Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ekiñe Saizar, Orioko Bilduren izenean. Orio.
Egungo egoera ulertzeko, herriko hirigintza planen zerrenda bat egin beharra beharrezko ikusten du Orioko Bilduk. Zerrenda hori luzea da, eta hanka-sartzez betea.
Lehenengoa arau subsidiarioen arazoa izan zen. Herriaren antolaketan oinarrizko dokumentu dira arau subsidiarioak, menpeko dituzte beste plan guztiak (Muntoko Plan Partziala, esaterako) eta bertan zehazten dira etorkizuneko proiektu guztiak. Duela hamabi urte hasi zen Orioko Udala dokumentua idazten. Gatazkatsua izan zen prozesua; zenbait herritarrek parte hartzeko aukera handirik eman ez izana leporatu zioten EAJri. Haratago, norbanako batek Orioko arau subsidiarioak errekurritu zituen bideragarritasun ekonomikoaren ikerketarik atxikita ez zutelako. Epaitegiak arrazoi eman zion herritarrari, eta EAJ alderdiak diseinatutako arau subsidiarioak baliogabetuak izan ziren. Egoera larriari aurre egiteko, arau subsidiarioen dokumentua baztertu eta Plan Orokorra lantzen hasi ziren. Aurreko dokumentuaren kalko bat zen, baina beharrezkoak ziren dokumentu guztiak zituen, halako batean. Hamabi urte geroago, Bildu eta Orain gobernuan direla, onartu da Plan Orokorra. Hau da gaur egun indarrean dagoen oinarrizko hirigintza dokumentua.
EAJ alderdiaren bigarren lardaskeria Muntoko Plan Partzialarena izan zen. Hiru errekurtso sartu zaizkio guztira: Plan Partzialari berari; birpartzelazio proiektuari; eta Eroskiren azalera barruan duen B5 partzelari. Lehenengoa behin betirako baliogabetu du epaileak eta iturri juridikoek ia segurutzat ematen dute beste biak ere modu berdinean baliogabetuak izango direla. Zein ote da Plan Partziala baliogabetzeko arrazoia? Plan Hidraulikorik ez dela egin eta dokumentua jende aurrean ez dela jarri. Izan ere, Beñat Solaberrieta buru duen gobernuak jarri du jendaurrean plan hidraulikoa. Eta bada beste datu garrantzitsu bat: auzitegien erabakia Arau Subsidiarioen barrukoa izan da. Gaur egun, ordea, arau subsidiarioak ez; Plan Orokorra dago indarrean.
Hasteko, atzera begira jarrita, konturatzen al zarete, bi plan, nagusia eta menpekoa, biak atzera bota dituztela, hanka-sartze berarekin: beharrezko dokumentuak aurkeztu ez direlako. Arduradun politiko bakarra: EAJ. Ondorioak nabarmenak, udalarentzat eta herriarentzat: segurtasun juridiko eza, Orioko Udalak arazoak zuzentzeko gastatu duen dirua eta denbora. Hau ez da serioa. Herriko eragileekin konpartitu gabe, presa lagun hartuta aritu da EAJ hamabi urtetan. Azkar eta ondo, usoak hegan.
Ondoren, aurrera begira: zergatik onartu ditu bi planak Orioko Bilduk? Herentziaz jaso dugun egoera tamalgarri honen aurrean, alderdi interesen gainetik, udalaren egonkortasuna lehenetsi dugu. Aurrekari tamalgarriaren ostean, Orioko Udalak aurrekontuetan eta ordenazioan oreka izan dezan lanean ari gara Orioko Bildun. 2012ko aurrekontua orekatu ahal izateko ezinbestekoa da Munto Planean eraikitzeko falta den partzela pribatuen lizentzia ematea. Bestela, Espainiako Gobernuak onartutako aurrekontu egonkorren legearen barruan, udala interbenituta geratzeko arriskuan legoke herria.