Bideoa: Larunbateko manifestaziorako autobusak jarri dituzte

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko urtarrilaren 9a

http://youtu.be/OxedUlyMTVI Presoen aldeko Bilboko manifestaziorako autobusak
  • Azpeitia. 15:30ean irtengo dira Bilbora joateko autobusak anbulatoriotik. Oraindik izena eman daiteke Jim Clark-en, Sanagustin kulturgunean eta Orkatzen.
  • Azkoitia. Autobusean izena emateko epea zabalik dago Zakela tabernan, eta behin zerrenda osoa dutenean zehaztuko dute ordutegia.
  • Getaria. Autobusak larunbatean 15:30ean irtengo dira autobus geltokitik. Bihar arte izena eman daiteke Taxco, Sokoa, Mahasti eta Harralde tabernetan.
  • Orio. Autobus bat larunbatean 09:00etan irtengo da Oriotik Bilbo aldera, eta bestea 15:30ean.
  • Zarautz. Bilbora autobusean joateko izena eman daiteke Eguzkin, Arranon, Yubion eta Lizardi arropa dendan.
  • Zumaia. Bilborako autobusa larunbatean 16:00etan irtengo da Hortz Klinika paretik. Herritarrek bertan izena emateko aukera dute Inpernupen.
Herrirak larunbaterako, hilaren 12rako, euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa antolatu du Bilbon, Giza eskubideak, konponbidea, bakea. Euskal Presoak Euskal Herrira lelopean. Asteburuko herri mobilizazioaren helburua Euskal Herriko urteetako gatazkaren ondorioz preso eta erbestean dauden herritarren «egoera larria salatzea eta Espainiako eta Frantziako gobernuei urratsak emateko eskatzea» izango da. Horretarako herritarren ahots bateratua beharrezkoa dela uste dute Herrira ekimeneko eskualdeko kideek, eta herritarrek manifestazioan parte hartu dezaten autobusak antolatu dituzte Urola Kostako herrietatik Bilbora. Manifestazioan parte hartzeko deia egiteaz gain, presoen eskubideen aldeko bestelako ekimenak ere antolatu dituzte azken astetan. Orioko Herrira taldeko kideek, esaterako, euskal presoek jasaten duten dispertsio politika salatzeko autobideetan aurkitu daitezkeen trafiko kartelak jarri dituzte herrian zehar. «Urtarrilaren 12ko manifestazioa eta Gabon garaia erreferentzitzat hartuta, herritarrak sakabanaketak sortzen duen sufrimenduaz konturatzeko errepide kartelak jarri genituen Orion. Modu horretan presoen senitartekoek asteburuero pasa behar dituzten kartelak islatu nahi genituen» azaldu du Herrira ekimeneko kide Ibon Berasaluzek. «Garai berriak» Urtean zehar egiten dituzte aldarrikapenez gain, kanpaina bereziak egitea beharrezkotzat jotzen dute Orioko Herrirako kideek. «Euskal Presoak Euskal Herrira dioten banderolak edo kartelak herrian zehar jartzen ditugunean zenbait herritarrek oraindik errezeloz begiratzen digute. Guk argi utzi nahi dugu, euskal presoen eskubideak aldarrikatzen ditugula eta horiek oinarrizko giza eskubideak direla» zehaztu du Berasaluzek. Ildo horretan, gatazka egoera «atzean utzi» eta denen artean «bake egoera justu bat eraikitzeko aukera berriak zabalik» direla aldarrikatu nahi dute Orioko Herrira taldetik. «Garaiak aldatu badira ere mendeku politika batek indarrean jarraitzen du eta horren ondorioz euskal presoen senitartekoek sakabaneketaren ondorioz arrisku bizia jasaten dute asteburuero» nabarmendu du Orioko Herrirako kideak. «Egoera hori aldatzeko herritarrok mobilizatzea beharrezkoa da». Aldarrikapena Larunbatean Bilbon egingo den manifestaziora bertaratzen direnek euskal presoak Euskal Herriratzea eta gaixotasun larriak dituzten presoak libre uztea eskatuko dute. Gainera, espetxe zigorren luzatzearekin amaitu eta bizi osorako espetxe zigorra  ondorioztatzen duten neurriekin amaitzea aldarrikatuko dute. Baita, euskal presoei pertsona bezala dagozkien eskubide guztiak errespetatzea ere. Eskualdeko gizarte, kirol eta kultur eragileez gain, hainbat alderdi politikok eta zenbait udalek ere bat egiten dute larunbateko manifestazioaren aldarriarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide