Benito Lertxundi: "Gure buruaren jabe ez garelako saritzen da euskaren aldeko lana"

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2012ko aza. 27a, 12:32

[caption id="attachment_52352" align="alignleft" width="350" caption="Benito Lertxundi bere Orio maitean (Aiora Larrañaga/Hitza)"][/caption] Benito Lertxundi (Orio, 1942) abeslari oriotarrak abenduaren 6an Argizaiola Saria jasoko du Durangoko Azokan, Gerediaga Elkartearen eskutik. Modu horretan, 1960. hamarkadatik euskararen eta euskal kulturaren alde egin duen lana aitortu nahi diote Lertxundiri Durangoko Disko eta Liburu Azokaren antolatzaileek. Oriotarrak lotura estua izan du azokarekin, bigarren ediziotik izan baita presente bertan. Datorren hilean Argizaiola Saria emango dizute. Ezustean harrapatu al zaitu albisteak? Ez, aspaldi proposatu zidaten Argizaiola Saria jasotzea, baina nik banituen zalantza batzuk. Ez zait asko gustatzen nola sentitzen naizen egoera edo zeromonia horietan. Dena dela, jakin badakit oso borondate onarekin ematen direla modu horretako sariak, eta onartzea erabaki nuen. Duela bi aste argitaratu zen, baina jakitun nintzen ordurako. Momentu ona al da hau zuretzat Argizaiola Saria jasotzeko? Momentua ona ala txarra den ez dut pentsatu egia esan. Sariek merituen eta egindako lanaren ikuspegia izaten dute oinarrian. Nik ez dut inoiz kontzientzia hori izan; hau da, ez dut pentsatzen nire ibilbidean zehar euskararen eta euskal kulturaren alde ikaragarrizko ahalegina egin dudanik. Niretzat bizitze naturala da, zorte handikoa sentitzen naiz, gustatzen zaidana egin dudalako bizitza osoan, eta egiten ari naizelako. Beste batzuk askoz ere lan gogorragoak egiten dituzte; horiek dute meritua. Hala ere, sariak beti izango dira ongi etorriak, ezta? Nik uste dut gure lanbidean beti gaudela sarituak. Gure lana publikoki egiten dugu, eta publikoak, esker onez, txalotu eta maitatu egiten gaitu. Hori nahikoa ez dela, beste hainbat eragilek sariak ematen dizkigu. Nik ez dut bereziki lan egiten euskal kultura eta euskararen alde. Nik egiten dudan lana egiten dut niretzat oso naturala delako. Uste dut herri honetan garena baino naturalagoak izango ginatekeela gure buruaren jabe bagina. Gure buruaren jabe ez garelako saritzen dute euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lana. Niretzat, ordea, euskal kantak egitea egite naturala da, ez dut ezer berezirik egiten. Gainera, ni oso saritua naiz, oso pribilegiatua sentitzen naiz gustatzen zaidan lana egiteagatik, eta hortik bizitzeko aukera izateagatik. Nik neronek eman behar dizkiot eskerrak nire inguruari, hori posible egiten didalako. Dena dela, ia 50 urteko kantagile ibilbidean izan  da garai bat euskaraz abesteko eta euskal kulturaren inguruan lan egiteko ahalegin berezia egin behar izan dena. Gustura ibiltzen ginen garai horretan, kantatzen ari ginen eta. Gainera, uste dut kultura zer den hausnartu beharko genukeela. Bizitzea da kultura, bizitzan egiten dugun guztia da kultura, eta zerbait gorroto dugunean ere, hori ere kultura da; kultura gaiztoa. Bizitzean beti ezkatak uzten ditugu; ezkata horiek batzuk hazkuntzarako baliatzen dituzte, eta horrek onura dakar. Azkenean, bizitzea da guztia. Askotan, kultura esparru berezi bat izango balitz bezala aurkezten da. Kultura, ordea, dena da; jaiotzen garenetik egiten dugun eta sentitzen dugun guztia; bizitzeko modua, estilo bat, eta horren baitan egiten diren gauzak, alegia. Beraz, ez dut ezagutzen inor kultur gizakia ez dena. Uste dut kultura ezin dela beste modu batera ikusi, bestela artifiziala da. Pentsamendu akademiko bat ere bada esaten duena kultura gizakiak arazoei aurre egiteko  erantzuna dela. Nik uste dute hori ez dela konpletoa, ez baitu kontuan hartzen gizakien munduan arazo gehienak kulturalak direna. Gizakia beti dabil esku batekin aberiak egiten, eta bestearekin horiek konpontzen. Denboralditxo bat eskenatokietatik at izan zara. Nola sentitzen zara oholtza gainera itzulita? Egia esan, kontzertuak emateko gogo handi samarra nuen. Udaberrian hasi nintzen zainbait arazorekin; eztarriko arazoa nuen, eta kontzertu batzuk bertan behera utzi behar izan nituen. Epe bat hartu nahi nuen osatzeko. Ordura arte sekula ez nuen arazorik nabaritu, eta ahotsak nahi zuena egiten zuela sentitu nuen bat-batean. Senak poliporen bat izango nuela esaten zidan. Medikurengana joan nintzen, eta  polipo bat izango zela esan zidan hark ere hasieran. Sendagileak komentatu zidan polipoak ez direla ateratzen egun batetik bestera, eta ordura arte horrekin abestu izan banuen, lasai hartzeko eta zaintzeko esan zidan, polipoak bere kasara joaten zirela eta. Uste nuen etxean entseatuz gero, denborarekin bakarrik joango zela, eta une batzuetan pasa zela ere pentsatu nuen. Udazkenean, kontzertuen denboraldia hasteko egun gutxi falta zirenean, berriz ere lehen bezala nengoela konturatu nintzen. Zailtasunak nituen abesterakoan, eta kiboak ateratzen zitzaizkidan; ahotsa osatu ezinik nenbilen. Bigarren aldiz medikuarengana joan nintzenean, kameratxo bat sartu zidaten ahotik eztarriraino, eta polipoa baino gehiago kistea zirudiela esan zidan hark. Zena zela, nik sendatu egin nahi nuen. Argi nuen hori. Kirofanotik pasa nahi nuen lehen bailehen. Azkarra izan al zen ebakuntza eta errekuperazio prozesua? Medikuak errekuperatzeko gutxienez hilabete beharko nuela esan zidan. Azaroaren 17an Donostian eman nuen kontzertua. Hori baino hilabete lehenago egin zidaten ebakuntza. Medikuak hilabetez isilik egon beharko nuela esan zidan hasieran. Baina ni abeslaria izanda kosta egingo zitzaidala ikusita, lau egunez isil-isili egon ondoren pixkanaka eta leun-leun hitz egiten hasi beharko nuela esan zidan. Nik sei egun egin nituen isili-isilik, ezertxo ere esan gabe, eta pixkanaka hitz egiten hasi nintzen. Dozena bat eguneraniretzat kantuan hasi nintzen, leun-leun, probak eginez.  Eta hasieratik gustatu zitzaidan sentitu nuena. Ebakuntza egin eta hiru astera medikuarengana joan nintzenean, ahots kordak oso ondo zeudela komentatu zidan; orbaina ere ia osatuta zegoen, gainera. Abesterakoan ahotsean aldaketarik antzeman al duzu? Anjhe Duhaldek ebakuntza egin aurretik aipatu zidan bera ere eztarritik oso izorratuta ibili zela duela urte eta erdi, eta ebakuntza eginda duela 30 urte zuen ahotsa berreskuratu zuela. Ebakuntza egitera animatu ninduen. Hasiera batean, ahal bazen, ebakuntzarik gabe sendatzeko ahalegina egin banuen ere, orain ahots kordak oso ondo ditut. Egia da hori. Lehen ahots korda batean koskortxo bat nuen, eta ahots korda baten eta beste baten artean zirrikitu bat sortzen zuen. Zirrikitu horretatik aireak alde agiten zuen, eta ez zegoen dardararik, ezta ahotsik ere. Koskortxoa kentzean sokak zuzen geratu dira, eta ahotsa behar den bezala sortzen da orain. Zuk ere berreskuratu al duzu garai batean zenuen ahotsa? Nik orain ez dut hasieran nuen ahots hura. Beste ahots bat dut aspalditik, urteak pasa ahala ahotsa moldatzen joan baitzait. Ebakuntzaren ondoren ere orain arte nituen grabe berberak ditut, eta aspaldian galduta nituen medio brillante batzuk ere bai. Oso gustura nago. Dena dela, ez zen erraza izango zuretzat, bizitza guztia kantuan aritu ondoren, hilabetez halabeharrez isilik egotea, ezta? Modu horretako arazo batek kezka sortzen du. Bat- batean betiko izorratu ote nintzen, eta gogoz kontra babesteari utzi beharko nion ere pentsatu izan nuen. Mota horretako burutapenak izaten nituen, batez ere gauetan. Ez zuen arazoak nire baitan bidea egin oraindik; bat-batean izan zen, eta kostatu egin zitzaidan neureganatzea. Orain, egia esan, oso ondo nago. Ahotsa osatuta izateaz gain, indarberrituta itzuli al zara oholtza gainera? Gogotsu nago. Dena dela, gogoa ez zait inoiz falta izan. Gure lanbidea berezia da, kontzertua liturgia baten antzekoa delako. Hau da, abestuz guri entzutera etorri den publikoarekin nolabaiteko harremana sortu behar dugu testuinguru jakin batean. Emozioen munduan murgiltzen gara abeslariak eta musikoak, baita gu ikustera etortzen den publikoa ere. Jendearengana iristeko sentimenduen munduan jolasean aritzen gara. Oso lan polita da; batzuetan disgustoak ematen ditu, eta beste batzuetan fereka gozoak. Datorren hilabeteetara begira, zein asmo dituzu? Datozen hiru hilabeteetan eztarria gaizki nuelako bertan behera utzi nituen kontzertuak eta bidean sortu diren berri batzuk emango ditut. Gero, pixkanaka kontzertu gehiago ateratzen joango direla pentsatzen dut. Gaur egun ez dira izaten lehen ateratzen ziren bezain beste kontzertu, baina ez gara geldirik geratzekoak, eta sortuko dira aukera berriak. Zuei krisi ekonomikoak ere eragin  al dizue? Krisi ekonomikoak asko eragiten digu musikarioi. Krisia hasi zen arte udalek kultur agenda izaten zuten, eta horren baitan kontzertuak antolatzen zituzten. Azken urteetan lan egiteko modu hori bukatu egin da, eta gu geu hasi gara bide berriak jorratzen, auzolan deitzen egiten diogun sistemarekin, hain zuzen ere. Guk geu proposatzen diegu udalei kontzertua ematea, eta horretarako herri edo hiri horretan kontzertua emateko areto egoki bat behar izaten dugu. Guk geure gain hartzen dugu kontzertuaren kostua. Lan egiteko bide hori emaitza onak ematen ari da oraingoz. Duela bi urte Gabonetan egin genuen mota horretako lehen kontzertua Zarauzko Kiroldegian, eta oso ongi atera zen. Ezin dugu geratu udalen zain, lanean eta kontzertuak ematen jarraitu nahi badugu norberak ireki behar du bidea. Askotan harrituta geratzen ginen udalek dirurik ez zutela esan, eta guk kontzertuak bete egiten zirela ikusten genuenean. Agian udalek ez dute dirurik izango, baina entzuleek sarrera ordaintzen dute. Horretaz ohartu ginenean, erabaki genuen bide berria jorratzea. Publikoa ez dagoenean geratuko gara etxean. Ordura arte lanean eta kontzertuak ematen jarraituko dugu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide