Bihar Emakume Arraunlarien VI. Topaketa egingo dute Orion. Bertan bilduko dira Orio, Zumaia eta San Juango emakume arraunlariak; denera 40 lagun inguru elkartzea espero dute antolatzaileek. Biharko egunez topaketan zehar egingo dituzten ekimenen bidez kiroltasuna eta arraun talde askotako arraunlarien arteko harremana bultzatzea da helburua.
Topaketek eman dute fruitua
2007an Tolosan ospatu zen lehen aldiz Emakume Arraunlarien Topaketa. «Tolosan arraunean hasi zirenean emakumezkoen taldeak zuten indarra, eta Tolosako Arraun Elkarteak beharrezkoa ikusi zuen emakumezkoen arrauna bultzatzea», azaldu du Itziar Olasagastik, Orioko topaketaren antolatzaileak.
Lehen topaketa horrek oso harrera ona izan zuen arraunlarien artean, eta herriz herri txandaka antolatu dute azken urteetan. 2008an Ondarroan, 2009an
Zumaian, 2010en Errenterian
eta iaz Pasaian izan ziren topaketak.
Olasagastiren iritziz, topaketa horietan batel eta trainerila estropadetatik elkar ezagutzen ziren arraunlarien artean «harreman estuagoa» sortu zen, eta «emakumezkoen lehen traineruak sortzeko lehen urratsak eman ziren». Izan ere, 2008an Zaragozako Expoan jokatu zuten lehen aldiz traineru estropada Gipuzkoako eta Bizkaiako selekzioek elkarren aurka. «Hortik abiatuta pixkanaka gaur egun ezagutzen dugun emakumezkoen traineruen ligak osatu ziren» zehaztu du Itziar Olasagastik.
Emakume Arraunlarien Topaketa lehenengo antolatu zenetik asko aldatu da emakumezkoen arrauna. «2007an ez zegoen emakumezkoen trainerurik eta traineru estropadak jokatzea eta liga bat antolatzea aurrerapausu garrantzitsua izan da guretzat».
Egitaraua
10:00etan. Arraunlariak plazan bilduko dira.
10:30ean. Plazan uretako eta lehorreko jokoak egingo dituzte.
Eguerdian. Txikiteoa, eta bazkaria Balea Elkartean.
Arratsaldean. Triki-poteoa.