Arrantzaleen egunerokoaz

Aritz Mutiozabal 2012ko urriaren 23a

Hegaluzearen arrantza erakustea helburu duen Santana hegaluzetan erreportaje sorta landu du Ibon Gaztañazpi kazetari oriotarrak, eta aste honetan, atzo hasi eta ostirala bitartean, ETBko lehen katean emango dute. «Arrazoia nagusia arrantzua da, baina ez hori bakarrik. Marea oso bat arrantzaleekin egoten saiatu ga­ra, haien bizimodua nolakoa den ikusten. Haien egunerokoa bizitzen, nolabait esateko». Horretarako, kazetariak zortzi egun egin zituen itsasoan Ge­tariako Santana itsasontzian, David Maeztu kameralaria lagun zuela. Iraila bukaeran aritu ziren filmatzen. «Ordurako hegaluze kopurua jaitsita egoten da, eta hori guretzako ona izan da. Lasaiago zeudenez, arrantzaleekin beraiekin egoteko aprobetxatu genuen; hau da, nola bazkatzen zuten, lo egiten zuten eta aisialdia nola pasatzen zuten ezagutzen». Erreportajea Gaztañazpi berak sortutako Amarra ekoizpen etxearen eta Bideografik ekoizpenak etxearen artean landu dute. Honakoa ez da Getariako Santana itsasontziak oriotarrarekin kolaboratzen duen estreinako aldia. «Kresala telesaioan aritu nintzenean antxoatara joan ginen haiekin, eta elkarrekin lan polita egiteaz gain, harreman oso ona izan genuen. Juan Joxe Azkue patroiak nahi genuenean itzultzeko esan zigun, gainera».Arraun denboraldia bukatu ostean, ETBri ideia proposatu eta Santanakoengan jo zuen: «Baporearen aldetik ere erraztasunak baino ez dizkigute eman». Lehorretik urrun «Kristoren bizi esperientzia izan da». Barru-barrutik ukitu du abentura honek: «Betidanik entzun izan dugu hegaluzetara joaten zirela arrantzaleak, baina haiekin astebetez itsasoan pasatzea beste kontu bat da. Jende gutxi egongo da horrenbeste denbora lehorrik ukitu gabe egoten dena. Itsasoa betidanik izan dut gustuko, eta, alde horretatik, benetan aberasgarria izan da». Lehorretik ikusten ez den «beste bizimodu bat» planteiatuko dute Santana hegaluzetan erreportaje sortaren bitartez. «Astean zehar, egunez eguneko 25 minutuko ikus-entzutekoa eskainiko dugu. Eguna nola joan den erakutsiko dugu, bai arrantza aldetik bai baporeko giro aldetik. Horrekin batera, nire barruko bi­zipenak eta gogoetak ere azalduko ditut. Era berean, kameralaria ere istorioan txertatatu dugu; izan ere, zorabatuta ibili zen eta nahiko gaizki pasa zuen». Iluntzeko albistegiaren ondoren ematen ari dira, 09:00ak aldean. Igandean, bost atalekin osatutako ordubeteko saio trinkoa eskainiko dute. Denbora luzez itsasoz ingurutatu egotea bereizi egin zaio Gaztañazpiri. Horrez gain, «deigarria egin zait, gu kostaldekoak izanda, ezagutzen ez genuen bizimodu batekin aurkitu naizelako. Gure gertuko jendeak nola egiten duen lan erakutsi beharrekoa dela iruditzen zitzaidan. Azken finean, ezezaguna da gure artean».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide