Orioko Udala arrantza sektorea sustatzeko ekintza taldeko kidea da

Urola Kostako Hitza 2012ko aza. 6a, 10:52

Azken hamarkadetan arratza Orioko jarduera ekonomiko garrantzitsuena izatetik indarra galdu du, pixkanaka-pixkanaka. Baina arrantzale izaera nabarmena izaten jarraitzen du herriak. Hori dela eta, pasa den astean ohiko udalbatzarrean udalabatzak aho batez onartu zuen Orioko Udala arrantza sektorea eta euskal kostaldea sustatzeko ekintza taldeko kide bilakatzea. Beñat Solaberrieta Orioko alkateak hala azaldu zituen arrazoiak: «Horrelako lan sare batean parte hartzeak herriko arrantza sektorea indartzea eta Europatik diru-laguntzak jasotzea ahalbidetuko du, eta hori oso onuragarria da oriotarrentzat eta herriko ekonomiarentzat». Laguntzak lortzeko bidea 2010eko azken hiruhilabetekoan sortu zuen Eusko Jaurlaritzako  Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Arrantza Sektorea Sustatzeko Ekintza Taldea. Arrantza sektoreko eragileek, elkarteek eta erakundeek sektorea indartu eta Arrantza Eremuak eta Kostaldea Garatzeko Plana dinamizatu eta kudeatzea dute helburu. «Sare honetan biltzen gara udalak, kofradiak, saregile elkarteak eta arrantza sektoreko beste hainbat talde. Orain arte Eusko Jaurlaritzak Itsaspen izeneko programa baten bidez bideratu izan ditu herri arrantzaleoi ematen zizkigun diru-laguntzak; alde batetik, arrantza indartzeko, eta bestetik, gainbeheran doan arrantza sektorearen jarduera ekonomikoak dibertsifikatzen laguntzeko helburua izaten zuten laguntza horiek», azaldu du Solaberrietak. Orain, ordea, Europako Batasuna beste arautegi bat definitzen ari da, «eta Europatik etorriko diren diru-laguntza jaso ahal izateko Arrantza Sektorea Sustatzeko Ekintza Taldea moduko sare bateko kidea izatea izango da baldintza» zehaztu du. Arrantza sektorea Azken hamarkadetan Orion arrantza sektoreak beherakada narbarmena izan du, eta udalaren konpromisoetako bat ahal duen neurrian hori mantentzen eta indartzen laguntzea da. «Dagoenari eusteko eta indartzeko gure esku dagoen guztia egiteko asmoa dugu, zer garen eta nondik datozen argi baitugu. Dena dela, jakin badakigu udalok arrantza sektorea mantentzeko dugun indarra mugatua dela. Baina ahal dugun neurrian sektorea indartzeko eta dibertsifikatzeko diru-laguntzak emango ditugu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide