Mendebaldeko Saharara bidaltzeko janaria biltzen ari dira eskualdean

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko urtarrilaren 18a

Saharari buruzko Orioko erakusketaren antolatzaile Jokin Uranga eta Ahmed Ziad. (Aiora Larrañaga/Hitza) Urtero bezala Saharako Ilargi Erdi Gorriaren eskakizuna kontuan hartuta, Mendebaldeko Sahararen alde lan egiten duten elkarteek Sahararen Aldeko Euskal Karabana, Piztu itxaropena, izenekoa martxan jarri dute, eta eskualdean zehar hainbat ekimen antolatu dute datozen astetarako. Otsailean aterako da karabana  Tindufeko (Aljeria) iheslarien kanpamenduetara, eta ekimenaren helburua eremu horretan salbuespen egoeran bizi diren sahararren elikagai gabezia arintzen laguntzea izango da. Herritarren laguntza Euskadi mailako ekimenak ere izan du oihartzunik eskualdean zehar, eta janaria biltzen hasi dira Urola Kostan sahararren alde lan egiten duten erakunde anitzek. Arroza, pasta, atun eta sardina kontserbak, azukrea, dilistak eta konpresak biltzea proposatu dute antolatzaileek. Produktu jakin horiek eskatzea ez da antolatzaileen burutapena izan. «Mendebaldeko Saharara bidaliko dugun giza laguntza Espainiako Estatu mailakoa izango denez, lurralde mailako antolaketan produktu horiek dohaitzan ematea egokitu zaio Euskal Autonomia Erkidegoari», azaldu dute antolatzaileek. Ahal den laguntza gehiena lortzeko asmoz, azken egunetan eskualdeko ikastetxeetan janaria biltzeko kanpainak jarri dituzte martxan. Jokin Urangak azaldu duenez, «herriko ikastetxeetatik jasotzen den laguntza oso garrantzitsua da. Ikasleek oso erantzun ona ematen dute». Gainera, Urola Kostako hainbat herritako janari dendetan ere ekarpena egin dezakete herritarrek. Orion, esaterako, Dia, Spar, Eroski, Loidi eta Coviran dendetan ari dira jasotzen Mendebaldeko Saharara bildatzeko elikagaiak. Zumaian, berriz, bihar egingo dute herri mailako janari bilketa Eroski eta Dia janari dendetan eta Kofradia plazan. Horretaz gain, laguntza ekonomikoa eman nahi duten herritarrek ere izango dute horretarako aukera. Euskadiko Kutxako 3035-0080-94-0800054177 kontu korrontea ireki dute nahi dutenek laguntza ekonomikoa eman dezaten. Saharari buruzko erakusketa Janari bilketaz gain, oriotarrak sahararren egoeraz jabe daitezen, Mendebaldeko Sahararen inguruko erakusketa antolatu dute Orioko kultur etxean. Tindufeko (Aljeria) kanpamenduetan bizi diren sahararren bizi baldintza gogorren gainetik, «euskaldunek dituzten amets eta helburu antzekoak dituztela ikusteko aukera izango dute bertara hurbiltzen diren herritarrek; bi kulturen arteko antzekotasunak aldeak baino gehiago direla, alegia», azaldu dute antolatzaileak. «Sahararrek inoiz baino gehiago behar dute gure laguntza. Izan ere, mundu mailako krisi ekonomikoaren aurrean NBE Nazio Batuen Erakundeak orain arte Mendebaldeko Saharari ematen zion laguntza txikitu egin du. Kanpamenduetan bizi diren herritarrek giza laguntza ezinbestekoa dute bizirauteko, eta herritarren elkartasuna inoiz baino garrantzitsuagoa da», azaldu du Urola Kostako Saharar Herriaren Aldeko Elkarteko kide Jokin Uranga oriotarrak. «Sahararren bizimodua ezagutzeko aukera izango da erakusketan. Argazkiez eta horma irudiez gain, egunerokoan erabiltzen dituzten tresnak daude ikusgai». Erakusketa hilaren 25a arte egongo da zabalik, 10:30etik 13:00etara eta 16:30etik 20:00etara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide