Gaur arratsaldean Miretxu Gozategi (Orio, 1982) fisioterapeutak
Zaintzailearen rola: Mugikortasuna. Mendeko pertsona nola mugitu hitzaldia emango du, 19:00etatik aurrera kultur etxean. Gozategik esperientzia handia du mendeko pertsonen zainketaren inguruan. Hala, zaintzaileek egin ohi dituzten akatsak azalduko ditu, eta denen ongizatea bermatzeko hainbat gomendio emango du. Gainera, hitzaldi irekia izango dela eta herritarrek zalantzak galdetzeko aukera izango dutela aurreratu du Gozategik.
Nolatan bururatu zitzaizuen zaintza egoeretako mugikortasuna jorratzea hitzaldi baten bidez?
Mandalara Taldeak antolatuta, bizkar hezurra izan nuen hizpide saio batean. Bertan, zaintzarekin lotutako galderak egin zizkidaten herritarrek, eta ikusi nuen jendeak interes handia zuela gaiaren inguruan. Bestetik, etxez etxeko kontsultak ere eskaintzen ditut, eta gaiaren inguruan herritarrek dituzten hutsunean bertatik beratara ezagutu ditut. Galdera eta hutsune horiek argitzeko tailer edo hitzaldi bat ematea beharrezkoa zela iruditu zitzaidan. Mandalara Taldeari proposatu nion, eta ekimena antolatzeko prest agertu zen.
Zein izango dira hitzaldian landuko dituzun gaiak?
Gaurko hitzaldian zaintzailearen rolaren baitan mugikortasuna landuko dugu. Baina argi izan behar dugu atal hau beste arlo batzuekin batera ulertu behar dela; elikadura, autoestimua, komunikazioa, harremanak eta beste hainbatekin batera. Pertsona bat zaintzea egokitzen zaigunean, zein modutan mugi dezakegun landuko dut hitzaldian, ez hark eta ez guk minik ez hartzeko. Hiru hilabete edo urteak iraun dezake egoera horrek, izan ere. Mugikortasuna aintzat hartzen ez bada, zaintzailea lesioak izatera iritsi daiteke. Beraz, gero eta hobeto zaindu gu, orduan eta hobeto zainduko dugu alboan duguna. Lehen hitzaldian mugikortasunaren nondik norakoak landuko ditut, baina tartean beste hainbat gai eta zalantza sortuko direla uste dut. Horiek ere argituko ditut, pixkanaka.
Nori dago zuzendua hitzaldia?
Herritar orori dago zuzendua, lehenago eta geroago denoi iritsiko baitzaigu modu horretako egoera bati aurre egin beharra. Momentua iristen denerako zer egin behar dugun jakiteak ez dio inori kalterik egiten. Ez dakigu noiz etorriko den, ezustean gertatzen dira egoerak sarritan. Gaur gurasoak gazte ikusi ditzakegu, baina horietako batek hanka bat puskatu eta gurpildun aulkian egon behar badu, nola lagun diezaiokegun jakitea ona da.
Herritar bati mendeko pertsona bat zaintzea egokitzen zaionean, arazoak sortzen al dira?
Zaintzailearen bizitza asko aldatzen da egun batetik bestera.
Hasieran, norbait zaintzen hastean, egoera jakin bat izaten da, baina askotan okertu egiten da denborarekin; beharrak eta eskaini beharreko denbora handitu egiten dira. Bizitza soziala, harremanak, lagunak, seme-alabak eta beste hainbat kontu alde batera utzi behar izaten dira, eta mendeko pertsonak bizitzaren zati handi bat hartzen dute. Garrantzitsua da zaintzaileak bere buruarentzat denbora hartzea, eta bere sare sozialarekin harremana mantentzea.
Karga handia izaten da pertsona bakar batentzat, ezta?
Nire iritziz horrelako egoera batean oso garrantzitsua da lan karga ingurukoekin partekatzea; seme-alabekin edota anai-arrekin, esaterako. 50 kiloko zakua pertsona bakar batek eramatea oso gogorra eta nekagarria da, baina bi edo hiru lagunen artean eramangarriagoa bihurtzen da. Ardurak konpartitzea garrantzitsua da, bestela zaintzaileak bere bizitza alde batera utzi behar izaten du mendekoari ahal den bizitzarik onena emateko eta zaintzeko. Gainera, askotan mendeko
pertsona hiltzen denean zaintzaileari frustazio eta hutsune sentimendu handia sortzen zaio, alde batera utzitako hori berreskuratzea oso zaila egiten zaiolako.
Zaintzaileek mugikortasunari eta jarrera edo postura lanketari garrantzirik ematen al diote?
Zaintza oso lan konplexua da. Zaintzaile eta mendeko pertsona bakoitza berezia da. Askotan iruditzen zaigu gauzak azkar egitea dela garrantzitsuena, baina zaintzaileak egin dezake mugimendu bat oso azkar eta mendeko pertsonak sekulako sustoa hartu. Sarritan ahaztu egiten zaigu mendekoek pentsatu eta sentitu egiten dutela. Komunikazioa oso garrantzitsua da. Mendekoari
zer egingo diogun esan behar diogu, ulertu egiten baitu, elkarri lagun baitiezaiokegu. Horretaz gain, zaintzaileak bere osasuna ere zaindu egin behar du. Mugimenduak min ez hartzeko moduan egitera ohitu behar dugu, eta horrek lanketa bat eskatzen du.
Zein akats egiten dituzte zaintzaileek mendekoak mugitzerakoan?
Mugikotasunari dagokionean zaintzaileak mendekoa konplementatu egin behar du; ez ditu gauzak haren ordez egin behar. Askotan gertatzen da hori, izan ere. Zaintzaileak ikusten duenean mendekoa ez dela iristen zerbait hartzera, edo ezin duela zerbait egin, berak ematen edo egiten dio zuzenean. Hori ez da egokia. Iristen deneraino hurbildu behar zaio hartu nahi duena, eta berak har dezan animatu. Bi pauso eman ahal baditu, urratsak egiten utzi behar zaio; ez dugu gurpildun aulkian mugitu behar. Zenbaitetan, mendeko pertsonei dena egiten zaienean, egoera horretara egokitzen dira, eta gero eta gehiago kostatzen zaie ahalegina egitea. Ezagutzen dut halako kasu bat: mendeko pertsonak gelatik egongelara joateko denbora asko behar du. Horrelakoetan kontuan hartu behar dugu pertsona horrek ez duela inolako presarik. Luzea egiten bazaio, bide erdian aulki bat
jar diezaiokegu, eta bertan atsedenalditxo bat egitera animatu.
Zaintzaileak okerrik egiten al du ?
Mendeko pertsona mugitzen dutenean indarra bizkarrarekin eta besoekin egiteko ohitura dute zaintzaileek. Hankez baliatzen bagara, berriz, bizkarrak gutxiago sufritzen du, eta indarra beste modu batera aprobetxatzen da. Mendekoaren pisuaren eta zaintzailearen pisuaren arteko oreka lortzen da, eta hala mugimenduak errazago egin daitezke.
Bestetik, mendekoa haserretzen denean zaintzaileak hartzen duen jarrera ere garrantzitsua da. Mendekoarentzat bere burua ezindua ikustea oso gogorra da eta umore aldaketak izaten dituzte; horren aurrean zaintzaileak ez haserretzen saiatu behar du.
Zer gomendatuko zenieke zaintzaileei?
Alde batetik, zaintzaileei pazientzia handia izatea gomendatuko nieke. Bestetik, argi izan behar dute euren burua zaindu behar dutena. Izan ere, nork bere burua zaintzeak ez du esan nahi mendekoa zaintzen ari ez garenik. Guretzat ordubete hartzen badugu, ez du esan nahi besteaz ahaztu garenik. Zaintzaileak ordubete hartzen badu, umore onean eta gustura egongo dam eta mendekoa hobeto zainduko du. Inoiz ez da ahaztu behar mendekoaren baldintza fisikoak gutxitzen badira ere, pertsona izaten jarraitzen duela, eta sentimendu, nahiak eta desioak dituela.