere burua ezagutzeko duen jakintza metodo bat da. Norbere existentzia ezagutu nahi duen orok onartu behar du, eguneroko bizitzaz gain, bizitzaren bertsio garrantzitsuago bat ere badagoela. Gizaki ororen izaera eta eboluzioa jasotzen duen jaiotza mapa batean adierazten da hori, eta pertsonaren sentimentuei, jarrerari, bizimoduari eta eboluzioari buruzko hainbat datu ematen du. Horrek pertsonari lagun diezaioke bere burua sakonago ezagutzen, baita nor bere buruaren jabe izaten ere.
Nola osatzen da jaiotze mapa hori?
Pertsona guztiek, urte, hilabete, egun, ordu eta toki jakin batean jaiotzeagatik, karta astrologiko jakin bat dute. Hau datu astronomikoetan oinarritzen da, eta pertsona horren jaiotzaren momentuan planetak non kokatuta zeuden hartzen du kontutan. Mapa bat ateratzen da hortik, eta pertsonaren bizitzan zehar interpretatzen da. Ingeniari industriala naiz formazioz, eta 23 urte nituenean astrologiaren mundua ezagutu nuenean liluratuta geratu nintzen, ezagutzen ez nuen pertsona batek nire jaiotze datuak emanda, nire inguruko hainbeste gauza jakin zitzakeela ikusi nuenean. Hortik aurrera, astrologia ikasten hasi nintzen, pertsona bezala garatzeko oso aberasgarria dela iruditu zaitzaidalako.
Astrologiaren izenean negozio handi bat sortu da. Zer iruditzen zaizu?
Astrologian printzipio garrantzitsu bat hartu behar da kontuan: orduan eta gehiago orokortu, irakurketa horretan akatsak egiteko aukera handiagoa dagoela, alegia. Testutxo txiki batean antzinatik gaur eguneraino iritsi den jakintza sakon bat laburtzea ezinezkoa da. Gainera, pertsonaz pertsona egin behar da irakurketa. Egia da, zeinu astrologikoetan oinarrituz badaude joera orokor batzuk, baina herritarrek egunerokoan telebistatik edota aldizkarietatik jaso ditzaketen irakurketak okerrak izaten dira. Gaia interesatzen zaienei gomendatuko nieke, astrologiaren inguruan ikastea edo konfiantzazko aditu batengana jotzea.
Gaur emango duzun hitzaldian astrologiak pertsonaren garapenean nola lagun dezakeen jorratuko duzu. Zer baliabide eskaintzen ditu astrologiak ildo horretan?
Gizakiok oinarrian egiten duguna, pentsatzen duguna eta sentitzen duguna gara. Astrologiak hiru funtzio horiek interpretatzen laguntzen du; hau da, egiten dugun egiten duguna zergatik egiten dugun edo sentitzen duguna zergatik sentitzen dugun ulertzen lagun dezake. Horretaz gain, gure puntu ahulak indargune bihurtzen lagun diezaguke astrologiak. Ez dugu ahaztu behar pertsona oro etengabe garatzen dela bizitzan zehar. Bide horretan, hainbat galdera sortzen da, eta zenbait erabaki hartu behar izaten dugu. Garapen hori behartua izan daiteke, edo kontzientea. Astrologiak gure burua ezagutzen eta geuren buruaren jabe izaten laguntzen digunez, garapen kontzientea izateko bidea errazten digu.
Gaurko hitzaldiaz gain, Mandalara Elkarteak antolatutako ikastaro trinkoagoa ere emango duzu datozen hilabeteetan. Zer landuko duzue bertan?
Ikastaroan parte hartzen dutenei jaiotza karta entregatuko diegu, eta hori interpretatzen ikasiko dute. Modu horretan, oinarrizko azalpenak jasota, beti izango zaie lagungarria, etengabe bizitzaren inguruko ondorioak atera ahal izateko. Ikastaroan teoria eta praktika landuko ditugu.
Nik astrologiaren inguruko hainbat liburu idatzi dut, eta
horiek edonork doan eskura ditzake nire webgunean (astrologiaegoica.blogspot.es). Oinarrizko azalpenak emango ditut, eta horietan oinarrituz alderdi praktikoa landuko dugu.