Motondoren berreskuratze prozesua hizpide izango da hilaren 22ra arte Orion

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2012ko abenduaren 13a

[caption id="attachment_53044" align="alignleft" width="300" caption="Doñanari buruz ere hitz egingo dute hitzaldietako batean"][/caption] Egitaraua. Hitzaldiak -Abenduaren 13a, gaur, 19:00etan Orioko kultur etxean. Motondoko padura berreskuratzeko egitasmoa aurkeztuko dute. Aranzadi Zientzia Elkarteko Kimetz Etxeberria ingeniariak emango du hitzaldia eta Aranzadi Elkarteko Juantxo Agirre Mauleonek aurkeztuko du saioa. -Abenduaren 14a, bihar, 19:00etan Orioko kultur etxean. Hezeguneen balioa hitzaldia emango dute, eta Andaluziako Doñana Parke Nazionala hartuko dute adibide modura. Doñanako Behatoki Biologikoko azken urteetako zuzendari eta ornitologo Fernando Hiraldok emango du hitzaldia. Eusko Jaurlaritzako Bioaniztasun zuzendari German Alonsok zuzenduko du saioa. Azken hamarkadetan asko izan dira Motondon egin nahi izan diren proiektuak. Dena dela, eremuak duen natur balio garrantzitsua kontuan hartuta, Oriaren itsasadarra kontserbazio bereziko eremu (KBE) izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak urriaren 16an, gobernu kontseiluan, Euskal Autonomia Erkidegoko atlantiar eskualde biogeografikoko beste hamahiru ibai eta estuariorekin batera. Dekretuaren bidez  eremu hauek babesteko ezarri beharreko neurriak onartu zituzten. Motondoren balioaz jakitun, eremua berreskuratzeko hausnarketa prozesua abiatu dute Orioko Udalak, Arazadi Zientzia Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean, eta abenduaren 22ra bitartean prozesuaren nondik norakoak azalduko dituzte askotariko hitzaldietan eta irteeretan. Motondo berreskuratzea Aranzadi Zientzia Elkartearen iritziz, Orioko itsasadarra «euskal kostan aurki daitekeen padura multzorik garrantzitsuenetakoa da, bioaniztasunaren erabilera iraunkorra eta kontserbazioa sustatzeko funtsezko ekosistema baita». Eragileek eta erakundeek jakin badakite Motondo padurak degradazio handia izan duena azken urteotan. «Horregatik, berreskuratu egingo da, Oriako itsasadarraren balio-jartzea gailenduz. Jardunaldi hauen bidez berreskuratze prozesuaren nondik norakoak azalduko dira, eta Urdaibai Biosfera Erreserba edo Doñana Parke Nazionalaren esperientziei buruz hitz egingo da», azaldu dute antolatzaileek. Urdaibai gertutik Motondoko berreskuratze prozesuaren harira prestatutako hitzaldiez gain, bi ibilaldi gidatu ere antolatu dituzte. Datorren igandean, abenduaren 16an, esaterako, Urdaibaiko biosferaren erreserbara egun osoko irteera egingo dute. Hegaztien zentroa bisitatuko dute. Parkeko ornitologoen eskutik hegaztiak behatuko dituzte, gainera. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, bidaia, bisita gidatua eta bazkaria 20 euro kostako zaio herritar bakoitzari. Bisita gidatuan izena eman nahi dutenek ostiralera bitartean izango dute horrerako aukera, Uranga burdindegian. Motondon barrena bisita Abenduaren 22an oriotarrek eta eskualdeko herritarrek Motondoko paduran barrena ibilaldi gidatua egiteko aukera izango dute. 10:00etan irtengo dira parte-hartzaileak Orioko plazatik, eta oinez Motondora joango dira. Ibilaldian zehar Oriaren itsasadarrak gordetzen dituen sekretuak ezagutzeko aukera aproposa izango da. Aranzadi Zientzia Elkarteko Marko Sierra ingeniaria izango da hizlaria eta gidaria. Irteera gidatuan izena eman nahi dutenek abenduaren 17tik 20ra horretarako aukera izango dute idazkaritza@aranzadi-zientzia.org helbidera idatzita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide