Orion historikoki arrauna izan da kirol erregea. Tostako arraun txapelketetan lortu dituzte oriotarrek garaipen garrantzitsuenak, eta kirol horrek mobilizatzen du
marea horia. Dena dela, garai berriak iristearekin batera, pixkanaka-pixkanaka herriko kirol eskaintza ere zabalduz joan da. Saskibaloia da horren adibide. Azken urteetan saskibaloi taldea birsortu egin da, eta kirolak indarra hartu du. Egun 70 jokalari inguru ditu, emakumezkoak gehienak. Orioko Zast taldeko ordezkarien esanetan, «herriko emakumezko jokalari gehien bildu dituen kirola da saskibaloia».
Neskek kirola egitea xede
Duela hamar urte utzi zion azken saskibaloi taldeak Orion jokatzeari, eta horregatik eskola kirolean soilik landu izan zuten urte askotan zehar. Epe horretan maila txukuna lortu zuen zenbait taldek. Gaztaroan saskibaloi jokalari izan ziren oriotar batzuk neska taldeak antrenatu, eta lan polita egin zuten.
Emaitza onak ikusita, 1996an jaiotako neska taldearekin aurrera pausoa eman zuten, eta infantilen talde bat osatu zuten.
«Ordutik bost urte igaro dira, eta taldeak oraindik saskibaloian jokatzen jarraitzen du. Atzetik beste bost talde berri sortu dira, gainera», azaldu du Orioko Zast taldeko ordezkari Iker Gurrutxagak.
Egun Orioko Zast taldeak 70 kolari inguru biltzen ditu, eta taldeko arduradunak konturatu dira urtetik urtera oriotar gehiago animatzen dela saskibaloian jokatzera. «Orioko Herri Ikastolako irakasle Usoa Sorazuren lana oso garrantzitsua izan zen herrian saskibaloi taldea sortzerako garaian. Sorazu konturatu zen orokorrean neskak DBHra iristen zirenean kirola egiteari uzten ziotela. Joera hori aldatzeko asmoz, Sorazu Zarauzko Zasteko arduradun Dan Lertxundirekin jarri zen harremanetan, eta hortik abiatu zen proiektu berria», azaldu du Gurrutxagak.
Bost urtetan sei talde
Orioko Zastek talderik ez izatetik, bost urtean sei talde izatea lortu du. Urte askotan ezkutuan egon den zaletasunak indarra hartu du, beraz. «Eskola kirolean haurrek eta gaztetxoek saskibaloian jokatzen bazuten ere, adinean aurrera egin ahala ez zuten Orion beren zaletasunarekin jarraitzeko aukerarik. Horretarako egitura egoki bat sortu zenean, gaztetxoak saskibaloian jokatzen jarraitzera animatu ziren» .
Ahalegin horretan Zarauzko Saskibaloi Taldearen laguntza «ezinbestekoa» izan zela uste du Gurrutxagak. «Zast konturatu zen ezin zuela bere jarduna Zarautzera soilik mugatu, eta, horregatik, bailara mailako proiektua jarri zuen martxan».
Gainera, Gipuzkoako saskibaloi talde bat goi mailara iritsi izanak ere, herrian saskibaloiarekiko zaletasuna piztu duela uste dute. «Lagun Aro Gipuzkoa Basquet duela zazpi urte inguru igo zen ACB ligara, eta horrek Orion saskibaloiarekiko zaletasuna bultzatzen lagundu duela iruditzen zait». Horretaz gain, Espainiako selekzioak «nazioarteko txapelketetan punta-puntan jokatu izanak, eta haren garaipenek hedabideetan oihartzun nabarmena izateak ere eragina
izan du. Azkenean, gaztetxoak saskibaloia probatzera animatu dira».
Proiektua sendotzea, erronka
Orion Saskibaloi Taldeak sortzeaz gain, urtez urte taldeen maila ere nabarmen hobetzen ari dela iritzi du Iker Gurrutxagak. «Hori dela eta, inguruko herrietatik ere jokalariak etortzen dira saskibaloian jokatzera».
Etorkizunari begira, Orioko Zast taldearen erronka nagusia «taldea sendotu eta indartzea» da. «Lehen bost urteetan horretarako beharrezkoa den egitura sortu dugu. Hau da, 18 urtetik behera maila edo kategoria bakoitzean talde bat izatea lortu dugu», adierazi du Gurrutxagak.
Horretaz gain, epe ertainean Orion senior mailako talde bat sortu nahiko lukete taldeko arduradunek. «Egitura maila osoa osatu nahi dugu. Gainontzean orain arte bezala jarraituko dugu; herrian saskibaloia bizi-bizirik izan dadin ahal dugun lan txukunena egingo dugu, eta modu horretan Orioko kirol eskaintza osatuko dugu. Neska-mutilak saskibaloian jokatzera etortzea gustatuko litzaiguke», gehitu du Iker Gurrutxagak.
Emakumezkoak nagusi
Herriko beste hainbat kiroletan gertatzen ez den bezala, Orioko Zast taldean emakumezkoak
dira nagusi. Mutilen talde bakarra dute, gainontzekoak neska taldeak dira. «Hasieratik
argi izan genuen neskekin lan egin behar genuela, nesken kirola Orion guztiz utzita zegoelako. Guk zorionez neska asko ditugu taldean, eta hori herriarentzat oso ona da», ziurtatu du. Gizonezkoei dagokionean, Orion saskibaloiak izan duen onarpena aztertuz gero, «konturatuko gara saskibaloiak ez duela presentzia handiegirik izan herrian. Orokorrean arrauna eta futbola dira Orion gizonezko gehienak biltzen dituztenak».
Saski Eskola
Pixkanaka saskibaloia herrian errotzen joan dadin, haurrei zuzendutako eskolak bide interesgarriak direla uste du Orioko Zastek. Horregatik, Orioko Saski Eskola jarri dute martxan. «Azpeitia, Donostian eta beste hainbat herritan Saski Eskolak martxan jarri zituztela konturatu ginen. Horrek eragina izaten zuen gaztetxoak partidak jokatzen hasten zirenean, umetan saski eskoletan ibili zirenak gainontzekoak baino askoz trebatuagoak egoten baitziren kirolean. Hortik abiatuta, guk ere Saski Eskolan sortu genuen, modu horretan haurrengan saskibaloiarekiko zaletasuna sortzeko».
Saski Eskola 5. eta 6. mailako haurrei dago zuzendua. Astean ordubetetxo bateko saioak egiten dituzte, eta haurrek saskibaloiko baloiarekin jolasten eta askotariko ariketak egiten ondo pasatzen dute, eta saskibaloian jolasten ikasten dute. «Urtarriletik aurrera eskaintza hori 3. eta 4. mailako haurrengana zabaldu nahi dugu. Argi utzi nahi dugu hau guretzat ez dela jokalariak atzemateko bide soila. Guk jakin badakigu Saski Eskolara 40 ume etortzen badira ere, horiek denak ez direla gurekin geratuko; gainera, ez litzateke osasungarria izango Orioko kirolarentzat denak saskibaloian jokatzea. Guk haur batzuk musika edo ingelesa ikasten duten moduan, beste batzuk saskibaloian jokatzen ikasteko aukera izatea nahi dugu».