Giraniceren doinuak Jazzaldian, zuzenean

Urola Kostako Hitza 2012ko uztailaren 20a

Atzo iluntzean lehertu zen jazzaren jai handia Donostian, eta igandera arte erritmo biziz eta musikaz blai izango da Gipuzkoako hiriburua. Giranice oriotarrek osatutakoa izango da jazz jaialdiaren baitan larunbat eguerdia girotuko duen taldeetako bat. Kursaal ondoko Eskenatoki Berdean joko dute oriotarrek, jaialdiko agertoki indie-an, estilo mugarik gabekoan, hain zuzen ere. «Oso gustura gaude, gure musika ezagutarazteko aukera ezinhobea delako. Sona handiko jaialdia da Donostiako Jazzaldia, eta kalitatea presente izaten da kontzertu guztietan. Guretzat plazerra eta ohorea da bertan jo ahal izatea», azaldu du Giranice musika taldeko kide Joseba Britek. Jazzaldia «aukera aproposa» Jazzaldia jazzaren inguruan zentratuta badago ere, jazza ez diren musika estiloek beti izaten dute tokia musikaren festan. «Ohikoa ez den musika, baina jaialdiari zerbait gehitu diezaiokenarentzat tokia izaten da. Larunbatean bertan jazzarekin zerikusirik ez duten beste bi taldek ere joko dute. Niri iruditzen zait oso proposamen interesgarria dela ekipo guztia muntatuta dagoenean eguerdiko ordu horiek girotzeko». Gipuzkoako Kutxak antolatutako ekimen bati esker sortu zitzaion musika talde oriotarrari Donostiako Jazzaldian parte hartzeko aukera. «Kutxa Kultur Festibalean musika talde gipuzkoarrei ekimenean parte hartzeko deia egin zitzaien. Aurkeztu ginen taldeetatik hamar aukeratu zituzten eta musika jaialdi desberdinetan parte hartzeko aukera eman ziguten». Giranice musika taldeari Donostiako jazz jaialdian parte hartzeko aukera eman zioten eta «atsegin handiz» onartu zuten oriotarrek. Une gozoa taldearentzat Duela bi urte eta erdi Giranice proiektua abiatu zutenetik, taldea musika ibilbidearen mementurik onenean aurkitzen dela uste dute kideek. «Andoni Lertxundi eta ni kanta-autore formatuarekin hasi ginenetik urte asko pasa dira, Saudade proiektua etorri zen gero eta bi urtetik gora daramagu Giranicerekin. Nik neuk uste dut diskoa atera genuenean aldaketa garrantzitsua gertatu zela. Garai horretan Bilbao Hiria 23. Pop-Rock Txapelketako finalera ere sailkatu ginen eta bi gertakari horiek sinergia oso interesgarria sortu zuten. Inolaz ere espero ez genuen sona izan genuen, estatu mailan eta nazioarte mailan» azaldu du Britek. Bi urteko atsedenaldia Azken urtean lortutako sonak eta uda amaieratik aurrera taldeak hartuko duen bi urteko atsedenak, disko berria argitaratzeko indarrak eman dizkio taldeari. «Taldea orain dago onenean, musika arloan memento gozoa bizi dugu, baina zenbait taldekideok orain egiten ez badira, inoiz egin ezingo ditugun proiektu pertsonalak aurrera eraman nahi ditugu» adierazi du Britek. Gainera, bi urteko atsedenaldia hartzea erabaki ez balute, bigarren diskoa orain ez luketela grabatuko uste du; «azken urteko denboaldi bikaina lan ona batekin amaitu nahi baikenuen». Disko berria labean Disko berrira aurrekoa baino «borobilagoa» izango dela uste dute Giraniceko musikariek. «Musika-tresnei dagokionean aldaketarik egongo ez bada ere, soinu ezaugarri desberdinak izango ditu disko berriak. Aurreko diskotik gehiegi konbentzitu ez zigutenak zuzentzen eta ondo egindakoak potentziatzen saiatu gara. Uste dut diskoa bere osotasunean aurrekoa baino askoz positiboagoa dela». Tolosako Bomberenean grabatu du Giranicek disko berria Karlos Osinaga Txap tekniko eta produktorearekin. «Uste baino denbora gehiago pasa dugu estudioan. Denbora asko pasatu dugu, nahi genuen soinua harrapatzen eta xehetasunetan. Dena dela, guk uste dugu disko baten grabazioak horrela izan behar duela. Lehenengo diskoan arlo horretan huts egin genuela uste dugu, grabatzeko presa handia baigenuen eta soinuak ez genituen behar bezain ongi hartu. Horregatik, ondorengo produkzioan denbora asko pasa genuen» azaldu du Britek. Disko berria bi aste barru amaituta egotea espero dute Giraniceko taldekideek. Abuztua erdirako asterako prest egon, interneteko www.giranice.bandcamp.com helbidean zintzilikatu eta nahi duenak bertatik doan deskartzagatzeko aukera izango du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide