Hausnartu Soziolinguistika lehiaketako sari nagusia irabazi du Iñigo Fernandezek

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko urtarrilaren 10a

Iñigo Fernandez oriotarra Hizkuntza gutxituen eraginkortasuna pertsuasio prozesuetan. Euskararen kasua EAEn lanarengatik V. Hausnartu Euskal Soziolinguistika Lehiaketako sari nagusia irabazi du Iñigo Fernandez Ostolaza oriotarrak. Soziolinguistika Klusterrak antolatzen duen lehiaketaren helburua euskal soziolinguistika teorikoaren eta metodologiaren garapena eta berrikuntza da. Eta ildo horretan, euskal soziolinguistikarekin harremana duten ikerlarien lana bultzatu nahi du lehiaketak. Euskararen abantailak «Euskal Autonomia Erkidegoan marketinaren eta publizitatearen eremuetan euskaraz ere egiteak abantaila pertsuasiborik ekartzen ote duen, eta, hala izatekotan, eraginkortasun erantsi hori norekin, noiz, nola eta zergatik gertatzen den aztertzen saiatu naiz ikerketarekin», azaldu dio Fernandezek HITZA-ri. Hori lortzeko ohiko ikerketa akademiko bat egin duela nabarmen du oriotarrak. «Aurrekariak, hipotesiak, metodologia eta marko teorikoa planteatu ditut, besteak beste. Ikerketa gizarte psikologiaren eremuan, pertsuasioaren alorrean, garatu dut batik bat. Baina ikergaiaren zernolakotasuna kontuan izanda, behar-beharrezkoa izan da soziolinguistikaren eta psikolinguistikaren eremuetako ezagutzak ere aintzat hartzea. Horregatik, ikerketa disziplina anitza da. Puntu horretan da berritzailea, beharbada, nire ikerketa». Euskara «eraginkorra» Gaia aztertu ondoren, hartzaile edo audientzia euskaldun bati euskaraz ere zuzentzen zaion edozein iturri pertsiasiboki «eraginkorragoa» izaten dela ohartu da Fernandez. «Erakargarriagoa eta fidagarriagoa» hautematen dutelako herritarrek. «EAEn marka batek bezero edo bezerogai euskaldunekin euskara erabiltzen duenean gertutasuna, konplizitatea, enpatia, hurbilketa afektiboa eta identifikazioa lortzen ditu. Are gehiago, zantzu guztien arabera, euskararen aldeko jarrera sendoa duten erdaldunekin ere eraginkorra izan daiteke EAEn marketinean eta publizitatean euskara ere erabiltzea», ondorioztatu du ikerketa egin ondoren Iñigo Fernandez Ostolazak. Era berean, Fernandezek uste du EAEn pertsuasio piezak eta ekintzak euskaraz ere sortu, argitaratu eta sinatzeak ez duela «arriskurik eta ez dakar inongo albo-kalterik hala jokatzen duen komertzial, saltzaile, marka eta gizarte eragileentzat». Ibilbidea Publizitate agentzia batean egin du lan Iñigo Fernandez Ostolazak zortzi urtez, eta komunikazio aholkulari lanetan daramatza beste hiru. Unibertsitatean ere jardun du bi urtez irakasle gisa lean, pertsuasioa, publizitatea eta komunikazio korporatiboa gaiak lantzen. Urtetan lan arlo hori jorratu ondoren, «intuizioa nuen pertsuasio prozesuetan hizkuntza gutxituek hizkuntza hegemoniko edo normalizatuek baino eraginkortasun handiagoa eskaintzen dutela. Konbentzituta nago eremu horietan euskara ere erabiltzea mesedegarria dela EAEn diharduten bertako zein kanpoko mota guztietako erakunde, enpresa eta gizarte-eragileentzat. Horregatik, harrituta ikusten dut oraindik ere asko direla hemen gaztelaniaz soilik egiten duten markak», adierazi du Fernandezek. Hizkuntza gutxituen eraginkortasuna pertsuasio prozesuetan. Euskararen kasua EAEn lana ez da euskararen inguruan Fernandezek egin duen lehen hausnarketa. Izan ere, 2004. urtean abiatu zuen Euskara eta publizitatea izeneko blogean hainbat hausnarketa sareratu ditu oriotarrak. Ondoren Euskara nola saldu saiakera argitaratu zuen Erabili.com-en. Eta ordutik Argia-n, Bat soziolinguistika aldizkarian, Hermes-en, Zuzeu.com-en, Sustatu.com-en eta beste hainbatetan euskararen inguruko gogoeta eta hausnarketak argitaratu ditu; horretaz gain, zenbait hitzaldi ere eman ditu gaiaren inguruan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide