[/caption]
Ezezaguna dena ezagutu aurretik, beldurtu eta itxi egiten da jende asko. Hasiera batean sentipen hori izan zuten zenbait oriotarrek Mandalara Taldearen berri izan zutenean. Denborarekin, ordea, taldeak egiten duen lanaren muina argi azaldu da, aurreiritziak gainditu eta zazpi urteko ibilbidean zehar, jende asko gerturatu baita eurengana. «Norberak bere burua lantzea eta hobeto ezagutzea du helburu taldeak. Horretarako, barne oreka lortzeko tresnak eta hainbat motatako baliabideak erakusten dizkiegu herritarrei, norberak bere egunerokoan, etxean lasai-lasai, erabili ditzan behar duen barneko bakea lortzeko», azaldu du Karmele Garmendia Mandalara Taldeko lehendakariak.
Askotan tresna horiek arrotzak izaten dira herritarrentzat, «hemen inguruan zailak direlako eskuratzen nagusiki. Horregatik abiatu genuen taldea, ezezagunak ziren metodo horiek jendearekin konpartitu eta oriotarrek euren egunerokoan ongizatea lortzeko erabili zitzatzen», gehitu du.
Mandalara Taldeko kideek jakin badakite, hasiera batean «arrarotzat» hartu zituztela askok, baina denborarekin hasieran aurriritziak zituen jendea ere hurbildu zaie; gainera, ahoz aho Orion eta eskualdean zabalduz joan da egiten duten lanaren berri. Asteazken iluntzean inauguratu zuten areto berria, esaterako, urtetan egindako lanaren fruitua da. Orain arte Kosta Tailerrean ematen zituzten tailer eta ikastaroak, baina gero eta ikasle gehiago zituztenez, bilgune propio baten beharra sentitu zuten. Hemendik aurrera, Antxiola kaleko 15. zenbakian izango dira, herritar orori euren lanaren berri eman eta kezkak argitzeko prest.
Mandala tailerrak abiapuntua
Karmele Garmendiak duela zazpi urte eman zuen lehen aldiz mandala tailerra Orioko Kultur Etxean. «18 urterekin hasi nintzen ni barne oreka lantzeko metodo desberdinak ikasten. Horietatik denetatik mandalak margotzeak lasaitu eta hausnartuarazten zidala konturatu nintzen, eta mandalen inguruan gehiago ikasten joan naiz. Duela zazpi urte mandala irakasleak Orion tailertxo bat ematera animatu ninduen, eta urtez urte gero eta jende gehiago animatu da parte hartzera».
Mandalak zirkulu baten barruan egiten diren marrazkiak dira. «Mandalak margotzerakoan erabiltzen diren koloreek edo mandalak marrazterakoan egiten diren marrazki edo formek esanahi jakin bat dute, eta horiek norberaren barne egoera adierazten dute», azaldu du teknika horretan aditu oriotarrak. Mandalak margotzeak eta marrazteak « erlaxazioa eta kontzentrazioa lantzerako orduan» asko laguntzen duela ere gehitu du.
Aurreneko aldiz etortzen diren askok esaten dute beraiek ez dakitela marrazten; mandaletan, ordea, «garrantzitsua ez da marrazki polita ala itsusia egitea, hori margotzen ari garen bitartean gure barruan zer lan egiten dugun baizik. Inportanteena, barneko sentimendu eta egoera hori kanpora ateratzea da, eta inoiz ez dugu gaizki sentitu behar horregatik. Alderantziz, oso-oso ona da norberarentzat», zehaztu du Garmendiak.
Tresna gehiago landuz
Mandalez gain, norberaren burua gehiago ezagutzeko eta barne oreka aurkitzeko beste ikastaroak ere ematen ditu Mandalara Taldeak; Bach-en loreak, yoga, astrologia edota meditazio gidatua dira horietako batzuk. «Mandalara Taldea sortu zen Karmele mandalako eskolak ematen hasi zenean. Karmele konturatu zen mandalak margotzera joaten zen jende askok barruan zituen sentimenduak askatzeko behar handia zuela. Horregatik, aste batean mandala tailerra eta hurrengoan meditazioa ematen hasi ginen», adierazi du Amaia Gozategi meditazio irakasleak.
Oinarrizko meditazio saioak egiten dituzte Mandalara Taldean. Arnasketa lantzen dute eta hori egiten ari diren bitartean irudikatzeak egiten dituzte. «Saioa amaitutakoan esperientziak konpartitzen ditugu». Tailerretara etortzen den jendeak «beste hainbat metodo ikasteko jakin mina zuela konturatu ginen»; hortik abiatuta, era desberdinetako ikastaroak antolatzen joan dira eta «norberak ondoen etortzen zaion metodoa aurkitzeko aukera izan du», zehaztu du Gozategik.
Barne blokeoa askatuz
Mandalara Taldeko kideek azaldu dutenez, askotan herritarrek eurengana jotzen dute, ohiko metodoekin euren arazoa konpotzea lortu ez dutenean. «Denetarik izaten dugu, baina askotan bizitzan kolpe larria hartu eta buelta eman ezin dion jendea etortzen da gugana, burua blokeo egoeran duena, alegia. Horregatik, beti nabarmentzen dugu, ondo sentitzen garenean ere gure barnekaldea landu behar dela, alderdi fisikoa lantzea bezain garrantzitsua dela», adierazi du Garmendiak.
Egun osoan zehar jendez inguratuta egon arren, bakarrik egotearen sentimendua, esaterako, jende askok du egun. «Bakarrik sentitzeaz gain, autoestimua ere oso baxu izaten dugu askotan. Gainera, gizarteak berak estres handia jartzen digu eta horri norberak egunerokoan dituen arazo, tentsio eta buruhausteak gehitu behar zaizkio. Askotan presio-eltze bat bezala egotera iristen gara, lehertzeko zorian». Garmendiaren iritziz, hori gertatu aurretik garrantzitsua da barrruan dagoena «askatzea». Pixkanaka gordetzen joan diren korapiloak azaleratzea adin guztietan egin beharreko lana dela uste du, gainera. «Adin desberdinetako jendea biltzen gara, eta oso interesgarria da, asko ikasten delako besteengandik. Barruan duguna kanporatzen dugun unea kaotikoa da, baina ondoren gure baitan oreka bat sortzen da», azaldu du.
-------------------------
Mandalara Taldea
Ate irekietako ikastaroak
Urriaren 26a, gaur.
- 17:00etatik 19:00etara Brain Gim ikastaroa.
- 19:00etatik 21:00etara Familia Konstelazioen ikastaroa.
Urriaren 27a, bihar.
- 10:30etik 12:00etara Yoga ikastaroa.
- 12:0etatik 14:00etara Chikung CFQ ikastaroa.
-17:00etatik 19:00etara Intuizio eta Energia tailerra izango da.
- 19:00etatik 21:00etara La educacion prohibida filma emango dute.
Urriaren 28a, igandea.
- 10:30etik 12:00etara Kontzientziaren mandalak ikastaroa.
- 12:00etatik 13:30era Antzinako zibilizazioak eta mandalak ikastaroa izango da.
- 17:00etatik 19:00etara Bizkarra lantzeko eskola, postura tailerra.
- 19:00etatik 21:00etara soinuaren bidez norberaren barnekaldearekin konektatzeko ikastaroa izango da.
INFORMAZIO GEHIAGO. Mandalarataldea.blogspot.com.es webgunean
eskuratu daiteke.
----------------------------------------
Garmendia: «‘Mandalen’ bitartez norberaren barne egoera azaltzen da»
Mandala hitzak Indiako sanskrito hizkuntzan du jatorria, eta zirkulu sakratua esan nahi du. Mandalak antzinatik munduko kultura guztietan izan dira. «Historiako garai batean mandalak agertzen hasi ziren munduko puntu desberdinetan eta gaur eguneraino iritsi dira. Arreta ipintzen badugu, konturatuko gara gure egunerokoan nonahi ikus daitzakegula mandalak: elizako beirateetan, eguzkia, ilargia, lauburua... zirkulu sakratuaren barruan dagoen dena mandala bat da», azaldu du Karmele Garmendia mandaletan adituak.
Mandalak margotzen edo marrazten direnean, norbere barruko egoera eta sentimenduak adierazten dira, Mandalara Taldeko kideen iritziz. «Hitzez adierazi ezin ditugun barruko sentimenduak adierazten ditugu. Bestetik, mandala bati begira meditatu dezakegu, edo mandala jakin bat hartu eta hori margotu dezakegu».