Jostailu Erabilien Azokarako materiala biltzen hasiko da gaur Herrio Natur Taldea

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2012ko azaroaren 30a

[caption id="attachment_52529" align="alignleft" width="350" caption="Egoera onean dauden jostailuak bakarri onartuko dituzte (Argazkia: Herrio Natur Taldea)"][/caption] Gizartea kontsumo erritmo bortitzean dago murgilduta, gauzak erosi, erabili, baztertu eta bota egiten dira askotan, horiei beste norbaitek probetxua ateratzeko aukera izango liekeela ahaztuta. Haurrek ere helduek eta oro har gizarte osoak egiten duena ikasten dute pixkanaka. Urteak joan, urteak etorri, umeei jostailu asko oparitzen zaizkie eta, askotan, gurasoak horiek non sartu jakin ezinik ibiltzen dira. Horretaz jakitun da Herrio Natur Taldea, eta Gabon garaiari begira, Jostailu Erabilien Azoka antolatuko du abenduaren 15erako. Hala, herritarrek euren etxeetan erabiltzen ez dituzten jostailuak baldin badituzte, orain dute horiei guztiei beste erabilera bat emateko aukera. Hartzeko eta emateko aukerak Etxetik eramandako jostailuak hiru koloreren arabera sailkatuko dituzte Herrioko kideek, eta  utzitako jostailuari jarritako kolore bereko txartel bat jasoko du herritarrak , azoka egunean beste jostailu batengatik trukatzeko nahiz izanez gero. Jostailu Erabilien Azokako antolatzaileek zehaztu dutenez, herritarrek eramaten dituzten jostailuak osorik eta egoera onean egon beharko dute azokan jarri ahal izateko, «norberari hartzea gustatuko litzaiokeen moduan. Egoera txarrean dagoen jostailurik ez dugu jasoko». Azoka egunari dagokionez, egunean bertan etxetik eramandako jostailua azokan jarritako beste batengatik trukatzeko aukera izango dute herritarrek. Jakinarazi dutenez, 8 urtetik beherako haurrek arduradun batekin parte hartuko beharko dute jostailuak trukatu ahal izateko . Azoka ixtear denean, jostailurik ekarri ez duten eta txartelik ez duten haurrek gustuko duen jostailua hartzeko aukera izango dutela ere adierazi dute Herriokoek. Behin azoka amaitutakoan, soberan gelditu diren jostailuak irabazi asmorik gabeko erakunde bati emango zaizkio. ------------------------------------ Jostailu bilketa Gaur, azaroaren 30a -16:00etatik 17:00etara Zaragueta Eskolan bilduko dituzte jostailuak. -16:30etik 17:30era Orioko Ikastolan jasoko dituzte jostailuak. -18:00etatik 20:00etara Kosta tailerrean bilduko dituzte jostailuak. Abenduaren 14a, ostirala -18:00etatik 20:00etara Kosta Tailerrean egingo dute azken jostailu bilketa. ------------------------------------- Eneritz Odriozola, Herrio Natur Taldeko kidea «Trukatutakoa Gabonetan oparitzeko izatea nahi dugu» Herrio Natur Taldeko kidea eta irakaslea da Eneritz Odriozola (Orio, 1979); aurten hirugarren urtez antolatuko duten Jostailu Erabilien Azoka izan du hizpide oriotarrak. Zer dela eta antolatzen duzue azoka hau? Herritarren artean berrerabilpena bultzatzea da ekimenaren helburu nagusia. Birziklatzearen garrantziaz dihardugu etengabe, eta uste dugu lehen urratsa hondakin gutxiago sortzea dela; horretarako, berrerabiltzen ikasi behar dugu. Gabonetan kontsumismoa pil-pilean izango dugula jakinda, egokia iruditu zitzaigun azoka Gabonak baino lehen egitea, herritarrek elkartrukean hartutako jostailu horiek opari bezala erabili ditzaten. Ekimena antolaten duzuen hirugarren urtea da hau. Bai. Lehen urtean nahikoa eskas atera zen azoka egunean bertan jostailuak jaso eta hartzeak ez zuelako arrakasta gehigirik izan. Iaz, egun batzuk lehenago jostailu bilketa egitea bururatu zitzaigun, eta emaitza ikusita, aurten ere horrela egingo dugu. Jarrera aldaketarik eman al da, ba al dakizue azokan jasotako jostailu horiek opari bezala jarri dituzten herritarrek aurreko urteetan? Badakigu zenbait oriotarrek iaz hori egin zutela. Dena dela, herritarren jarrera aldatzeko lanketa handia egin behar izaten da; urrats txikiak ematen joan behar dugu, jendeari kontsumo ohituren inguruan hausnarrarazteko. Etxe batzuetan ariketa hori egitea lortzen badugu, gure helburua betetzat emango dugu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide