[caption id="attachment_52689" align="aligncenter" width="350" caption="Aurten ere San Nikolas jaien hasieran jendetza biltzea espero du festa batzordeak (Argazkia: Karkara)"]

[/caption]
Egitaraua:
Abenduaren 5a, gaur, San Nikolas bezpera
-19:00etan. Buruhandien eta erraldoien konpartsa izango da Danbolin Musika Eskolako txistulariek lagunduta.
-20:00etan. San Nikolas jaien deia egingo dute. Egunsentia Otxoteak Festetan kantua abestuko du. Gainera, adar jotzaileek, Danbolin Musika Eskolako bandak, Salatxo Abesbatzak, txalapartariek eta Harribil Dantza Taldeak parte hartuko dute saioan. Festeten abestia, San Nikolas martxa, Orioko Ereserkia eta Balearen kantua errepresentatuko dituzte.
-23:00etan. Haiek garaiak musika jaialdia izango da plazan. Txirlako Agustin Zalduak, Koastako Xabi Arostegik eta Andoni Atorragastik garai bateko musikarekin garai bateko Orio gogoratuko dute.
Abenduaren 6a, bihar, San Nikolas Eguna
-06:00etan. Gaupaseroen argazkia Oako eskaileretan.
-10:00etan. Xake Txapelketa kultur etxean, Orioko Herri Ikastolak antolatuta.
-10:45ean. Udabatza, kofradia eta herritarren prozesioa.
-11:00etan. Salatxo Abesbatzaren saioa, meza nagusian.
-12:00etan. Dantzari Txikien txapelketa, Harribilek antolatuta.
-12:30etik aurrera. Salatxo Abesbatza kalez kale ibiliko da.
-17:00etan. Pilota partidak izango dira frontoian.
-17:30ean. Txutxin Ibañez eta Bere Charroak herriko plazan.
-18:00etan buruhandien eta erraldoien konpartsa, Danbolin Musika Eskolako txistulariek lagunduta.
-19:15ean Soka dantza plazan.
-20:00etan Oa eskilaretako apustua. 79 eskilara 11:90 segundutan.
-22:30ean Bertso saioa izango da Karela Kiroldegian: Sustrai Colina, Andoni Egaña, Arkaitz Estiballes, Iñaki Gurrutxaga eta Maialen Lujanbio bertsolariek parte hartuko dute bertan. Unai Manterola izango da gai jartzailea.
-00:30ean Gozategi taldearen kontzertua izango da herriko plazan; disko berria aurkeztuko dute herrian.
-Ondoren, Oihan Vega DJak musika jarriko du musika plazan.
Abenduaren 7a, ostirala, San Nikolas bigarrena
-11:00etan haur eta gaztetxoek herriaren ardura hartuko dute plazan.
-11:00etatik aurrera puzgarriak eta tailerrak izango dira 2-6 urteko haurrentzat.
-11:00etan garai bateko jokoak izango dira haur eta gaztetxoentzat. Jokoak Esperientzia Eskolan jasotakoak dira
-17:30ean txokolatada izango da plazan, Arkupe Elkarteak antolatuta.
-18:00etan buruhandien eta erraldoien konpartsa izango da Danbolin Musika Eskolako txistulariek lagunduta.
-18:30ean Modestoren kontzertua pasan; haur eta gaztetxoentzat musika jarriko du.
-19:30ean umeen entzierroa plazan.
-23:00etan Modestoren kontzertua pasan; helduentzat musika jarriko du.
Abenduaren 8an, larunbata, San Nikolas hirugarrena
-10:00etan 3x3 Saskibaloi Txapelketa gaztetxoentzat Karela Kiroldegian, Ikastolak eta ZASTek antolatuta.
-11:00etatik aurrera elikagai era produktu osasuntsuen bigarren azoka plazan.
-11:30etik aurrera Orioko trikitilariak kalejiran aterako dira.
-12:00etatik aurrera Egunsenti Otxotea kalez kale kantari ibiliko da.
-16:00etan 3x3 Saskibaloi Txapelketa izango da helduentzat Karela Kiroldegian, Ikastolak eta ZASTek antolatuta.
-17:00etan giza proba izango da; Helduko neska eta mutilak elkarren aurka jokatuko
dute.
-18:15ean Getariako Konpartsaren eskutik Bolliwood Dantza Emankizuna izango da.
-19:00etan Txarantikada ibiliko da kalez kale.
-20:00etan asto karrera jokatuko da.
-23:00etan Matxura eta On musika taldeak igoko dira oholtza gainera.
Gaur iluntzean bertan emango diete hasiera Orion San Nikolas jaiei, eta oriotarrez gain, eskualdeko herritar asko ere neguko festez gozatzeko prest dira dagoeneko. Aurten, 34.633,06 euro gastatu ditu Orioko Udalak sanikolasak antolatzeko, iaz baino 4.000 euro gutxiago. Aurrekontua txikikiagoa bada ere, herriko eragileen laguntzari esker, herritar orok aurkituko du gustuko giroa festetan.Oriotarrek oriotarrentzat sortutako festak izango dira, eta horrek nabarmenduko ditu aurten San Nikolas festak.
Pello eta Nikolasarekin festa
Herrian jai giroa jarri eta herritarrek Orioko jaiak kantuan eta dantzan bizi ditzaten,
Pello eta Nikolasa abestia sortu dute festetarako.
Imanol Urkizuk sortu du musika, eta Errikotxia Bertsozale Elkarteak hitzak jarri dizkio kantuari. «Iraila inguruan Jon Agirresarobe
Torrotxo zinegotziak komentatu zidan gustatuko litzaiokeela Oriok festetarako abesti bat izatea, eta hortik hasi ginen hura lantzen. Gure helburua herritar guztiak festetan bildu eta lotuko dituen kantu bat sortzea izan da», azaldu du Urkizuk. Abestiaren sorkuntzan nahiz grabazioan herritarrek hartu dute parte. «Herritarrek herriarentzat egindako abestia» izan zedin nahi zuten hasieratik sortzaileek. Horregatik, Orioko hizkera eta bertako esamoldeak erabili dituzte. Kantuaren bertsio luzea eta laburra egin dituzte.
Lehena www.karkara.com-en dago entzungai. Hala ere, bigarren abestia jarriko dute festetan tabernetan eta askotariko ekitaldietan.
Adar hotsa
Modu berezian hasiko dituzte sanikolasak gaur iluntzean. Izan ere, adar ahotsekin egingo du herritar talde batek festarako deia. Hala azaldu du Iñigo Peronak, ekimenaren sustatzaileak: «Festei hasiera emateko deia suziri bidez egin ohi da Orion, bazter gehienetan bezalaxe. Gurean, ordea, dei honek ez du arrakasta handirik, eta hutsune honek molde berriak probatzeko aukera eman digu. Gure iradokizuna festen hasiera deia adar hotsekin egitea da. Izan ere, adarra deiak egiteko tresna zaharra da herrialde askotan, baita gurean ere».
Bestetik euskarak berak ere baditu adarraren deiari aipuak: deiadarra edo adarra jo modukoak. «Euskarak bere baitan gorderik eman digun ohitura hau berreskuratzea polita iruditzen zaigu, eta festak hasteko dei ozena egiteko, nola hobe deiadar batekin baino», azaldu du Peronak. Bi minutu inguru iraungo du deiadarrak, eta bitartean herritarrek irrintzia botatzea nahiko luke festa batzordeak.
Oa kaleko eskaileren erronka
Herritik herriarentzat sortutako festetan iragana, oraina eta etorkizuna uztartzea da asmoa, ibilbide hori oriotarren eta Orioren izaeraren parte delako. Ildo horretan, joku eta erronka bereziak egingo dituzte sanikolasetan.
Oa kaleko 79 eskailera 11:90 segundoan baino gutxiagoan nork igo izango da erronka. Egun Benito Lertxundi abeslariak du errekorra. Izan ere, mutil koxkorra zenean ziztu bizian igotzen zituen Lertxundik Oa kaleko eskailerak. Egun batean denbora hartu zion Jose Mari Aramendik, eta konturatu ziren hamabi segundo baino dezima bat gutxigo behar zituela Lertxundik 79 eskailerak igotzeko.
Udalak zera jakinarazi du: «Marka ez dago erregistratuta, baina berdin du, hor baitago marka jarrita. Inor izango al da gai hori hobetzeko? San Nikolas egunean, iluntzean, lurra bustitzen ez bada, nahi duen herritarrak izango du probatzeko aukera. 300 euroko saria izango du eguneko marka jartzen duenak».