Herrio Natur Taldeko kideak gustura daude Motondoren berreskuratze proiektuarekin

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko urt. 3a, 09:07

Motondo paduraren berreskuratze proiektua aurkeztu zuten Orioko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak abendu amaieran. Azken urteetan Orioko hainbat Udal Gobernuk proiektu ugari aurreikusi eta proposatu izan dituzte eremu horretarako, baina hilabete batzuk barru abiatuko den proiektuak Motondori berezko izaera itzuliko dio. Hala aurreratu dute. Aspalditik aldarrikatu dute Orioko Herrio Natur Taldeko kideek eremu horren berreskuratzea abiatzeko beharra, eta orain «oso gustura» daude proiektuarekin. Muga, dirua Herrioko kideen iritziz Motondoren berreskuratze proiektua «zoragarria» da. «Dena dela, oraingo honetan ere muga dirua da. Izan ere, horrek mugatzen du proiektua bukatzeko epea. Dena den, itxura ona du». Proiektuaren indarguneren bat nabarmentzekotan, «haltzadia» aipatu dute Herrioko kideek. Izan ere, Motondo padurak duen haltzadia ez da ohikoa halako guneetan. Motondon egon badago, eta azalera handi samarra du, gainera. «Haltzak normalean Euskal Herrian erreka inguruetan agertzen dira. Haltzak izan baditugu, baina azalera hori duten haltza basoak oso gutxi. Horregatik da garrantzitsua hori babestea». Motondo berreskuratzen denean ur gazi-gezako ekosistema bat izango da. Haltzadia ur gezako ekosistema da, eta horregatik babestu egingo da eremu hori. «Natura 2000 sarearen baitan, Europatik haltzadi formazioari garrantzi handia eman die». Proiektuaren hiru atalak burutzen direnean, «itxura oneko padura on bat» berreskuratuko dela uste dute Herrioko kideek. Lorpen garrantzitsua Proiektua Aranzadi Elkarteak burutu badu ere, askotariko eragileeekin harremanetan izan da zientzia elkarteko lan taldea. «Hasiera batetik Aranzadi, Orioko Udala eta natur taldearen arteko elkarlana erabatekoa izan da. Horretaz gaiz, esan behar da parte hartzea irekia izan dela, eta gaian interesa zuen beste hainbat natur taldek ere iritzia eman eta proposamenak egiteko aukera izan duela». Ildo horretan, Herrioko kideentzat lorpen garrantzitsua izan da Motondoren berreskuratzea, natur taldea sortu zenetik aldarrikatzen aritu diren gaia izan baita. «Orokorrean ibai inguruak oso hiritartuta daude. Motondoren kasua apartekoa da, dena den. Padura oso handia ez bada ere, eremuak berreskuratzeko aukera handiak zituela ikusten genuen. Pena da horrelako gune bat izan eta ez aprobetxatzea. Padura eta errio baten espazio berde hori gizarteari ematea garrantzitsua iruditzen zaigu», adierazi dute kideek. Berreskuratzea ez da garrantzitsua herriak natura eta biodibertsitatearen aldetik irabaziko duelako «soilik». «Gure bizi kalitaterako ere oso ona izango da. Horrek ematen digu arnasten dugun oxigenoa, horrek garbitzen dizkigu urak, horrek emango dizkigu angulak, uholdeen aurka ona izango da, eta herritarrok espazio berdeak irabaziko ditugu». Horretaz gain, orain eremu horretara joaten ez diren espezieak ere agertuko dira Motondon berreskuratzen dutenean. «Hegaztientzat babeslekua izango da Motondo. Europa iparraldetik Afrikaranzko migrazio bidean atseden lekuak behar izaten dituzte, eta Motondo hegazti horientzat deskantsurako eta jateko lekua izango da». Berreskuratze proiektuak paduraren balio ekologikoa handitzeaz gain, herritarrek ibaiarenganako duten iritzi eta ikuspegia aldatzen ere lagunduko duela iritzi dute Herrioko kideek. Horretarako, bertako balioa gizarteratzea eginbehar garrantzitsua dela uste dute Orioko Natur Taldeko kideek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide