Mus txapelketa bat Azpeitiko Garagardo Azokan (Nerea Uranga/Urola Kostako Hitza)
Bihar arratsaldean Euskal Herriko Mus Txapelketako herri arteko kanporaketa jokatuko da Orioko Loretxu tabernan. Bertan parte hartu nahi dutenek, 21:30etik 22:00ak arte eman beharko dute izena txapelketan eta ondoren zozketa egingo dute.
Bihar gaueko hitzorduan oriotarrek parte hartuko dute eta kanporaketa gainditzen duten bikoteak Gipuzkoako Txapelketa jokatzeko sailkatuko dira. Bikoteren batek Gipuzkoako Txapelketan aurrera egingo balu, Euskal Herriko Mus Txapelketa jokatzeko txartela lortuko luke.
Antolatzaileek azaldu dutenez, kanporaketan izena ematen duten bikote kopuruaren araberakoa izango da Gipuzkoako Txapelketa jokatzeko txartel kopurua. «Lau bikotek izena ematen badute irabazlea sailkatuko da Gipuzkoako lehia jokatzeko; 11 bikotetik gora bi bikote joango dira eta 19tik gora, berriz, hiru bikote».